Korrikako sortzaileak omendu dituzte, aldarriz eta eskaeraz betetako ekitaldian

  • Korrikaren 45. urteurrena ospatzeko elkartu dira lehen adiz atera zen lekuan, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean. Ekitaldia baliatu dute garai hartako Korrika sortzailea eta antolakuntzan izan zirenak omentzeko. Era beran, aukera izan dute Korrikaren inguruko  gogoetak eta eskaerak egiteko.

Lehen Korrika antolatu zutenak omendu dituzte. A. Arroita, AEK-Korrika

2025eko abenduaren 1ean - 13:32
Azken eguneraketa: 2025-12-02 10:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1980ko azaroaren 29an 22:00etan abiatu zen lehengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik. 45 urte geroago lekukoa hamaika eskutatik pasa eta mundu osoko 45 hiritan antolatzera iritsi da. Larunbatean urteurreneko ekitaldia baliatu dute adierazteko AEK-k jarraitzen duela estrategikotzat ikusten euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea indartzea. Bertan izan da AEK-ko eta gainerako euskalgintzako ordezkaritza zabala, lehen sortzaileak, senide eta lagunak, baita ordezkari politikoak ere.

Larunbateko eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da Ez gero, orain baizik ekitaldia, kanpai-hotsekin batera Xabier Amuriza agertu da “Bat Korrika, bi Korrika, milaka korrikari, Euskal Herri guztietan denok bai euskarari...” lehendabiziko Korrikaren koplak abesten. Jarraian, Korrikaren arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Omendu nahi izan ditu lehen Korrika hura posible egin zuten sortzaileak (Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea), orduko AEK kideak (Julen Kaltzada, Bittor Allende), zein lehengo Korrika hartan protagonista izan ziren lekukoaren eta lehen kantaren egileak, eta 0 kilometro hura korritu zutenak. Elorduik azpimarratu nahi izan du 24. edizioaren atarian “zoritxarrez” AEK-k Korrika antolatzeko hasierako behar berberak dituela; “euskararen aldeko kontzientzia sustatzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Ez gara folklorea. AEK gara. Korrika gara. Euskara gara”.

Hunkituta ekarri ditu gogora Urtsa Erraztik Korrika sortu zuten “gazte zoro” haiek. Azaldu du Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, “baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik". Azpimarratu du, helburua beti izan dela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek “alde festiboa” besterik ez ezagutzea.

 AEK
Euskararen etorkizuna eta eskariak 

AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu dituzte. Euskaltzaleak elkartzeko unea dela adierazi du Otañok, “ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Erakundeei zuzenduta eskatu die zeregin horretan euskarari eman beharra dagoela dagokion "berdintasunezko lekua": Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”. Era horretan, dei egin dute Pizkunde berri bat sortzeko abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenan biltzera.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen inguruko eskariak ere mahai gainean jarri dituzte. Euskalduntze prozesuan hiru eskari zehaztu dituzte: Lehengoa, eratzea Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuko duen egitura “egonkor eta iraunkor” bakarra, bertatik koordinatu eta finantzatzeko helduen euskalduntze eta alfabetatzea. Bigarrenik, konpromisoa eskatu dute guztiz doakoa izan dadin euskaraz ikastea. Eta hirugarrenik, eskatu dute euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Bizitzako alor guztietan euskara nagusi izateko hizkuntza-politikak koordinatu behar direla uste dute ondorengo lau eremuetan: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.


Eguneraketa berriak daude