Koronabirusa, zer bestela? Klima aldaketa ere bai?

  • Mundua bukatzear dagoen sentimendu kolektiboa are eta sendoago bizitzea dagokigu COVID-19a bortizki kolpatzen ari den honetan. Ekologiaren arazoak eguneroko mehatxu eta alerta bilakatu dira munduarentzat duela hamarkada pare batetik honantz, baina COVID-19arekin konparatuz beste erritmo edota mehatxu-maila bat dutela dirudi. Nolabait azaltzeko, distantzian urrun zegoen mehatxua edota denboran oraindik ondorioak antzemateko goizegi zirudiena, edota kolektiboki erantzuteko gai ez garena behintzat (klima aldaketa, hondakinak, ozeanoetako plastikoak, espezien desagerpena...) geure-geureak sentitzen ditugun gorputzetan sartu zaigu koronabirusarekin, eta derrepentean gainera.  


2020ko apirilaren 01an - 11:00

Lurreko komunitate asko eta asko ezohiko bizimoduak egitera bultzatu ditu koronabirusak. Birus horrekin kutsatutako lehen kasuak 2019ko abenduan igarri ziren Wuhan-en (Txina) eta 2020ko urtarrilaren bukaeran Munduko Osasun Erakundeak (MOE) “osasunaren larrialdi egoera” deklaratu zuen, batez ere, herrialde pobreek izan zitzaketen gabeziak medio arazoari aurre egiteko (azpiegitura, ospitale, sendagai,... falta). Hurrengo asteetan gaitzak izan zuen hedapen global azkarragatik, martxoaren 11n MOEk egoera pandemiatzat jo zuen eta mendebaldeko herrialdeak ere beren osasun-neurriak eta neurri legalak hartzen hasi ziren. Espainiaren kasuan, martxoaren 14an deklaratu zuen “alerta-egoera” gobernu zentralak, errege-dekretu bidez, eta badakigu hori zein ondorio izaten ari den gure bizitzetan. Ez dut iritzirik eman nahi neurri horiek egokienak ote diren edo ez epaituz bizi dugun gaitzari aurre egiteko; bai ordea, saiatu nahi dut aurrean dugun  mehatxuak kolektiboki zer suposatzen digun hausnarketa egiten eta krisi ekologikoren diskurtsoarekin nola uztar genezakeen erreparatzen.

"Inork gutxik zalantzan jarriko du COVID-19ak ezaugarriren bat badu hori bere hedapenerako gaitasun azkarra dela, 'modu globalean' eragitekoa alegia,  eta hedatu ahala zenbait gorputzetan  efektu negatiboak sortzekoa, pertsona hiltzeraino, kasu batzuetan"

Inork gutxik zalantzan jarriko du COVID-19ak ezaugarriren bat badu hori bere hedapenerako gaitasun azkarra dela, “modu globalean” eragitekoa alegia,  eta hedatu ahala zenbait gorputzetan (pertsonon gorputz biologikotan bai behintzat eta argi frogatu da) efektu negatiboak sortzekoa, pertsona hiltzeraino, kasu batzuetan. Zehazki nola “sortua” izan den jakin ez arren, bere itxura zein den jakin ez arren, zer egitera irits daitekeen ezagutu ez arren, mundu osoa dantzan jarri du. Infektatutako kasuak erregistratu dira estatu bakoitzeko datu baseetan, eta pentsatzen dut gauza bera egingo zutela eboluzio bat edo beste izan duten gaixoekin, kasuan-kasuko sintomatologia eta azaltzen diren efektuen inguruko diagnostiko eta deskribapenak jasoko zituztela. Hala ere, esango nuke, drama honetatik guztitik gehien kezkatzen gaituena ez dela beste 100 edo 1000 hildako izango diren, baizik eta “mehatxu-egoera” honek sortzen duen ziurgabetasuna, egoera noiz egonkortu ote litekeen ez jakitea eta egonkortu osteko baldintza berriak zeintzuk izango ote diren pertsona eta negozio-sektore hainbatentzat ezbaian egotea(birusaren ondorio latzenak ondo ondotik bizi dituzten pertsonen kezka eta sufrimenduaren laztasuna ahaztu gabe). 

Esandako horretan uste dut baduela COVID-19ak antzekotasunik krisi ekologikoaren arazoarekin; izan ere, krisi ekologikoak aurrean jartzen diguna ez da jada jakina den zerbaiten arazoa (arazo mekaniko bat esaterako, nahiz eta askok horrela ulertzen duten krisi ekologikoa)  neurri zehatz batzuk hartuta konpon dezakeguna. Alderantziz, “mehatxu globalen” mundu bat bistaratu zaigula da kontua, orain arte kontrol sozialerako genituen medioekin (Estatua, Zientzia, Ekonomia, eta Teknologiaren eskema bateratua) neurririk har ezin geniezaiokeena. Gizateriaren salbazioa ez dela emandako zerbait ohartu beharrean gaude; ostera, momentu oro jorratu beharreko zerbait (hau mendebaldar modernizatuoi ulertzea asko kostatzen zaigun zerbait dela esango nuke). Klimaren arrarotzea esaterako ezin daiteke uler Lurreko aire masak  duen tenperatura aldaketan soilik; Lurreko izaki bizidun asko eta asko mantentzen dituen ezinbesteko material horren arrarotzearekin, eta horrek izan ditzakeen ondorio latzekin ere bai (gertuagokoak eta urrunagokaok, lehenago edo geroago). Gainera, kasu honetan klima eta COVID-19aren arteko antzekotasuna beste bat ere bada: biak ala biak ikusteko zailak izanik hil hala biziko akzioa dute Lurreko gorputzetan. kontua da beraien “gorputza” ezezaguna  den arren (definitu eta mugatzeko zaila, momentu oro aldatzen dena, kontrolatzeko zaila, motzean esanda) lurreko kolektibo askotan dutela eragina. 

Hala klimarekin nola COVID-19rekin esango nuke, lehenik eta behin, efektuak sumatzen goazela; beraiek eragiten duten gorputzetan aldaketak eta transformazioak nabaritzen ditugula. Baldintza klimatikoen kasuan, arnasketarako beharrezkoa dugun airearen arrarotzea, tenperatura baldintzak aldatzea, izaki bizidun anitzen iraupena kaltetzea…Esan nahi dudana da, “ezagunak” ditugun Lurreko gorputzak mantentzen dituen atmosfera horrek, akzioa duela berengan, ez dela “eszenatoki hutsa”; alderantziz, momentu oro akzioan dagoela, baldintza batzuk sortzen eta birsortzen. COVID-19ren kasuan, bestetik, efektuak gero eta ezagunagoak dira eta praktika bidez munduko kolektiboak ikasten ari dira bere aurrean nola babestu. Akzioaren aktorea ezaguna egiten ari den seinale, baina oraindik bere efektuak noraino irits litezkeen kontrolatu gabe. Kasu bietatik hausnartu beharrekoa ondorengo dela deritzot: lehenik eta behin ondorioak antzematen hasten garela ezagunak zaizkigun gorputzetan (izan litezke berehalakoak koronabirusaren kasuan bezala edota denboran eta espazioan hedapen zabalagoak hartzen dituztenak, klimaren kasua, esaterako) eta geroago, ondorio horien kausak agerira ateratzen ditugula lanketa bidez, aktorea identifikatzen dugula, alegia.

"Uste dut baduela COVID-19ak antzekotasunik krisi ekologikoaren arazoarekin; izan ere, krisi ekologikoak aurrean jartzen diguna ez da jada jakina den zerbaiten arazoa"

Aipatutako hori benetan bereizgarria dela iruditzen zait bizi dugun “zoramen ekologikoari” argiren batzuk jartzen joateko. Izan ere oso ohituta gaude “sinestera” kausek ondorioak sortzen dituztela, eta hortaz, denborak iraganetik orainera egiten duela, kausek beren ondoriak emanez. Krisi ekologikoan murgilduta jarraitzen dugun honetan sumatzen ari gara lehenik eta behin akzioen ondorioak jasaten ditugula eta ondorenean egiten dugula akzio horien aktoreak ezagutzeko lana, zer diren eta zer egin dezaketen jakitekoa. Denok Natura bat partekatzen dugun ideia eta Natura horretako legeak (kausak) kontrolatzen ditugula pentsatzea ezinezkoa dela frogatzen ari da krisi ekologikoa. Gorputzen arteko erlazio materiala ezinezkoa da jada iraganetik orainera egindako eskemekin ulertzea. Aldiz, gorputz materiala aurrean dugula, denboran etorkizunetik orainera egiten duela ulertu beharrean gaudela iruditzen zait; modu horretan edozein kolektibok nabari duen “materialen transformazio” edo aldaketa “kolektibizatzeko” edota gizarteratzeko modu bakarra dela ikusiko genuke. Izan ere, akzioa eragiten duten gorputzen forma kolektiboki “formatuko” genuke. Nola bestela? Posible ote da ba Lurrak zein forma duen ezagutzen joatea kasuan-kasuan sortzen doazen arazo, ardura eta interesak kolektiboki landu eta konposatzen ez badira?

Oraindik zaila da diagnostiko “kontrolatu” bat ematea COVID-19arekin. Bere mehatxua sekulakoa izanagatik, birusaren “ingurumenera” begiratzea komeni zaigula iruditzen zait; ez bere ondorio biologikoak aztertzeak berebiziko garrantzirik ez duelako, baizik eta “urgentzia”  eta “emergentzia” egoerak gero eta ohikoago bihurtu diren garai hauetan zein lur defendatzeko prest gauden hausnartu beharko genukeelako. Lurra diodanean egiten gaituzten materialen akzioez ari naiz, lur geografikoaz baino gehiago.  Esan beharrik ez dago  konfinamenduan egonagatik “akzio” batzuk besteak baino beharrezkoagotzat hartzen ditugula: janari osasungarriak izatea, sendagaiak izatea, segurtasuna izatea kolektiboak babesteko, desberdinarekiko malgutasuna eta solidaritatea …. . Hori horrela izanik, koronabirusarekin bizi dugun ezohiko egoera honek emango ote digu beta eta nahikoa arnasa sakon gero eta ohikoagoak diren egoera ezohiko hauetan nola posizionatu jakiteko? Aurretik dugun gorputza (erronka eta mehatxuekin) gizarteratze egoki eta pausatu batekin konposatzen ez badugu, ezohiko egoeretan gero eta sarriago aurkituko dugu geure burua, noraezean. Horra hor krisi ekologikoaren zoramena, aurre-aurrean.

Iker Azagirre
Ingurumen zientzialaria.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude