Kontzientzia eta agentzia behar dituen gizarte organismo berria


2020ko ekainaren 12an - 10:56

Zenbateraino gaude prest pertsonak eta ingurunea kaltetzen dituzten ekonomia eta politika birsortzeko? Posible al da herritarrek gobernantzarako eta gizarte organismoa eraikitzeko duten eskubidea bereganatzea?

COVID-19aren pandemiak, pertsonak ekoizpen eta kontsumo makinatik egoztean, agerian utzi ditu ekonomiaren eta politikaren kontraesanak. Ekonomia “guztion etxearen administrazioa” da, eta politika, “administratzeko artea”. Baina biak, pertsonen premien asetzean ardaztu ordez, pertsonen premien sorreran tematu dira. Ondorioz, gizateria objektualizatu egin da, ondasun eta zerbitzuak etengabe ekoiztu eta kontsumi ditzan, demokrazia barne. Lerrootan, hiritargoaren ahalduntzeaz hausnartzen da. Lehenik, autogestioaren ukazioa eta Ongizate Estatuaren konfigurazioa aztertzen dira, egungo krisira arte. Ondoren, begirada bat botatzen zaio gaurko egoerari. Eta, amaitzeko, hiritarrok geure bizi-sistemen sortzaile izateko aukera batzuk iradokitzen dira ko(i)nspiratzeko asmoz.

Gizarte organismo modernoaren eraketa

Historian zehar, bortxaz edo sotilki ukatu egin zaizkio herritargoari errealitatearen ezagutza gardena eta errealitate horri eragiteko eskumena. Sasoiak sasoi, herri xehea, langile klasea edo gizarte zibila “kanoi eta tximinia bazka” edo “diru polinizatzaile” baino ez dira izan. Kontzientzia eta agentzia lapurtu dizkiote.

Herritar ororen askatasuna bermatzeko, Ilustrazioan ‘Estatuaren’ ideia sortu zen zenbait formularen bidez: Lockeren “gizarte politiko edo zibila”, Rousseauren Errepublika edo “ni komun eta publikoa” eta Hobbesen berezko gizakia baino altuera eta indar handiagoko Leviathana, pertsonen babes eta defentsarako sortua. Dena den, Estatuaren nozioa nazio hegemonikoei aplikatuta, herrialdeak nahitaez Leviathan bihurtu ziren, ez haatik indar batuketaren zentzu hobbestarrean, baizik eta burokrazia zentralistek kontrolatutako izaki erraldoi moduan. Eta, Errepublikaren muina, Jeffersonen hitzetan, “Zoriontasun Publikoa edo herritarrek afera komunen gobernuan parte hartzeko zuten eskubidea” bazen ere, berehala hutsaldu zen zoriontasun hori.

"Estatuaren nozioa nazio hegemonikoei aplikatuta, herrialdeak nahitaez Leviathan bihurtu ziren, ez haatik indar batuketaren zentzu hobbestarrean, baizik eta burokrazia zentralistek kontrolatutako izaki erraldoi moduan"

Zentralismoek galarazi egingo zituzten autogestio ohitura eta saiakera guztiak. Hala gertatu zen euskal lurraldeetako auzo batzarrekin. Horrela gertatu zen ere XIX. eta XX. mendeetako ‘Kontseilu’ edo Iraultzen osteko autogobernu-organoekin: 1871ko Komunan; 1905 eta 1917ko Sobietetan; 1918ko alemaniar Räteetan; 1956ko hungariar Munkástanácsoketan; edo 1968ko udaberriko Okupazioen Mugimenduan. Absolutismo politiko-militarrek, alderdi bakarrekoek edo sindikalek lehengoratuko zuten iraulitakoa. Eta, ironikoki, iraultzaren ordez, ‘erreboluzioa’ gauzatzen zen, hau da, itzuli oso bat aurreko ordenera arte.

Paraleloki, Steinek despotismoaren eta langileen iraultzaren arteko errezeta asmatuko zuen: Estatu Soziala. ‘Ongizate Estatuaren’ sinonimo, Estatu Soziala ekonomia mistoa oinarri duen gobernu eredua da, herritarren ongitasun ekonomikoa eta soziala babestu eta sustatzeko asmoa duena. Formula horri esker, Inperio, Erregetza eta Korporazioen gutizia edo metaketaren (i)logika guztiz bateragarria zen herritarren atseginarekin. Nola? Herritargoa jokora gonbidatuz eta, hori bai, jokoan kooptatuz. Zein joko? Bada, aberastasuna zirkulazioan ipintzean, berrinbertitzean eta errentagarritasuna lortzean datzan jokoa.

Halere, Gargantua aseezinak balira bezala, Nazio-Estatuek gizakiak milioika irensten segitu zuten XX. mendearen erdira arte. Une hartan, hondakin eta hobien gainean, Estatu Batuek Europako ekonomia berreraikitzeko eta suspertzeko Marshall Plana abiarazi zuten. Kanporantz, Bretton Woods moneta sistema sortuz, herrialde aliatuen arteko merkataritza liberalizatzeko helburuarekin. Barrurantz, fordismoa ezarriz, hots, kostu baxuko ondasun estandarizatuen kate ekoizpena zein soldaten egokitzapenaren bidez, langileek fabrikatzen zituzten produktuak eskura zitzaten. Gainetik, den-dena ‘espektakuluaren’ zelofanarekin bilduz. Eta sakonetik, egun indarrean dagoen ‘ekoizpen-kontsumo-ekoizpen’ ziklo berberari eraginez.

Gizarte organismoaren gaixotasuna

Horiek horrela, azken hamarkadetan, eragile publiko, pribatu eta sozialen arteko harremana eta interakzioa ondasun eta zerbitzuen ekoizpenaren, salerosketaren eta kontsumoaren inguruan egituratu dira, Barne Produktu Gordinaren indizeari eta rankingeko postuaren markagailuari begirik kendu gabe. Hortaz, administrazioek, alderdi eta hedabide hegemonikoek lehentasun osoa eman diete finantza instituzio, patronal, korporazio eta enpresa pribatuei, eta eragile sozialak alboratu egin dituzte.

Bitartean, herritarrak, haien irizpidea eta erabakia delegatuta, funtsezko eskubide diren lanaren, etxebizitzaren, mugikortasunaren eta areago, osasunaren, hezkuntzaren eta kulturaren beraren merkantilizazioan dautzan bizi estiloen ‘prosumitzaile’, produktore eta kontsumitzaile, bilakatu dira. Izan ere, produktibismoaren erregarria pertsonen eta familien diru sarreren maila handitzea bada, produktibismoaren erregaia gastua da. Holaxe, Leviathanen bihotz mekanizatua ez da inoiz eteten. Koronabirusa gure bizitzetan bat-batean sartu den arte.

Konfinamendura behartuta, pertsonak aldendu behar izan dira lantegi eta bulegoetatik, errepide eta aireportuetatik, kale eta saltokietatik. Eta orduan, jigantearen zainetako odola hustuta, gorputz publiko-pribatu-sozial handiaren ahuleziak azaleratu dira. Ekoizpena eta kontsumoa gelditu egin dira, horiekin batera zerga bilketa, eta BPGak behea jo du. Gastuak biderkatu egin dira osasun sistemaren errefortzurako, langabezia edo gizarte prestazioetarako, enpresa zein langileentzat laguntzetarako. Defizit publikoa dilatatu egin da, eta administrazioei gainzorpetu beste biderik ez zaie geratu pultsuari eusteko. Baina, oroz gain, erraldoiaren etenak gizakien eta ingurumenaren esplotazioan oinarritutako paradigma ekonomiko eta politikoa jarri du agerian.

Gizarte organismo berri baterako gakoak

Hiperaktibitatea eta hipermugikortasuna geldirik, denok ikusi dugu nola biziarazten gaituen ekosistema berreskuratuz doan. Eta pertsonarik ezean, argiago hautematen da pertsonen balioa. Ez, ostera, enplegatu edo erabiliak izateko, baliabide edo objektu gisa, baizik eta subjektu bezala elkarren artean organismo publiko-pribatu-soziala birdiseina dezagun.

Begirada sistemiko batez, garai honetako guztion etxearen administrazio berriak ‘Glokalitate’ printzipioaren araberako egituraketa exijitzen du, plano global komuna eta eremu lokal anitzak konektatuz. Plano globalean, eskubide unibertsalen bermatzaile diren erakundeak sendotu behar ditugu: logikoki, planetako bazter denei eragiten dieten osasun erronkei edo gure bizitza ereduen jasangarritasunari berari irizpide bateratu batekin ekiteko. Eta, batik bat, indibidualismo korporatibisten eta horien kausa eta ondorio diren militarismo analogiko zein digitalaren aurrean guztion ongia defenda dezaten.

"Begirada sistemiko batez, garai honetako guztion etxearen administrazio berriak ‘Glokalitate’ printzipioaren araberako egituraketa exijitzen du, plano global komuna eta eremu lokal anitzak konektatuz"

Maila lokalean, aldiz, erakunde globalak tokian tokiko erakundeekin koordina ditzakegu subsidiariotasun printzipioaren bitartez. Horren arabera, afera guztiak, globalak ere, daukaten eraginetik hurbilen dauden ebazpen organoek kudeatzen dituzte, leku bakoitzeko ezaugarriak aintzat hartuz eta elkar egokituz.

Plano globala eta bertokoa lotzen dituen egiturak Nazio-Estatuen ordena astuna erabat gaindituko luke. Gainera, hala mugartekoa nola ‘internetikoa’ izanik, Europari zinezko batasuna ere emango lioke. Edozelan ere, egitura glokalak eraginkorrak izan daitezen, hiritargoak kontzientzia eta agentzia berenganatu behar ditu.

Kontzientzia inguruko eta baitako ezagutza argia da. Gizarte glokalari aplikatuta, kontzientziak gizateria bezala eta eskualde, herri eta auzo bakoitzetik ditugun premiak eta asetzaileak serio ebaluatzeko eskatzen digu. Zeren, orain, zenbait errutina bertan behera utzi izanak aukera eman baitigu gure usadioek ingurunean duten inpaktuaz jabetzeko. Hortik, gure buruari itaun diezaiogun: dauzkagun ohitura eta erabileretatik, zeintzuk ote dira baztergarri? Zeintzuk ez? Eta kontuan hartuta asetzaileak zerbitzu eta lan iturri direla, nola gara genitzake asetzaile egoki eta jasangarriak?

Agentzia, bere aldetik, gizarte organismoaren zoru-sabaia, araudia eta elkarrekintzak diseinatzeko eskumena da, gobernantza eredu horizontal baterantz. Eta bilakaera horretan, momentuz, norabide bitan eragin behar dugu: goitik behera eta behetik gora.

Goitik behera, erkidegoko, lurraldeko edo udaleko instituzioek hiritargoa kudeaketara gonbidatuz eta ‘Zoriontasun Publikoa’ gauzatuz. Horretarako, Elkarrizketa Zibileko Mahaien ereduari jarrai dakioke. Mahai horietan gizarte antolatuak administrazioekin batera lan egiten du, maila exekutibo eta legegilean. Eta, lankidetza horri esker, hiritarrek premia publikoak, horien kostua eta gestionatzeko aukerak zuzenean ezagutzen dituzte, baliabide komunekiko ardura ahalbidetuz.

Behetik gora, berriz, auzo batzarren ohitura berreskura dezakegu. Izan ere, batzarrak subsidiariotasun printzipioa betetzeko organorik aproposenak dira. Batetik, mundu mailako erronkak tokian tokiko ezaugarrietara doitzen dituztelako. Bestetik, ezaugarri lokalak diren gertutasunaren, zainketen, trukearen eta autokudeaketaren bidez bizimodu jasangarriak era ditzaketelako.

Honenbestez, utz diezaiogun kaltetzen gaituen egituraren polinizatzaile izateari. Eta, kontzientzia zein agentzia baitaratuta, ekin diezaiogun, nork bere lekutik eta elkarren artean bilbatuz, guztion etxea berreraikitzeari.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude