Kontzentrazioa deitu dute Donostiako Ertzain-Etxearen aurrean, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko

  • Ernaik eta Euskal Herrian Euskarazek egin dute deialdia, ostiralerako. Ernaiko kide Eneka Alvarezek asteazken eguerdian salatu du Ertzaintzak hizkuntza eskubideak urratu zizkiola maiatzaren 21ean eta Mozal Legeaz zigortu dutela jakinarazteko gutuna gaztelania hutsez bidali diotela. Isun hau ez dutela ordainduko eta errekurtsoa jarriko dutela jakinarazi dute.


2019ko otsailaren 06an - 13:32
Argazkia: Iñaki Agirre / Irutxuloko Hitza

EHEren izenean Urko Aierbek adierazi du euskaldunen aurkako hizkuntza eskubideen urraketak ez direla gertaera isolatuak eta egun hartan identifikazioa egin zuten ertzainen "jarrera euskarafoboa" salatu du.

Ostiralean 19:00etan Donostiako Antigua auzoko Ertzain- Etxearen kanpoaldean deitu dute elkarretaratzea. Hizkuntza eskubideen alde, elkarretaratzerako atxikimendua eskatu diete gainontzeko eragile sozialei.

Elkartasuna ARGIArekin

Bai Ernaik, baita EHEk ere beren elkartasuna adierazi diote ARGIAri eta Lander Arbelaitz kazetariari. Eskubide urraketa dokumentatu izana balioan jarri eta bi ertzainek bere aurka jarritako salaketa gaitzetsi dute.

Jarraian Eneka Alvarezek, Ernaik eta EHEk egin duten irakurketa.

Isuna jaso duen Eneka Alvarezen hitzak:

Pasa den urteko maiatzean, Gipuzkoa plazako toki honetan bertan Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egiten ari ginela ertzain baten aldetik euskararekiko gutxiespen eta mespretxuzko hitzak entzun nituen. Orduan zera adierazi nion: gauza bera errespetuz eta gutxietsi gabe ere esan zezakeela. Horren aurrean identifikazioa eskatu zidan eta nik arrazoia galdetu nion. Ez zidan erantzun eta berriz ere identifikatzeko eskatu zidan. Nik identifikatzeko inolako arazorik ez nuela adierazi nion, baina mesedez, euskaraz eskatzeko. Horren aurrean, beste agente bat etorri zen eta bertan edota komisaldegian egin beharko nuela jakinarazi zidan. Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe.

Gertatutakoa ikusita, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo nuen. Haiek bideratu zidaten kexa eta hilabete batzuen buruan, haien erantzuna jaso genuen. Donostiako ertzain etxeko burutzak onartu zuen ez zela errespetatu agente jarduleekin harremanak euskaraz izateko eskubideak eta jardueran parte hartu zuten ertzainei jardunbide egokia zein den jakinarazi zitzaiela. Horrez gain, honela dio agiriak: “berariaz eskatu digute beraien partez barkamena eskatzeko”.

Horren ostean, isuna iritsi da. Mozal legea aplikatu didate. Horrez gain, ajolagabekeria osoz, berriz ere nire eskubideak urratuak izan dira, izan ere, isuna gaztelania hutsez idatzita bidali baitidate. Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi. Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen iada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket. Hau ikusita, lehenik eta behin, isuna ez ordaintzea erabaki dut, nire eskubideak urratuak izateaz gain, orain zigor bikoitza jaso dudala iruditzen zaidalako. Horrekin batera, errekurtsoa jarriko dugu eta zer gertatzen den gertutik jarraituko dugu.

Ernairen irakurketa:

Donostian jazotako gertaera honek hainbat gertaera azaleratzen ditu. Batetik, Ernaitik argi salatu nahi dugu euskaldunon eskubideak urratuak izan direla berriz ere. Instituzioetatik bideratzen diren hizkuntz-politika antzuen ondorioz, gaur gaurkoz ezinezkoa da Euskal Herrian Euskaraz bizitzea. Hainbat arduradun politikoren aldetik hipokresia garbia ikus dezakegu, Euskaraldia eta gisako ekimenetan parte hartu bai, baina egunerokoan halako gertaerak onartzea eta ez salatzea lotsagarria da. Euskara folklorerako nahi dute, souvenir bihurtuta, salgai bihurtu eta ez egunerokorako eta bizitzeko tresna gisa. Nazkatuta gaude euskara gutxietsia eta azpiratua izateaz. Gertaera honek argi erakusten du euskaldunok Euskal Herrian Euskaraz bizitzea batzuentzat erasoa dela, eta euskaraz hitz egite soila desobedientzia ekintza bihurtu dutela, isunekin zigortuz, hau argi eta garbi diogu lotsagarria da. Ezin aipatu gabe utzi, oraingoan grabatua izan dela urraketa eta sare sozialetan zabaldua, baina hau ere ez da doan ateratzen, kazetaria salatu eta epaiketa egingo baitiote. Hemendik gure elkartasun osoa Argiari eta Lander Arbelaitz kazetariari.

Zoritxarrez, halakoak ez dira gertarea isolatuak. Euskal Herrian sarritan gertatzen dira, egunerokotasunean. Hitz batez, euskaldunok trabak nonahi topatzen ditugu. Gaur gaurkoz ezinezkoa da naturaltasun eta normaltasun osoz euskaraz bizitzea. Euskaraz borroka egitea ere zigortua da. Guk argi dugu, euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Burujabetzaren aldeko apustu honetan, Euskal Herria euskaldunerako bidean gazteok hemen izango gara eta euskaraz izango gara. Gazteok Euskararen Herria eraikitzen jarraituko dugu.

Euskal Herrian Euskarazen irakurketa:

Aipatu gertaera hauek oso larriak dira. Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik. Euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok, egunero pairatzen ditugu horrelako gertaerak. Bai eremu pribatuan bai publikoan. Administrazio publikoarekin harremana euskaraz izan nahi eta askotan ezin. Ez hori bakarrik, kasu honetan ikusi ahal izan dugun bideoan, funtzionario publiko horrek adierazten duen jarrera agintzaile berdinarekin egiten dugu topo euskaldunok tarteka. Jarrera agintzaile betikoa, baina formetan aldatuta ere: garai bateko “Háblame en cristiano” hura, orain Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da. Jarrera euskarofoboa, beste modura ezin kalifikatu.

Horren aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari egindako kaltea onartu, barkamen zintzoak eskatu, eta, isuna kentzea exijitzen diegu. Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu. Horretarako behingoz administrazioko langile guztiak euskaldundu behar dira, ez soilik herritarrekin harreman publikoa dutenak, baita gainontzeko langile publiko guztiak ere. Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahiko, ezta gutxiago ere, gainontzeko urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu beraien hizkuntza-eskubideei tinko eutsi diezaioten. Euskaltzale honi bideoan ikusi ahal izan dugu jarrera euskaltzale burujabea egunerokoan izan dezatela. Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio osoa, eta beraz, euskaraz bizitzera iritsi ahal izatea. Eta urraketarik jasanez gero salatu dezatela dei egiten diegu. Bai Euskal Herrian Euskarazera joz, bai Hizkuntza Eskubideen Behatokian.

Azkenik, aukera hau baliatu nahi dugu ere Lander Arbelaitz eta ARGIAri gure elkartasuna adierazteko. Egun horretan bideo hori grabatu izan ez balitz, ziur gaude gertaera horrek ez lukeela izango lortu duen oihartzun guztia. Esan bezala, horrelakoak egunero gertatzen baitira baina oharkabean igarotzen dira grabatuak ez direlako. Horregatik eta kazetari lana libreki egin ahal izatea exijitzen dugulako, beraien aurkako salaketa kentzea exijitzen dugu ere.

Gertatutakoa salatu eta aipatu eskaerak aldarrikatzeko, datorren ostiralean, otsailak 8, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea egingo dugu Ertzaintzak Antigua auzoan duen ertzain-etxearen aurrean. Dei egiten diegu eragileei bat egitera mobilizazio honekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude