Kontseilua: "Zer gertatzen ari da Nafarroako Euskararen Legearen aldaketarekin?"

  • Nafarroako Euskararen Legearen 32. urteurrenaren testuinguruan agerraldia egin du Kontseiluak. Paul Bilbao idazkari nagusiak Euskararen Legearen inguruan zer gertatzen ari den galdetu dio Parlamentuari.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2018ko abenduaren 14an - 12:16
Argazkia: @AhotsaInfo

“Duela hiru urte Nafarroako Parlamentuan Kontseiluak eta berau osatzen duten bazkide andanak esan genuen ez genuela legearen hogeita hamargarren urteurrena ospatzerik nahi. Duela bi urte, Condestablearen jauregian luma bat eman genion eskura Parlamentuko presidente andreari lege berri bat idazteko konpromisoa har zezaten. Iaz, tamalez, ez genuen aukerarik izan legearen inguruan ezer esateko, euskaldunak diskriminatzen dituen zerrenda bakarraren afera pil-pilean zegoelako. Eta hori ere Europako Kontseiluko adituei zuzenean esan diegu: politikariek hartzen dituzten erabakien ondorioz Nafarroan euskaldunak zigortzen direla. Eta, berriz ere, Euskararen Legearen urteurrenaren bueltan gaude”, esan du Bilbaok. Larunbatean beteko ditu 32 urte Euskararen Legeak, lehen Vascuencearen legea zenak, eta oraindik ere, lege hau indarrean dago eta euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan.

“2015ean uste genuen Aldaketak Legearen aldaketa integrala ekarriko zuela. Guk erantzukizunez jokatu dugu hasieratik bertatik, eta gure helburua izan da Aldaketa sostengatzen duten alderdiek Lege berria desadostasunen kaxatik atera lege berri baten eztabaida mahai gaineratzeko”, esan du Bilbaok.

“Aldaketarik egon al da?”, galdetu du Kontseiluko eledunak. Iaz Euskararen Lege Berria jorratzeko Batzorde Bereziaren sorrera onartu izanak leiho berria zabaldu zuen, are gehiago, legearen printzipio iradokitzaileak zein ziren kontuan hartuta. Atzerapenez bada ere, ekin zion Batzordeak lanari, sei hilabeteko epean proposamena aurkeztu behar zuelakoan.

“Adituak eta arituak izan gara proposamenak egiten. Gure ustez, hiru hitz gailendu ziren eztabaida horretan: Justizia, kohesioa eta berdintasuna. Gaur da eguna zeinean ez dakigun zer gertatzen den batzorde horretan, eta hori ere gaurko agerraldian plazaratu nahi dugu. “Zer gertatzen ari da? Berriz ere bik baldintzatuko al dute guztia? Zein gehiengoren zain gaude? Parlamentuak agindutakoa bidaliko al zaio Parlamentuari eztabaidatzeko?”, galdetu dute Kontseilua osatzen duten taldeen ordezkariek.

Halaber, gogora ekarri du Bilbaok, urte hauetan guztietan herritarrek, herri mugimenduarekin batera egin duten lan andana, proiektuak eta tresnak sortuz. Eta, zenbat aldiz atera den jendea kalera bidezko aldarrikapenak egitea. Azkena, pasa den urrian.

Pare bat hilabete barru Nafarroako Parlamentua desegingo da, eta nahiz eta entzun ere egin da legegintzaldi honetan orubea prestatu nahi izan dela, hurrengo legegintzaldian Euskararen Lege Berria ereiteko, euskalgintzako taldeen premia agerikoa da. “Egia esan, euskaraz bizi nahi dugunok premia dugu, presa dugu hogeita hamabi urteko bidegabekeriari amaiera eman dakion. Gu, hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu, gaur, bihar, hauteskunde kanpaina aurretik, hauteskunde kanpaina ostean, eratuko den Parlamentu berriaren ostean …”, gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Eskatu du, baita ere, hurrengo hilabeteetan herritarrei esatea zein izango diren hurrengo legegintzaldiari begirako erronkak. “Hori zor zaigula uste dugu. Finean, guk jarraituko dugu hizkuntza-eskubideen, justiziaren, kohesioaren eta berdintasunaren afera erdigunean jartzen, harik eta hizki larriz idatzitako aldaketa erdietsi arte. Horretan jardungo dugu hurrengo hilabeteotan”, Bilbaoren hitzetan.

Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude