Konponbideari ateak irekitzeko giltzak

  • Eragile sozial, politiko, sindikal eta norbanako ugarik bat egin dute Sare Herritarrarekin, euskal preso politikoek jasaten duten eskubide urraketari amaiera emateko. Urtarrilaren 13an Bilboko kaleak hartzera deitu dute.


2023ko urriaren 23an - 10:51
Azken eguneraketa: 12:13
Sarek egindako agerraldia Gernikan // Argazkia: Sare Herritarra

Sarek 'Konponbiderako giltzak' manifestua aurkeztu du igandean Gernikan (Bizkaia), euskal gizarteko hainbat eragileren eskutik. Euskal preso, iheslari eta deportatuen afera konpontzea eskatu dute eta indarkeria guztien biktima guztientzat errespetu, babes eta elkartasunaren beharra aldarrikatu. Euskal gizarteari dei egin diete urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzera, “bizikidetzaren alde aurrera egiten jarraitzeko”.

“Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du”, dio dinamika honen baitan aurkeztutako manifestuak. Manifestuaren arabera, oraindik ezin izan dute iraganaren atea behin betiko itxi. Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen dute, “biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua atzean utziz”. Nahiz eta onartu duten ETAk borroka armatua etetearekin zein euskal presoei ezarritako bakartze eta urruntze politiken amaierarekin “urrats sendoak” eman direla.

Ildo horretan, aspaldian jendartea “elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan” dabilela ziurtatu dute agerraldian, giltza ugari eskuan hartuta, pertsona eta eragileen arteko harremanak, adostasunak eta desadostasunak “modu eraikitzailean egituratuz”. Horretan berretsi da Sare, eta adierazi du giltzei eraginez jendartearen motorra piztu eta aurrera egin behar dutela. Motorrak kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean martxan jarriz, “hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko”. Horretarako “presoen etxerako atea zabalduko duen giltza eskuartean hartzeko beharra” azpimarratu du.

Bilboko kaleak bete

Bego Atxa Sareko eledunaren hitzetan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen eta fiskalen jarrera “espetxe politika justu bat izateko helburutik urrun” dago oraindik. Are, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin talka egiten duela salatu du: “Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu progresioen % 75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta preso askok itzuli behar izan dute espetxera eta bigarren gradura”. Horrek, maiz, presoei “estres egoera nabarmenak” sorrarazi diela salatu dute.

Manifestuaren sinatzaileen hitzetan, “elkarbizitza oinarri izango duen etorkizuna” eraikitzeko bideari ekin behar dio herriak, urtarrilaren 13an Bilboko kaleak beste behin hartuz: “Bete ditzagun kaleak giltzaz, konponbidearen mesedetan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare plataforma
2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


2023-08-21 | Ilargi Manzanares
Sare Herritarrak Auzitegi Nazionalaren jarrera “oztopatzailea” salatu du

Fiskaltzat euskal presoen gradu progresioen hiru laurdenei errekurtsoa jarri diela salatu du. Martxan diren salbuespeneko politikekin bukatzeko beharra aldarrikatu du presoen eskubideen aldeko plataformak.


Eguneraketa berriak daude