Kepa Urra torturatzeagatik zigortua izan zen koronelburua kargutik kendu du Grande Markaslak

  • Manuel Sanchez Corbirenganako konfiantza galdu duela adierazi du Espainiako Barne Ministerioak. Kepa Urra torturatzeagatik kondenatua izan zen 1997an.

Manuel Sanchez Corbi TVEko saio batean. Argazkia: TVE

Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuen Bizkaiko Auzitegiak Sanchez Corbi, 1997an. Lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkion. Kondena, baina, ez zen eragozpen izan Sanchez Corbi Guardia Zibileko UCOko koronelburu izendatzeko, Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) indultatu egin baitzuen 1999an. Aginte kargu horretan egon da gaur arte. Izan ere, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargutik kentzea erabaki du, harengan zuen konfiantza galdu egin duela eta.

Sanchez Corbik joan den astean hartutako erabakiak eragin du Espainiako Gobernuaren konfiantza galtze hori. Koronel ohiak haren ardurapeko unitatearen jarduna behin-behinean etetea agindu zuen, Erreserbatutako Gastuen Funtsean baliabiderik ez zela argudiatuta. Europa Press berri agentziak Barne Ministerioko iturriak aipatuta adierazi du erabakiak arriskuan jarri zituela abian ziren hainbat polizia operazio.

Iturri horien arabera, Barne Ministerioak ez ditu UCOrentzako baliabideak bertan behera utzi. Aldiz, gastuen "azterketa" egiten ari zen, bideratutako diru kopuruak nola erabiltzen ari ziren argitzeko.

Sanchez Corbi, torturengatik kondenatua izan ondoren, Guardia Zibileko goi kargu izendatu izanak kontrako erreakzioak eragin zituen Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean. Koronel ohia Espainiako Kongresuan izan zen 2017ko azaroan, PPren finantzaketa ikertzeko batzordean. Kepa Urraren torturen kondena gogorarazi zion Oskar Matute EH Bilduko diputatuak. Sanchez Corbik ez zion erantzun.

EAJk, berriz, kargu hartu zion Mariano Rajoyren gobernuari (PP) Sanchez Corbi koronel buru mantentzeagatik, guardia zibilak EAJren kontrako adierazpenak egin berri zituenean. Koronel ohiak Odola, izerdia eta bakea liburua aurkezteko egin zuen elkarrizketa batean adierazi zuen "ETAkoak, Batasunakoak, EAJkoak eta euskal Eliza" zirela ETAren kontrako borrokan "gaiztoak". Horrez gainera, ziurtatu zuen gerra zikinak ez zuela izan "horrenbesteko garrantzirik", eta EAJk ez zuela ETAren porrota nahi.

Liburu horretan, Sanchez Corbik kontatu du guardia zibilek familiakoak erabili izan dituztela Frantziako Estatuan egindako ETAren kontrako operazioetan.

Sanchez Corbirekin batera, beste hiru guardia zibil inputatu zituzten Kepa Urra torturatzea leporatuta. Horien artean, Diego Perez de los Cobos. Azken hori izan zen Kataluniako urriaren 1eko erreferenduma eragozteko operazioan Espainiako Gobernuak segurtasun indarren koordinaziorako izendatu zuen arduraduna.

Kepa Urra torturatua izan ondoren ospitalean zela, hari "bisita egitera" joan zitzaizkion Perez de los Cobos eta Alejandro Hernandez Mosquera auzipetutako beste guardia zibiletako bat.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guardia Zibila
Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Tarajalgo sarraskiak 10 urte: "Bizirik irten zirenak berriz kriminalizatu dituzte”

Duela 10 urte Ceutako Tarajal pasabidean 14 pertsona hil zituzten, itsasoz igeri Europara igaro nahian zebiltzala guardia zibilak haien kontra oldartu ostean. Geroztik Duintasun Martxa egin dute urtero, eta ekimen horretako Bilboko taldeak sarraskiaren eta “mugako... [+]


Torturengatik kondenatutako Sánchez Corbí guardia zibilari Zilarrezko Gurutzea eman dio Espainiako Barne Ministerioak

Auzitegi Nazionalak Marlaska ministroa derrigortu du guardia zibila mailaz igotzera. Kargugabetu egin zuen 2018an, "konfiantza falta" zela eta. Sánchez Corbík errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak babestu egin du. Kepa... [+]


Espainiako Estatua zazpigarren aldiz aztertuko du NBEko torturaren aurkako batzordeak

Ostegunean eta ostiralean Genevan (Suitzan) aztertuko dute ea Espainiako Estatuak gaiari dagozkion baldintzak betetzen dituen ala ez. Egiari Zor, Giza Eskubideen Behatokia eta Sarek “aurrerapenak” daudela azaldu dute.


2023-06-02 | Hala Bedi
Waldo, Eguzki
"Gladys bezalakoei esker, gaur egun ez dugu nuklearrekin arazo larri bat Euskal Herrian"

"Larunbatean Gladys gogoratu eta borrokan jarraitzeko gogoak ditugula ospatzeko bilduko gara", adierazi dute antolatzaileek.

 


Eguneraketa berriak daude