Kaleko saltzaile baten atxiloketan Donostiako Udaltzaingoak erabilitako "bortizkeria" eta "gezurrak" salatu dituzte

  • Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduko eta Bilgune Feministako hainbat ordezkariz lagundurik, Donostiako Parte Zaharreko Joseba Alvarez bizilagunak agerraldia egin du ostegunean ekainean kaleko saltzaile baten atxiloketaren harira gertatutakoak salatzeko.


2018ko azaroaren 16an - 10:08
Joseba Alvarez, Ongi Etorri Errefuxiatuakeko eta Bilgune Feministako ordezkariez lagundurik. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Adierazitakoaren arabera, San Joan egunean, bi udaltzainek Moussa izeneko senegaldarra atxilotu zuten Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kalean, eskumuturrekoak eta artisau-lan afrikarrak saltzen ari zelako.

“Kalez jantzitako bi polizien aldetik jasotzen ari zen tratu txarra ikusita, kaleko jendea Moussa eta udaltzainen inguruan pilatzen hasi zen, bortizkeria hori salatzeko”, Alvarezen arabera. Beste askok bezala, Alvarezek indarkeria eteteko eskatu zien poliziei, horretarako beharrik ez zegoela argudiatuz. Inguruko jendearen erreakzioa ikusita, ordea, udaltzainek errefortzuak eskatu zituzten, eta borrarekin jendea bultzatuz, Moussa Parte Zaharretik atera eta atxilotu egin zuten, salatzailearen arabera.

Ostegunean, gertakari hartatik ia bost hilabete igaro direla, Donostiako Udaltzaingoak Alvarezi eta Moussari polizien aurkako mehatxuak eta desordena publikoak leporatu dizkiela jakinarazi du, eta kaleko saltzaileari gainera udaltzainen kontrako eraso fisikoak ere egotzi dizkiotela azaldu du. Alvarezen arabera, ordea, egun horretan ez zen poliziaren aurkako inolako erasorik egon, eta hori esaterakoan udaltzaingoa “gezurretan” ari dela adierazi du.

Atxiloketan parte hartu zuten polizien jarrera aztertu beharrean, udaltzaingoak kasua epaitegietan salatzea eskandalagarritzat jo du Alvarezek: “Inoiz epaiketara iritsi behar ez zuen gertakari batengatik deklaratzera deitu gaituzte”. Hain zuzen, azaroaren 19an auzotarra eta saltzailea Donostiako epaitegian agertu beharko dira inputatu gisa.

Eraso sexistengatik salatutako letratua eta irregulartasunak sumarioan

Udal zerbitzu juridikoak erabili beharrean, kasu honen defentsarako Donostiako Udaltzaingoak Miguel Alonso Belza letratua kontratatu duela jakinarazi dute ere gaurko agerraldian. Belza bere bikotearen aurkako sexu eraso larriengatik eta urruntze agindua behin eta berriz hausteagatik dago inputatua, eta fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen diola jakinarazi du Alvarezek. Era berean, letratua Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko genero bortxakeriaren aurkako arduraduna zela eta leporatzen zaizkion delituengatik kargutik baztertu zutela azaldu du Parte Zaharreko bizilagunak.

Miguel Alonso Belza abokatua, artxiboko irudi batean. (Argazkia: EFE)

Egoera honen aurrean, Alvarezek hainbat galdera luzatu ditu udaletxearen atarian: “Genero biolentziaren aurka behin eta berriz agertu den Eneko Goiak horrelako akusazioak dituen pertsona baten kontratazioa ontzat ematen al du? Udaltzainek ez al zuten Belzaren egoeraren berririk? Eta ezagutzen bazuten, nolatan onartu dute pertsona hau kontratatzea?”.

Horrekin nahikoa ez balitz, epaiketako sumarioan azaltzen diren polizien identifikazio zenbakiak ez direla udaltzainenak salatu du ere Alvarezek: “Zergatik ezkutatzen dira? Ez al dugu herritarrok zigortu nahi gaituzten funtzionario publikoak ezagutzeko eskubiderik?”.

Hori guztia kontuan hartuta, agerraldian lau eskaera luzatu dizkiete Udaltzaingoari eta Donostiako Udalari:

  • Udaltzaingoak Moussa eta Alvarezen aurkako salaketa erretira dezala.
  • Udalak neurriak har ditzala etorkinek ez dezaten poliziaren aldetik tratu txarrik jaso.
  • Udalak ez dezala eraso sexisten ondorioz zigortua izan den inor kontratatu eta ezta akusazio horiek direla eta epaiketa bidean dagoenik ere, errugabea dela frogatzen ez den bitartean.
  • Epaiketa badago, udaltzainen benetako plaka zenbakiak jar ditzatela sumarioan, epaituen indefentsioari amaiera emateko.

Albiste hau Irutxuloko Hitzatik ekarri dugu ARGIAra, CC-BY-SA lizentziari esker.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inor ez da ilegala
Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko

Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaia arteko mugaren “antzerki lotsagarria” salatu dute

Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde

Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.


Hör Berlin eta legalitate kontu batzuk

Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.


Eguneraketa berriak daude