Aurtengo Euskal Liburu eta Diskoen Ziburuko Azokak Janbattit Dirassar idazlea omenduko du

  • Ekainaren 4an hirugarrenez egingo den Euskal Liburu eta Disko Azoka aurkeztu dute Baltsan elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak, Ziburuko Herriko Etxeak eta ARGIAk. Urtez urte handituz doa azokan parte hartzen duten argitaletxeen eta ikustera doazen herritarren kopurua. Aurtengoak badakar berritasunik: "Zubiburu" solasaldia egingo dute ibilbide luzeko idazle batek eta lehen urratsak eman dituen gazte batek. Ziburuko idazle Janbattit Dirassar omenduko du azokak.


2022ko maiatzaren 10an - 12:27
Azken eguneraketa: 13:42

Ekaineko lehen larunbatean Ziburuko plaza euskarazko hitz eta musikek hartuko dute. Baltsan Elkarteko kide Ladix Arrosagaraik nabarmendu du "azoka honi esker egun bat gehiago dutela euskal herritarrek euskaraz gozatzeko, euskaraz arnasteko, euskaraz bizitzeko" eta nazio mailako ekitaldi honek era guztietako mugak gainditzen dituela: Ipar eta Hegoaren artekoak, euskaldun-berri eta euskaldun-zaharren artekoak, adinen artekoak...

Euskararen Kultur Erakundeko ordezkari Maia Etxandik nabarmendu du EKEn "biziki begi onez" ikusten dutela egin den "apustua", hau da, azoka euskara hutsez egina izatea. Programazioa eta parte hartzen duten herritarren kopurua handituz doaz urtez urte eta horrekin ere "oso pozik" daudela zehaztu du.

33 argitaletxe

33 argitaletxe izango dira aurtengo azokan eta denen artean 92 metro erakusmahai jarriko dituzte. Salgai egongo diren liburuen artean bada nobedaderik ere, aurrerago ezagutzera emango direnak. Disketxeek eta autoekoitzitako diskoek bere gunea izango dute, musikari ikusgarritasun handiagoa emateko.

Urtez urte nabarmen gehitzen doa nazio mailako azokan beren lanak erakusgai jartzen dituzten argitaletxeen kopurua: lehen edizioan 17 argitaletxek hartu zuten parte eta 52 metro mahai izan ziren. Iaz 22 argitaletxe bertaratu ziren eta 62 metro mahai osatu zituzten. Eta aurten 33 argitaletxera igo da kopurua eta 92 metro mahai beharko dira denen eskaintzei leku egiteko.

Ziburuko Herriko Etxearen ordezkari Jean Mixel Dirassar euskara hautetsia eta Fanny Lastube euskara arduraduna izan dira. Dirassarrek hartu du hitza eta iazko arrakasta nabarmendu du: "Iazkoa biziki arrakastatsua izan zen eta Azokak aurten ere jarraituko du bere tokia hartzen. Egun berezia izango da ziburutarrentzat eta euskal herritarrentzat. Gainera aurtengoan ene aita omentzen da eta hunkiturik bizi dut, poz bikoitza da nirea".

Dirassar aita-semeak. Janbattit Dirassar idazlea omenduko du aurtengo Ziburuko Azokak. Herriko Etxeko euskara hautetsi den Jen Mixel Dirassarrek aitortu du horregatik "poz bikoitza" duela aurtengo azokarako.
Janbattit Dirassarri omenaldia eta "Zubiburu" mahai-ingurua

Azoka zubi ere badela nabarmendu du ARGIAko kide Estitxu Eizagirrek. Idazle belaunaldi zahar eta gazteen arteko zubia eraikitzeko asmoz, "Zubiburu" mahai-ingurua abiatuko du aurtengo Azokak. Janbattit Dirassar Ziburuko idazleari omenaldia egingo zaio eta bera izango da mahai-kideetako bat, urteetako esperientziatik mintzatuko dena. Ondoan izango du Amaiur Epher Izpurako gaztea, eta bien artean osatuko dute elkarrizketa.

Janbattit Dirassar 1937an jaioa da eta idazle izateaz batera Herria astekariko kazetaria da. Besteren artean, literatur lan hauek ditu argitaratuak: Hegiko bordatik liburuan haurtzaroko oroitzapenak kontatu zituen (1995, Elkar), Bihotzeko mina ezinezko maitasuna ardatz duen eleberria (1997, Elkar), Bele Xuriak (2013, Elkar) zeinetan jasoa duen bizitzako eta egungo munduko hainbat gairi buruzko bere iritzia...

Literatur tradizioarekiko zubia ere eraiki du aurtengoan Ziburuko Azokak. Maiatzaren 4an Céline Mounolek hitzaldia eskaini berri du, euskal literatur tradizioaren abiapuntua izan zen XVII. mendeko Joanes Etxeberri Ziburuko idazlea plazara ateratzea izan du helburu ekitaldi honek. Izan ere, bere herrian orain arte ez dauka ez karrika, ez plaza izenik.

"Ama Lurrak pausa behar du" umeentzat ikusgarria, musika, umorezko saioa eta Zirriborroka

Maddi Zubeldia Baltsan elkarteko kidea da eta Bernadette Lurorekin batera umeentzako ikusgarri honen ipuina idatzi duena. Naturako lau urtaroetan oinarritutako ipuin hau txotxongiloen laguntzaz kontatuko dute Iturri Zaharra dagoen plazatxo zoragarrian. Xano Halsouetek egin duen musikak lagunduko du emanaldia. Ziburuko ikastetxe guztietan landu dute ipuina eta kantuak prestatu ere bai, eta emanaldian zehar ikasleek kantuak eskainiko dituzte.

Baltsan Elkarteko kide Adur Larreak egunean zehar izango diren beste kultur ekitaldiak aurkeztu ditu: eguerdian Ni Banna folk taldeak Ziburuko plazan joko du, Boga eta Atalaia ostatuen aitzinean. Azokari bukaera ere kontzertu batek emango dio arratsean, Adar taldearekin. Aurreko urteetan bezala, komikia eta bertsoa uztartzen dituen bat-bateko emanaldia izango da aurten ere: "Zirriborroka". Eta beste berritasun bat, umorezko ahozko saioa izango da: Pantzo Irigarairen mintzaldiak zabalduko du bazkaltzeko etenaren ostean arratsaldeko azoka.

"Zatozte euskararen errepublikara!"

Euskal Herri osoko jendeei dei eginez amaitu du aurkezpena Ladix Arrosagaraik: "Zatozte ekainaren 4an Ziburura, Euskararen Errepublika aldarrikatzera eta gozatzera". Jenofa Berhokoirigoinek azaldu duenez, euskaraz egun osoan bizi ahal izateko Ziburuko plazako ostatuek ere segurtatu dute azokaren babesle izateaz gain, egun horretan lanean arituko diren zerbitzariak eta jarriko duten musika euskaldunak izango direla.

Azokaren antolaketan partaide dira Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko Herria. Eta Ziburuko plazako lau ostatuekin batera (Atalaia, Bittor, Boga eta Maitenia) babesle da Bertsolarien Lagunak Elkartea ere, Zirriborroka saioa lagunduz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude