Jendetza Usurbilen indarkeria matxistaren aurka

  • Inoiz ikusi gabeko jendetza ikusi zen astelehenean Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratze isilean. Isiltasunean ozenki agertu zen Usurbilgo herria, indarkeria sexistaren aurka. Belaunaldi guztietako herritarrak batu zituen hitzorduak. Ostiralean izandako eraso sexista salatu zuten guztiek, indarkeria sexistaren aurkako pankartaren bueltan.

Jendetza Mikel Laboa plazan. (Argazkia: Noaua)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko otsailaren 27an - 11:44

Modu horretan, babes osoa adierazi nahi izan zitzaion otsailaren 23an bikote ohiak erasotu zuen emakumeari. Ehunka herritarrekin batera, udal eta Foru Aldundiko ordezkariak batu zituen mobilizazioak. Segidan, amaieran Usurbilgo Udaleko parekidetasun alorreko zinegotzi Josune Estellak irakurrita plazaratu zuten adierazpena:

ADIERAZPENA: INDARKERIA SEXISTARIK EZ!

Berri lazgarri batek astindu du gure herria asteburu honetan: gizon batek bikotekide ohiari eraso egin dio eta bere nahierara erabili.

Usurbilgo Udalak badu indarkeria sexistetarako protokoloa, eta, enrasaren berri izan bezain pronto, protokoloa zorrotz aplikatu genuen, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, eta bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. Udalak hasieratik azaldu dio emakumeari babes osoa , eta gaur ere, plaza publikoan, horixe bera azaldu nahi diogu: gure elkartasuna.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi dugu plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe!

Eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Beraz, egiturazko arazo bat da, pertsonek beren generoaren arabera dituzten botere-egoerei zuzenki lotutakoa. Gizonezkoek gizartean eta imajinario kolektiboan duten posizio nagusiaren abusu bat da indarkeria, eta, neurri horretan, emakumezkoon diskriminazioa iraunarazteko adierazpen eta tresna ere bada aldi berean.

Eta arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraei, heldu behar zaie, ezinbestean. Derrigorrean behar eta martxan jarri behar dira politika feminista transbertsalak. Premiazkoa da, halaber, indarkeria matxistaren kontrako lege integrala. 

Gure ustez, indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Baina, aldi berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, emakumeak biktima gisa tratatu ordez soilik. Zentzu horretan, autodefentsa feministan sakontzen jarraituko dugu udaletik. Izan ere, argi dugu emakumeok geure ekintzen eta gorputzen jabe izan behar dugula eta indarkeria egoerei aurre egin eta egoera horiek ondo kudeatzen jakin behar dugula. Dena den, emakumeen eta herritarren arteko babes-sareak sortzea ere garrantzitsua da, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea.

Guztion ardura da berriz halakorik gerta ez dadin prebentzioa lantzea, eta jarrera aktiboak izatea parekidetasunaren alde, bazterketaren aurka, sexismoaren aurka, edozein delarik ere bere adierazpidea: bai erakunde publikoetako ordezkariok, hezkuntza-eragileek, komunikabideek, lan-esparruko eragileek, kultura-eragileek, ekonomia-eragileek, edota gutako bakoitzak, izan familian edota lagunartean.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu!

Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexismoa
Zuen etxean ere emakumeak arduratzen al dira opariak erosteaz?

Opariak erosteaz batik bat emakumeak arduratzen direla diote azterketek. Durangoko Azokan murgilduta eta Gabonak gertu, gai aproposa dirudi inkestek erakusten duten errealitateaz, gizonek jartzen dituzten aitzakiez eta emakumeek duten "zama mental ikusezina"... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Zumaiako festetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte

Zumaiako Mugimendu Feministak jakin duenez, txosnagunean bi eraso sexista izan dira, eta taberna batean eraso homofoboa. Elkarretaratzea egingo dute asteartean, 19:00etan.


Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak

Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien... [+]


2021-10-17 | June Fernández
Kamera aurrean
Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu... emakumezkoa bazara

Naiara Vink EHUko ikerlariaren doktoretza tesiak agerian utzi du Espainiako Estatuko emakumezko berriemaile eta aurkezleek bizi duten presio estetiko sexista. Zein da egoera Euskal Telebistan eta nola irauli daiteke? Sei euskal kazetariri bota diegu galdera.


Eguneraketa berriak daude