Jaurlaritzak 4,5 milioi euro bideratuko ditu “euskara ikastea errazago egiteko”

  • Aurten lehen aldiz, 16-18 urte bitartekoek C1 komunikagarritasun maila hobetzeko ikastaroa egiteko aukera izango dute, ia doan. Euskara ikasteko matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko duela ziurtatu du Bingen Zupiriak HABEren ikasturteko aurkezpenean, eta herritarrak euskaltegira erakartzeko mezua zabaldu du.

Euskara ikastea "bide gero eta errazagoa" dela gogorarazi du Bingen Zupiria Hizkuntza sailburuak. / Argazkia: Irekia.

2023ko irailaren 12a - 10:47
Azken eguneraketa:12:56
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Euskara ikastea gero eta errazagoa da”, baieztatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gasteizko Udaberria euskaltegian egindako 2023-2024 ikasturteko aurkezpenean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoeraz ari da, aurten Jaurlaritzak 4,5 milioi euro bideratu baititu, euskaltegietako matrikulak diruz laguntzeko eta baliabide digital berriak erosteko, besteak beste. Astelehenean abiatu dute HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen matrikulazio kanpaina.

16 eta 18 urte arteko gazteek izango dute berrikuntza nagusia: C1 komunikagarritasun maila hobetzeko ikastaroak eskainiko dizkiete, eta matrikula hogei eurokoa izango da. Zupiriak zehaztu duenez, 850.000 euro bideratuko dituzte programa berri horretara. “Gazteek euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea da helburua, goi-mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasteko, edo lan merkatuan euskarazko komunikazio maila egokiarekin sartzeko”.

Matrikularen doakotasuna eta euskaltegien malgutasuna aipatu ditu sailburuak, herritarrak animatzeko euskaltegian izena ematera, “bide gero eta errazagoa” baitago euskara ikasteko. Doakotasuna sustatzen jarraituko dutela azpimarratu du Zupiriak, eta aurtengo aurrerapausoa azpimarratu du: 3,7 milioi euro bideratzetik, orain 4,5 milioira. Egun, B2 maila arteko matrikulazioa dohainik da, eta C1 maila egiaztatzen duten 30 urte arteko gazteena ere bai. Dena den, gogorarazi du baldintza batzuk bete behar direla dirulaguntzak jasotzeko, hala nola maila gainditzea eta gutxieneko ikastordu batzuk egitea.

Halaber, Kultura eta Hizkuntza sailburuak jakinarazi du euskaltegi pribatuetako eta autoirakaskuntzarako zentro homologatuetako irakasleen lan-baldintzak hobetzeko asmoa dutela, udal euskaltegietakoekin duten desberdintasuna txikitzeko. Prozesu horretan 90 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du 2024-2025 ikasturtera bitartean –aurten 31.652.000 euro–.

Nafarroan ere doakotasunerantz

Euskalgintzako eragileen azken urteetako aldarri nagusietako bat euskara ikastearen doakotasuna da, egoera ez baita bera gainerako lurraldeetan, baina oroitarazi behar da aurrerapausoak ematen ari direla. Nafarroako Gobernuak dirulaguntzen igoera iragarri du ikasturte honetan: banakako laguntzetarako 350.000 aurreikusi dituzte, iaz baino 50.000 gehiago; euskaltegientzat 2,1 milioi baino gehiago (%17 igo da).

Ikasturte hasierako aurkezpenean azpimarratu zuten laguntza jasotzen duten ikasleen kopurua %30 handitu dela azken ikasturtean. Urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean egongo da zabalik laguntzak eskatzeko epea.


Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
EHEren Euskaltzale Independentisten Topaketak, urriaren 7an eta 8an Villabonan

Asteburuko egitaraua aurkeztu dute EHEko kideek. Besteak beste, sei tailer egingo dituzte bi txandatan, euskalgintzako pertsona esanguratsuekin.


Teknologia berrietarako euskarazko ahotsak bilduko ditu Gaitu ekimenak

'Gaitu' izeneko kanpaina jarri dute martxan Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. Ekimenak eremu digitalean euskararen presentzia bermatu nahi du, egungo teknologiek testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak... [+]


Mixel Oronoz euskaltzale baigorriarra zendu da

Urte luzeetan Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izandakoa da. Apaiza izanik ere, Eliza katolikoaren jokamoldeak kritikatzeagatik ere ezaguna da Oronoz. 88 urte zituela hil da, eritasun baten ondorioz.


Eguneraketa berriak daude