Jaurlaritza ikuskizunetako teknikariez ahaztu dela salatuko dute sektoreko langileek

  • Ostegun honetan elkarretaratzea egingo dute ikuskizunetan lan egiten duten teknikariek Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Goizeko 11etan beltzez jantzita eta euren lan tresnak eskuan agertuko dira, alarma-egoeraz geroztik bizi duten egoera eta erakunde publikoak haietaz ahaztu direla salatzeko.


2020ko uztailaren 1ean - 13:15
Teknikariok sindikatuaren aurkezpena Bilborocken.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariok alarma egoeran jarraitzen dugu”, irakur daiteke duela gutxi sortutako Teknikariok sindikatuak uztailaren 2ko elkarretaratzea deitzeko zabaldu duen kartelean. Arte eszenikoen, ikuskizunen eta ekitaldien teknikariak biltzen ditu eragile berri honek eta COVID-19ari aurre egiteko neurrien eraginez “egoera jasangaitza” bizi dutela salatu dute. “Langabezia arrisku erreala” bizi dutela nabarmendu dute eta bizirautea ezinezkoa egiten zaiela, “besteak beste sektorearen zati txiki bati bakarrik mesede egiten dioten laguntza eskasen ondorioz”.

Erregulatu gabeko sektorea da teknikariena. Alor horretan ari diren profesionalek etenik gabeko ordutegiak dituzte, lan-segurtasun falta eta, pandemia-giro honetan bereziki nozitu duten egoera: langabezia-laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe geratu direla. Egoera horri aurre egin nahian hasi dira mobilizatzen.

Esplikatu dutenez, teknikari baten kasuan ez da arraroa lan bera egin arren figura laboral desberdinetan sailkatuta egotea –soldatapeko langile finkokak, behin-behinekoak, obrakoak eta zerbitzukoak edo autonomo-araubidean alta emandakoak–. Nahaste hori argitzeko, hitzarmen kolektiboa eskatu du sindikatuak, gai horiek erregulatu daitezela eta teknikariak babestu ditzatela.

Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatzak egin dizkio Teknikariokek: sektoreko langileentzat 1.200 euro arteko laguntza osagarria, pandemiak eragindako lan-eskasiaren aurrean gutxieneko diru-sarrera bermatuta eduki ahal izateko; ez dadila teknikarien sektorea albo batera utzi enpleguaren jarraipena bermatzeko jaso diren kapital ekarpenetatik; Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak luzatzea “normaltasuna” itzuli arte –edo gutxienez lana jarraikortasunez egin ahal izatea berriz posible izan arte–; obra eta zerbitzu ez jarraietan altan dauden langileen kasuan, behin-behinekotasuna aitor diezaietela, alarma-egoera deklaratu zen egunean altan egon ez arren; eta autonomoen kasuan, kuoten ordainketak geldiaraztea eta jardunaren etena konpentsatzea. 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...