Ispilu deserosoa

  • Stereo antzezlan eta liburuari buruzko solasaldi irekiaren kronika. Noiz: 2018ko urtarrilaren 4an. Non: Oiartzungo Udal Areto Nagusia.

    Obra: Stereo. Antzezlea: Miren Gaztañaga. Zuzendariak: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Jauregi.


2018ko urtarrilaren 08an - 11:01
Argazkia: Ainhoa Resanorena, “Stereo” liburutik. Argazkia: Ainhoa Resanorena, “Stereo” liburutik.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Metrokoadroka Sormen Laborategiak eta Oiartzungo Antzerkizaleen elkarteak “Genero Praktikak” ikastaroa antolatu zuten urtea hasteko Oiartzunen. Horri lotuta antzerki saio desberdinak egin ziren. King Kong neska, Mr Señora eta Stereo. Lehenengo bi emankizunak Idoia Beratarbide artistak gidatzen duen Ehuntze espazioan egin ziren. Stereo berriz Oiartzunen antzoki bezala erabiltzen den Udal Pleno Aretoan.

Ikusmina sortu zuen Miren Gaztañagaren sorkuntza lanak. Urte eta erdi bazen lan honen jende aurreko emanaldirik egin ez zuela eta oiartzuarrez gain, inguruetakoak ere erakarri zituen aktore irundarrak. 2009an plazaratu zuten lehen aldiz Miren Gaztañagak eta Ainhoa Jauregi zuzendariek Stereo eta bederatzi urte pasa diren arren ez du gaurkotasunik galdu. 35 minutuko obra da eta iraupen horrek “ohiko” antzerki programatzaileak uxatu ditu, motzegia “omen”, baina egin du bere ibilbidea. Antzezlana bezain emankorra izan zen ondorengo solasaldia ere. Oier Guillanek gidaturiko solasaldi parte hartzailea izan zen bertaratutakoek Gaztañaga eta Jauregirekin izan zutena. Obra bera eta argitaratu berri duten izen bereko liburua abiapuntu hartuta. Ariketa polita izan zen ondotik sortzaileekin solasaldia edukitzearena. Ez baita ohikoena izaten antzerkian.

Oholtza gainean Miren Gaztañagak lau pertsonaia desberdinak gorpuzten ditu. Lau pertsonaia, lau azal, lau larru. Ilunpean hurbiltzen da ikuslearengana, hor somatzen dira lehen ezusteko eta irribarre urduri txikiak. Ondotik datoz desodorantearen itomena, ezpain gorrien marra asimetrikoak, aho okerraren bibote gominaduna. Musikaz eta argiztapenaz lagundurik animalia mugimenduak, mugimendu borobilak eta zuzenak antzemango ditu ikusleak. Gora, behera, ezkerrera, eskuinera. Salto, bira, etzan. Eszenatokian ez dago hutsunerik.

Akziorik ez dagoenean ere akzioa nagusitzen da. Pertsonaia batetik besterako aldaketen lekuko baita ikuslea. Egunero norberak ispiluaren aurrean egiten dituen erritual berberak egiten ditu Gaztañagak jendearen aurrean. Tarte horietan ere ez dago etenik, ez du ezer esaten eta dena esaten du. 35 minutuko obra dotorea, ez du ezer falta eta ez du ezer soberan.

Generoa, feminitatea, maskulinitatea, rolak, mugak eta mugarik eza. Ispilu lanak egiten dituen lana da Stereo, aulkian ikuslea deseroso sentiarazten duen horietakoa. Baina ez ikusteko ederra ez delako, norberaren deserosotasunak islatzen dituen ispilu stereoa delako baizik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Amagoia Gurrutxaga eta Ximun Fuchs:
“Sinpatikoak izaten saiatu gara, baina horrek ez digu funtzionatzen”

Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak 6. edizioa izango du aurtengoa. Ekainaren 7an egingo da, ohi bezala larunbatez, Baltsan elkarteak eta ARGIA komunikabideak antolatuta. Atarian, sorkuntzaren gibelean dagoenaz mintzatzeko, maiz bistaratua ez den baina zorionez geroz eta... [+]


Icebergaren punta

Putaren bakarrizketa eroetxean

  • Egileak: Franca Rame eta Dario Fo.
  • Itzultzailea: Xabi Martinez De Lezea.
  • Aktorea: Laura Penagos.
  • Noiz: apirilaren 12an.
  • Non: Zizurkilgo Atxulondo Kultur... [+]


Gidoia jarraitzen ez dutenen agertokia

Koiunturak alarma gorria piztu dio euskal antzerkigintzari, eta ez da izango zauririk ez duelako, baina hilzorian al dago? Fokuek zer argitu nahi duten eta zer ez, hori da gakoa. Butakaren noranzkoa, alegia. Oihala zabaldu da eta antolatzaileak eserlekuei begira daude. Lanari... [+]


“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


Eguneraketa berriak daude