Islandiako parlamentuan emakumeak ez dira gehiengoa izango

  • Larunbatean egin dira hauteskundeak Islandian, eta lehen zenbaketak egin ostean iragarri dute hautetsien gehiengoa (%52) andrazkoak izango direla. Europako herrialde batean hori gertatzen den lehen aldia izango litzateke, baina akatsak egon dira kontaketetan: 33 emakume beharrean, 30 egongo dira eserlekuetan.


2021eko irailaren 27an - 10:38
Azken eguneraketa: 12:40
Katrin Jokobsdottir Islandiako lehen ministroa. Argazkia: Islandiako Gobernua

Larunbat honetan egin dira Islandiako hauteskundeak, eta lehen zenbaketen ondoren, herrialdeko agintariek emaitza historikoak aurreikusi dituzte. “Albiste nagusia da emakumezkoak lehen aldiz gehiengoa direla Islandiako Legebiltzarrean, eta lehen aldiz gertatu dela hori Europan. Oso berri ona da”, adierazi du Gudni Johannesson herrialdeko presidenteak.

Halere, notiziak gutxi iraun du. Kontaketetan akatsak egon dira, eta badirudi emakumezkoek ez dutela gehiengorik lortuko Islandiako Gobernuan. Legebiltzarrak 63 aulki ditu, eta lehen datuen arabera, horietako 33 emakumezko hautagaientzako izan behar ziren (%52); orain zabaldu denez, 30 izango dira andrazkoentzako (%47,6) eta 33 gizonezkoentzako. 

Historikoa izango lirateke emaitzak, hasierako aurreikuspenak bete izan balira. Izan ere, Europan ez da inoiz gertatu emakumeek betetako aulkiak gehiengoa izatea legebiltzar batean. Suediak dauzka daturik parekideenak, eserlekuen %47 baitituzte emakumeek. Mundu mailan bost herrialde heltzen dira kopuru horietara, baina guztiak Europatik kanpo daude: Ruandan emakumeak %61 dira; Kuban, %53; Nikaraguan %51; eta Mexikon zein Arabiar Emirerri Batuetan, %50.

Beste herrialde askotan bezala, Islandian ez dago emakume legebiltzarkideentzako kuotarik. Baina politikarien artean emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunetik hurbil daude. Are gehiago, Islandia izan zen 1980. urtean emakumezko presidentea aukeratu zuen lehen herrialdea: 1996ra arte agintean egon zen Vigdis Finnbogadottir.

Martxoan, Munduko Ekonomia Foroak hamabigarren aldiz jarri zuen Islandia podiumaren gorenean, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunari dagokionez. BBC kateak jaso duenez, herrialdea lehena izan da parekidetasuna bultzatzeko hainbat neurri onartzen: aitatasun eta amatasun baimen bera eskaintzeaz gain, 1961ean onartu zuen gizon eta emakumeentzako soldata parekidetasuna arautzen duen legea.

Jóhannesson presidenteak hurrengo pauso gisa iragarri du emakumeak legebiltzarrean gehiengoa izatea: "Eskerrak ematen dizkiet emakumeen eskubideen alde etengabe borrokatu diren guztiei. Gudua oraindik ez da irabazi, baina harro gaude generoen arteko berdintasunaren bidea globalki zuzentzeaz". Azkenean, ordea, ez dituzte lortu espero zituzten emaitzak.

Hauteskundeetako datuak

Islandiako Gobernua hiru alderdiren koalizioak osatuta egon da orain arte: Ezkerreko Mugimendu Berdea, Independentziaren Alderdia eta Alderdi Progresista. Katrin Jokobsdottir ezkerreko liderra izan da koalizioko lehen ministroa, eta oraingo bozetan ere gehiengoa lortu du hautesontzietan.

RÚV Islandiako hedabideak bigarren kontaketaren ondoren zabaldu berri ditu bozketako datuak. Progresistek 4.448 boto lortu dituzte; independenteek, 3.897; eta berdeek, 1.978. Koalizioak, orokorrean, botoak irabazi ditu, eta gobernuan sendotu egingo du bere lidergoa. Baina hiru alderdien artean, eskuineko taldeek ezkerrak baino boto gehiago irabazi dituztenez, horrek kolokan jarri du batasunean Ezkerreko Mugimendu Berdeko Jokobsdottirrek beteko duen papera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Islandia
Islandian milaka emakumek kaleak hartu dituzte genero-berdintasuna eskatzeko

Protestak jarraipen masiboa izan du, eta Katrin Jakobsdóttir lehen ministroak ere bat egin du lanuzteekin. Herrialdeko soldata arrakala eta genero indarkeria salatu dituzte.


Zorioneko daude azken baleak: baliteke guk bizia barkatzea, milaka zuhaitzek baino CO2 gehiago biltzen dutelako

Islandiak jakinarazi berri du 2024tik goiti ez duela gehiago balearik ehizatuko. Luzaz horien sarraskia salatzeko piztutako protestengatik ez bezala, orain islandiarrek amore eman bide dute baleak bizirik ikustera uharteraino hurbiltzen diren turisten diruagatik. Baina, gainera,... [+]


Eiríkur Örn, idazlea
"Faxistei boto ematen dietenak ez dira gure etsaiak, haien politikak baizik"

Eiríkur Örn Norðdahl (Reykjavik, 1978) idazle islandiarra Ilska (Makurkeria) izenburuko bere laugarren eleberriari esker iritsi zaigu Islandiatik kanpoko irakurleoi. Lituaniako herrixka bateko juduen sarraskia abiapuntu hartuta, xenofobiari eta populismoari... [+]


2018-01-03 | Miren Osa Galdona
Urte berriarekin, debekatuta dago lan berdina egiteagatik emakumeei gutxiago ordaintzea Islandian

Legez arautu dute soldata berdina lortzeko eskubidea Islandian. Urte berriarekin batera, lan berdina edo balio bereko lana egiteagatik ezingo zaie gutxiago ordaindu emakumeei. Soldata berdintasuna legez bermatzen duen lehen herrialdea da.


Katrín Oddsdóttir. Islandiako konstituzio berriaren egileetakoa
"Islandiako konstituzioaren testua ez da iraultzailea, egiteko prozesua ordea bai"

2008ko krisialdiaren ondoren, askotariko erreakzioak egon ziren munduko bazter askotan. Gehienetan herri mobilizazioek izan zuten garrantzia, sakoneko aldaketak eskatzen zituzten mugimenduak. Islandian prozesu eratzaile eta legegile batek hartu zuen erreleboa, eta herritarren... [+]


Eguneraketa berriak daude