"Faxistei boto ematen dietenak ez dira gure etsaiak, haien politikak baizik"

  • Eiríkur Örn Norðdahl (Reykjavik, 1978) idazle islandiarra Ilska (Makurkeria) izenburuko bere laugarren eleberriari esker iritsi zaigu Islandiatik kanpoko irakurleoi. Lituaniako herrixka bateko juduen sarraskia abiapuntu hartuta, xenofobiari eta populismoari buruzko maitasun istorio bat aurkeztu du Norðdahlek, Europan barrena sari ugari jaso eta zazpi hizkuntzatara itzulia izan den liburuan.

Argazkia: Oriol Clavera.
Argazkia: Oriol Clavera.

Jurbarkaseko (Lituania) gertakariak dira Illska-ren abiapuntua: herriko biztanleen erdiak judutarra zen beste erdia (1.924 pertsona) akabatu zuen hiru hilabetean. Zeren sinbolo da Jurbarkas, gaur egungo testuinguruan?

Jurbarkastarrek beren betiko bizilagunak sarraskitu zituzten Wannseeko konferentzia baino lehen, hau da, agindu zuzenik jaso gabe jendeak bazekien zer egin behar zuen

Ni ere herri txiki batekoa naiz eta herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar, aurpegiz besterik ez bada. Nola ulertu, beraz, norbaitek txikitandik ezagutzen duen okina hiltzea? Auschwitzekoaz bestelako izugarrikeria batez ari gara, han soldaduek jende guztiz arrotza akabatu baitzuten botoi bat urrundik sakatuz. Baina kasu honetan beren betiko bizilagunak sarraskitu zituzten, eta horixe izan zen gehien txunditu ninduena. Guztia ere Wannseeko konferentzia baino lehen gertatu zen, hau da, agindu zuzenik jaso gabe jendeak bazekien zer egin behar zuen. Dena den, ez dakit sinbolo gisa hartu ote nuen. Gertakari hari buruzko zerbait irakurriko nuen eta gai ezezagun hari tiraka hasi nintzen.

Zure liburua amnesia programatuaren aurkako arma bat da, ezta?

Bai, hala da. Iragan historikoa berreskuratzea amnesiaren aurka borrokatzea da, argi uzteko “bai, hau eta hau gertatu zen”. Gauza jakina izan arren, oso garrantzitsua da behin eta berriro errepikatzea, ez ahazteko eta beti badelako norbait iraganaren berri ez daukana.

Lituaniaren kasuan, amnesia sistematikoa izan da, modu aktiboan bultzatu dute. Genozidioaren museoa daukate hiriburuan, baina ez da Holokaustoari buruzkoa, Sobiet Batasunaren aurkako gerrillei buruzkoa baizik. Gerrilla mito nazional handia da, baina borrokalari haietako asko juduen aurkako sarraskien egileak izan ziren, halaber, eta beraz, nire adineko batek umetan entzungo zuen aitona Sobiet Batasunaren aurka borrokatu zela eta Sobiet Batasuna gainbehera etortzean estatua bat jarriko zioten eta heroi bihurtuko zen.

Baina lehen egin zuenaren aipamenik ez.

Horixe da kontua. Eta jende askok ez zekien. Bazekiten alemanak etorri eta juduak hiltzen zituztela, baina alemanen kontua zen bertakoentzat. 2000. urte inguruan jendea gertakari haiek ikertzen hasi zen. Jendea oso haserre dago orain Jurbarkasen, zure aitona heroia hiltzaile nazi bat izan zela entzutea oso gauza bortitza delako. Baina batak ez du bestea kentzen. Heroia izan zaitezke zure bizitzaren puska batean eta nazia beste puska batean.

II. Mundu Gerra amaitzean alemanak “guk ez genekien” kartelekin atera zirenekoa gaur egun sinesgaitza zaigula-eta, zure pertsonaia batek Irakeko milioi eta erdi hildakoak aipatzen ditu.

Normalean askoz gehiago dakigu benetan konturatzen garena baino. Alemaniaren kasuan, nik uste jendeak bazekiela zer gertatzen zen gutxi gorabehera. Juduak Madagaskarrera, Argentinara, Palestinara… eramateko proiektu politikoa Holokaustoaren aurretik zetorren eta bizilagun judutarrak desagertzen hasi zirenean jendeak pentsatu nahiko zuen “Israelera iristen lagunduko zieten”, ez akabatu egin zituztela.

"Badakigu zenbat pertsona hiltzen diren Mediterraneoan, gure luxua sortzen duten fabriketan... ezin dugu esan 'ez nekien'"

Orain, ordea, ederki dokumentatuta daukagu gertatzen ari dena eta badakigu zenbat pertsona hiltzen diren Mediterraneoan, AEB-Mexiko arteko mugan, hirugarren mundura eraman ditugun gerretan eta gure luxua sortzen ari diren fabriketan. Kontsumitzen ditugun gauza gehienak fabrikatzeko baldintzak ez genituzke onartuko ez geuretzat, ez geure seme-alaba edo lagunentzat. Dokumentalak dauzkagu eta podcast-ak eta argazkiak eta, beraz, ezin dezakegu esan “ez nekien nire iPhone-a umeek egina zenik”.

Argazkia: Oriol Clavera.

Judith Butlerrek aipatzen duen erabili eta botatzeko bizitzen logika ikusten dugu hemen, ezta? Gu adina gizaki ez direlako sentipena.

Erabat! Azpi-gizakiak bezala tratatzen ditugu. Indonesiako fabrika bat aurkituko bagenu Frantzia erdian ikaragarrizko zalaparta piztuko litzateke eta urtetarako kaos politikoa izango genuke. Baina Indonesian dagoenez eta indonesiarrak besterik ez direnez, ez du axola. Mendebaldearen politika kapitalista da egoera hori mundu osora zabaltzen ari dena.

Europan eskuin muturrak duen hedapena dela-eta, neonaziak ergel koadrila gisa aurkezteko joerarekin ez duzu bat egiten. Diozunez, arazoa ez da haien ahalmen intelektuala, haien politikak baizik.

Askotan gertatzen da jendearen aurka borrokatzen bukatzen dugula, pentsatzen dugulako faxistak edo neopopulistak edo haien alde bozka ematen dutenak ergel hutsak direla. Baina arazoa haien izaera dela pentsatzen baduzu, eta ez dagoela haiekin ezer egiterik, bada, irabazteko modu bakarra buruan tiro egitea da. Eta hortik datorren gauza bakarra gerra da eta iruditzen zait oso aukera txarra dela.

Hasi behar dugu pentsatzen jendeak barneratzen duen ideologia bat dela faxismoa, baita gizarte neoliberalaren ondorio guztiz normala ere. Eta gaur egungo ezkerraren arazoa da ez dela ezker moduan erantzuten ari eta ez dela ezker politikak aplikatzen ari.

"Islandian 2009an ezkerreko gobernu bat izan genuen lehenbiziko aldiz, gobernatzeko eskuinaren premiarik ez zuena. Zer gertatu zen? Ba eskuineko politikak aplikatu zituztela, eskuinak egingo zukeen baino motelxeago"

Islandian 2009an ezkerreko gobernu bat izan genuen lehenbiziko aldiz, gobernatzeko eskuinaren premiarik ez zuena. Zer gertatu zen? Ba eskuineko politikak aplikatu zituztela, eskuinak egingo zukeen baino motelxeago. Azkenean ematen du abiadura kontua dela eskuineko eta ezkerreko politiken arteko alde bakarra. Eta jendea gero eta eskubide gehiago galtzen ari da eta gero eta haserreago dago eta gero eta gehiago jotzen du muturrera, faxismora eta populismora, pentsatzen dutelako faxistek behinik behin programa erradikal bat eskaintzen dutela nolabaiteko itxaropena ematen diona haserre dagoen jende askori.
Konturatu behar dugu haien alde bozkatzen dutenak ez direla gure etsaiak. Haiek zabaltzen dituzten ideiak dira gure etsaiak eta gelditu egin behar ditugu haien politikak. Baina jende hori gure anai-arrebak dira eta gure artera ekarri behar ditugu.

Eleberriko beste gai garrantzitsu bat maskulinitatearen krisia da eta zeinen lekuz kanpo sentitzen diren gizon asko. Incel mugimenduaren gorakada krisi horren ondorio izan daiteke?

Egia esan, ez dut askorik pentsatu incel mugimenduari buruz, baina gauza nabarmena da nagusiki gizonak direla eskuin muturra bultzatzen eta gidatzen dutenak. Liburuan aipatzen dudan bezala, eskuineko alderdi askok emakumezkoak dauzkate lehen lerroan, beren nazi itxura murrizteko edo. Baina boto-emaileen %70 gizonezkoak dira. Beldurgarria!

Eskubideak galtzeko sentsazioa edo aurreiritziak dira jendea eskuin muturrera bultzatzen dutenak eta incel mugimendua enbor bereko ezpala da. Mugimendu feministaren lorpenak botere-orekatze bezala ulertu beharrean botere-galera gisa ulertzearen ondorio bat, eta inork ez du boterea askatzen harengatik borrokatu gabe.

Europa iparraldeko existentzia itxuraz baketsu eta begirunezkoa ere salatzen duzu. Zergatik ideal horien aurka egiteko beharra?

Europa iparraldeko existentzia baketsua itxurakeria hutsa da. Munduko arma esportatzaile handienetakoa Suedia da

Itxurakeria hutsa delako. Munduko arma esportatzaile handienetakoa da Suedia, 60ko hamarkadan biztanleria ezinduaren erdia zikiratu zuten, horko herrialde batzuek Afganistanen eta Iraken parte hartu zuten… Tropak bidaltzen ditugu munduan barrena, baina gero Nobel sariak eta bake sariak banatzen eta on-onak izateko itxurak egiten ditugu, besteak bezalako basati arrazista hutsak ez garela erakutsi nahian, baina izan bagara, jakina!

Islandia bezalako herrialde txiki batekoa izanik, zure herriko literaturaren ordezkaria izateko ardura sentituko duzu nolabait, ezta?

Frantziako liburu-azoka batean izan nintzen orain dela pare bat urte eta sinadura eskatu zidaten den-denak Islandian izanak ziren edo hara joateko asmoa zeukaten. Bidaia-agentzia bat izan banu dirutza galanta egingo nukeen! Liburua islandiarra zelako erosten zuten gehienbat. Eta herrialde txiki batekoa izanik, iragarki ibiltari bat sentitzen zara batzuetan.
Arazo handiak dauzkat Islandiako kultura, politika eta diskurtso orokorrarekin, eta oso arraro sentitzen naiz kontu honekin. Baina islandiar kulturaren parte ere banaiz. Eta iruditzen zait hizkuntza txiki batek funtzionatuko badu oso garrantzitsua dela literatura sendoa eta idazle-klase sendoa edukitzea, eta hizkuntza horretan idazten duen gutxieneko idazle kopuru bat behar duzu hizkuntza hori existitu dadin. Gure kultur politiken artean nabarmenduko nukeen gauza on bat da idazleentzako daukagun laguntza- edo beka-sistema.

Hizkuntza bati eusteko behar duzuna ez da gutxieneko biztanle kopuru bat, gutxieneko idazle kopuru bat baizik

Faroe uharteetan bizi nintzen duela urte batzuk: 50.000 biztanle baino ez dira eta beren hizkuntza daukate. Ni hiriburuan bizi nintzen, 17.000 biztanle ginen, baina hiriburu baten azpiegitura guztiak geneuzkan: antzoki nazionala, orkestra sinfoniko txiki bat, era guztietako idazleak, margolariak… Eta orduan konturatu nintzen hizkuntza bati eusteko behar duguna ez dela gutxieneko biztanle kopuru bat, gutxieneko idazle kopuru bat baizik: demagun, berrogeita hamar idazle, bi urtetik behin argitaratzen dutenak eta, beraz, hogeita bost liburu urtean. Masa kritiko bat, alegia.

Estatua izateak lagunduko du, noski.

Bai, bai, estaturik ez bagenu ez genuke gure literaturarik, gure hizkuntzak ezingo luke bizirik iraun.


ASTEKARIA
2019ko ekainaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antifaxismoa
2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Herriak faxismoa gelditu zuenekoaren lekuko den zubia Donostian

Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.


Hilberria
Gilles Perrault idazle antifaxista zendu da

Idazle frantziarrak Euskal Herriaren askapenarekiko abegikortasun handia zuen. Nazismoaren biktima izan zen, eta Marokoko erregimenaren indarkeriak argitara ematen erreferentea. Normandiako bere etxean hil da, 92 urterekin.


Eguneraketa berriak daude