Ahal Duguk eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposatu dute Foru Aldundiak ordezkaritza ofiziala bidal dezala Irungo Alarde parekidea babestera. Kontra bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.
20 urte beteko ditu aurten Irungo Alarde parekideak: Gipuzkoako bigarren hiri handieneko jaietan, emakumeek eta gizonek berdin desfilatu dezaketen alarde bakarra da hori. Besteak, baztertzaileak, ez die emakumeei desfilatzen uzten, konpainia bakoitzak izaten duen kantineraren salbuespenarekin.
Efemeridearekin bat eginez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Ahal Duguk mozioa adostu zuten, Aldundiari ordezkaritza ofiziala bidal dezala eskatuz. Asteazken goizean eztabaidatu da mozioa, baina ez du gainontzeko alderdien babesik jaso.
EAJk, PSE-EEk eta PPk “festa sentitzeko bi moduak” onartu behar direla argudiatu dute, emakumeei jaietan parte hartzen ez uztea errespetatu beharreko “sentsibilitate” gisa hartuz. Jeltzaleek osoko zuzenketa egin diote desfile parekidea babesteko eskatzen zuen mozioari eta 27 botorekin aurrera atera da. Zuzenketa horretan, Alarde parekideari babesa adierazi ordez, Aldundiari eskatzen zaio “bitartekaritza lana” egin dezala “Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin”.
Ainhoa Beola EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du legegintzaldi honetan 20 ekimen izan direla gai honekin lotuta eta denei ezezkoa eman dietela EAJk eta PSEk. Jarrera horren erruz, “bazterkeria instituzionalizatu da”, Beolaren ustez.
Santano Alarde parekideari harrera egiten?
Batzar Nagusietakoa ez da izan Irungo Alardeak azken egunetan eman duen albiste bakarra. Sare sozialetan eta mezularitza-aplikazioetan El Diario Vasco egunkariaren webguneko albiste baten antza daukan pantaila-argazki bat asko zabaltzen ari da: albisteak dio Jose Antonio Santano Irungo alkateak (PSE-EE) lehenbiziko aldiz harrera egingo diola Irungo Alarde parekideari.
Benetakoa ez den albiste horretan, alkatearen ahotan jarri dute jarreraz aldatzeko erabakia.
Ez dago jarrera aldaketarik ordea, Santanok bere Facebookeko orrian argitaratu duen azken mezua irakurrita ikusten denez. Irungo alkateak kritikatu du sarean gezurrak esatea errazegia dela.
Jaso dituen erantzunen artean zenbaitek alkateari babesa adierazi dioten arren, beste batzuek leporatu diote albiste faltsuaren aitzakian beste behin ere saihestu egin duela emakumeek parte hartzen duten desfilearekiko jarrera aldatzea; eta herritar batek adierazi du gustatuko zitzaiola albiste faltsua egiazkoa izatea.