Zuri-beltzaren gainetik, zuri-gorria

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Halaxe dirudi bukatu ez den eztabaidak. Zuri-beltzekoa. 1997ko ekainaren 30eko argazkia bezalaxe. Ordurako ondo sartua zegoen kolorea analogikoan, ez horrenbeste zenbait burutan. Efemeride honekin egin dut topo egutegian, urteurren borobila aurtengoa Irunen, eta aztarka hasi naiz, zer topatuko orduko ARGIA zaharretan. Eman ote zioten lekurik aldizkariko lerroetan? Zein izan ote zen tonua?

Topatu ditut pare bat iritzi artikulu. Bata ekainaren 30 seinalatu hartako datarekin argitaratua eta bestea uztailaren 6ko zenbakian; Jose Inazio Ansorenak eta Luix Barinagarrementeriak sinatuak, hurrenez hurren. Garaian kokatzeko balio izan didate. Ansorenak bi tradiziozale motaz hitz egiten zuen.

“A Tradiziozaleak ohiturak eta erritoak isolatu egiten ditu, ez ditu garai bateko pentsamolde, sozietate eta kultura osoan integratuta eta erlatibizatuta ikusi nahi. (…) Bere esaldi maiteenetakoa hauxe da: pasatako garaiak beti hobeak. (…) B Tradiziozaleak, berriz, esaldi hau hartzen du goiburu: humanoen mugak zein diren ezagututa ere, ahaleginduko naiz datozen garaiak hobetzen. Eta horregatik tradizioa pasatako garaien EKARPENA denez, bertan alderdi onak eta txarrak ikusten ditu, aprobetxatzeko modukoak eta arbuiatzekoak, eta galbahetik pasatzeko beharra aldarrikatzen du”.

Hogeita bost urteren ondoren ere, nahikoa aktualak, aktualegiak diren hitzak.

1996ko eta 1997ko urte haietan Irunen eta Hondarribian izugarrizko tira-birak piztu zirela esatea ez da ezer berria. Alardepublico.org webguneko “Historia” atalean, adibidez, hemen eman dezakedana baino informazio sakonagoa topa dezakezue orduko egoerari buruz. Dakidana da orduan piztutako liskarra baretzen saiatu ez eta gainera sua pizten aritzeagatik hurrengo urteetan ere hobetuko ez ziren tentsioak eragin zituela batzuen jarrerak. Gaur arte dirauten haserreak.

ARGIAk bere fototekan lehen urte hartako argazkirik ez badu ere, 2000. urtekoak baditu gordeta eta nahikoa erakusten dute: alarde parekidea ertzainez inguratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA