24 egun iraun dituen lanuztea bertan behera uzteko erabakia hartu dute Iruñerriko garraio publikoko langileek. TCC enpresako zuzendaritzak sindikatuekin eta langile batzordearekin adostutako akordioari oniritzia eman diote eta gaur goizetik normaltasunez ari da hiri garraioa funtzionamenduan.
Astelehenean enpresako langile batzordea Iruñerriko Mankomunitatearekin batzartu eta akordiorako oinarriak adostu ostean greba amaitu eta lanean hasteko nahia adierazi dute langileen gehiengoak.
Deituta zeuden 447 gidarietatik 400ek hartu dute parte bozketan. Horietatik 313k lanuztea utzi eta akordioa adosteko botua eman dute, 79k ezezkoa, bostek zurian bozkatu dute eta beste hiruk bozka baliogabea.
Enpresak proposatutako lan hitzarmen berriarekin hainbat eskubide galduko dituzte langileek, eta baldintzak okertuko zaizkie. Espainiako lan erreformari jarraiki, %5,38 jaitsiko zaie soldata autobus gidariei.
Hala ere, hilabeteetako lan gatazkari amaiera eman dion itunak 2015ean eta 2016an soldatak hobetzeko aukera eta lan hitzarmen berria sinatu arte orain artekoaren atzeraeragintasuna bermatzea jaso ditu.
Horrez gain, hainbat langileri irekitako espedienteak kaleratzerik gabe itxi eta enpresa barruan argituko direla bildu du akordioak. Eta 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen kontratatutako langileei kontratu iraunkorra eginen diela hitzeman du TCC enpresak.
Iruñerriko Mankomunitateak langile eta enpresaren arteko negoziazio prozesuaren berri izan beharko du etengabe; eta akordioan bildutako puntu guztiak betetzen direla bermatu beharko du.