ELB sindikatuaren aldizkaria den Laborari-k plazaratu duenez, inoizko preziorik apalenak ari zaizkie ordaintzen Ipar Euskal Herriko baserritarrei esneko arkumeen merkatuan. Eguberrietan Espainiako Estatura –tartean Hegoaldera– saltzen dituzten esneko axurion prezioaren hondoratzeak kinka larrian jar ditzake etxalde askotako ekonomiak.
"Iritsi gara axuriak saltzera aurretik preziorik finkatu gabe", esan dio Laborari-ri Frantxoa Mocho Baigorriko baserritarrak. Bere etxealdearen diru-sarreren %10 osatzen duen esneko axuria lehendik preziorik onenean saltzen ez bazuen, aurtengoa inoiz ikusi gabekoa gertatzen ari da, COVID-19 pandemiaren eraginez hain atipiko bihurtu diren Eguberrion atarian.
2019ko azaroaren lehen astean esneko bildotsa bataz beste 3,40-3,45 eurotan saldu baldin bazen, 2020ko data berdinetan prezioa 3,25 eurotan zebilen. Azaro amaierarako are gehiago merkatu zen, 2,80raino, urte bete egun beretan lehenago 3,40-3,45tan zebilenean. Abendu hasieran doi bat errekuperatu dira prezioak baina baserritarrak oso daude kezkatuta egoeragatik.
Oraingoan zerikusi zuzena badu COVID-19 pandemiak sortutako egoera bitxiak, baina Laborari-ren analisian arazoa lehendik dator: Frantziako estatuan Eguberrietako axuria produktu baliotsutzat jotzen den arren, Pirinioz beheko aldetik jendeak ez omen dio ematen kategoria bera eta horregatik nagusitu dira hain erraz Italia, Grezia eta abarretatik iritsitako arkume merkeagoak.
Iparraldeko laborariak asko ari dira saiatzen urteotan zuzeneko salmenten antolakuntzan, beren baserrietako produktuak prezio duinetan ateratzeko ahaleginean. Baina hurbileko salerosketa horiek ezingo dituzte irentsi Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako arditegietatik asteotan atera behar dituzten 300.000 bildotsak. Eta aurtengo ondorioez harago, kezka da hurrengo urteko prezioetan ere aurtengoak hartuko ote diren erreferentziatzat.