Inor Ez Da Ilegala proiektuaren kamiseta, poltsa, jertse edota libururen bat erosi duzuenoi esker, orain arte 15.720 euro bideratu dira Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo elkartera: kooperatiba bat sortzen saiatzeko erabili zuten dirua hasieran, eta pandemiak gehien kaltetu dituen familia migratzaileentzat martxan duten erresistentzia-kutxan sartu dute dirua ondoren. Mbolok jarraitzen du denontzako eskubideen alde borrokan eta denontzako bizimodu duina bermatzeko lanean; proiektua sostengatu nahi baduzu, jantzi aldarrikapena soinean: Inor ez da ilegala, Amul been nit ku leegalul!
Duela bi urte jaio zen Inor Ez Da Ilegala ekimena, ARGIAren eta Mbolo Moye Dooleren elkarlanetik. ARGIAk egindako salmenta bakoitzeko, irabazien erdia ARGIA proiektua eta beste erdia Mbolo elkartea indartzeko da. Mbolok berak egiten duenean Inor Ez Da Ilegalaren jertse, kamiseta, liburu eta poltsen salmenta, apur bat handiagoa da Bilboko senegaldarrek eskuratzen duten diru kopurua. Eta apurka-apurka, babes ekonomiko esanguratsua lortzen ari dira.
Zertan inbertitu da dirua?
Kale saltzaile senegaldarrak eurak joan dira erabakitzen Mbolora bideratutako dirua nola kudeatu. Kale salmenta modu legalean egiten ari zirela, legea gogortu eta klandestinitatera kondenatu zituzten; horri aurre egiteko baliatu zuten hasieran dirua. Kooperatiba sortu nahi zutela-eta, traba trabaren atzetik oraingoz gauzatu ez den egitasmo horretarako gorde zuten ondoren dirua. Eta orain, pandemia betean, argi dute diruak nora joan behar duen: premia handiena duten migratzaileak laguntzeko sortu duten erresistentzia-kutxara. Berez, konfinamendu garairako sortu zuten, egunekoarekin bizi den jendea ezer gabe geratu baitzen goizetik gauera, gobernuek martxan jarritako diru-laguntzetatik kanpo ere bai –migratzaile askok paperik ez dutelako–, baina egoerak onera egiten ez duela ikusita, aktibo mantentzen dute erresistentzia-kutxa. “Erresistentzia-kutxako diru-sarrerak konfinamendu garaikoak baino askoz txikiagoak dira, eta ulergarria da, uste baino gehiago luzatzen ari da hau guztia, horregatik datorkigu ongi Inor Ez Da Ilegalaren dirua ere, erresistentzia-kutxa sendotzeko eta biltzen goazen diruarekin okerren dauden familiak laguntzeko”, kontatu digu Khadim Sambe Mboloko kideak.
Pandemia kolpe latza izaten ari da aurretik baldintza gogorrak jasaten zituzten migratzaileentzat, eta tinko segitzen dute borrokan eta lanean, denen eskubideen alde. “Oraintxe, ari gara errolda soziala eskatzen, beste hainbat elkarterekin batera. Kalean bizi direnak eta etxebizitza finkorik ez dutenak erroldatzea da helburua eta akordioa ere adostu genuen administrazioarekin pasa den udan, baina ordutik ez dute ezertxo ere egin, ez dute inor erroldatu”, salatu du Sambek. Eta errolda, erregularizazioa oro har, funtsezko –eta justiziazko– bitartekoa da, bizimodu duina lortu ahal izateko. “Nik adibidez zortzi urte pasatxo daramatzat Bilbon, eta paperik gabe jarraitzen dut, ilegal, ezin lan duinik egin”, kexu da Mboloko kidea.
Segi proiektua indartzen
ARGIA eta Mbolo babesten jarraitzeko eta aldarrikapena kalera ateratzeko, Inor Ez Da Ilegalaren produktuak ARGIAren azokan eros ditzakezu (edo 943 371545 telefonora deituta), eta Bilbo ingurukoa bazara, Mbolori zuzenean ere egin diezaiokezu eskaera, Bouba Dioufi deituta: 688 736 963.
Aspaldian sarri ikusten dut kalean Inor ez da ilegala aldarria. Poltsan idatzita ez bada, jertsean; eta jertsean ez bada, kamisetan. Kolore askotan. Kolore guztiek, edozein izanik ere, eduki beharko baikenituzke eskubide berak. ARGIAk eta Mbolo elkarteak duela lau urte hasitako... [+]
Denda fisikoetara egin du salto Inor ez da ilegala proiektuak eta Euskal Herriko bost hiriburutan eskuratu ahalko ditugu.
Sekula pentsatu duzu, irakurle, non serigrafiatzen diren Inor ez da ilegala edo Lurra herriari deika proiektuetako kamiseta, jertse eta poltsak? Artizar serigrafia dugu honetan bidelagun.
Maiatzean, patera batean heldu zen Kanaria uharteetara. Frantziara gurutzatu nahi zuen familia kide batekin elkartzeko asmoz. Hiru hilabetetan, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan hil den hirugarren pertsona da Coulibaly.
Igandean, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga gurutzatzen saiatu zen gazte bat hil zen Bidasoan. Apiriletik zendu den hirugarrena da. Astelehenean, elkarretaratzea egin dute Irunen gertatuta salatu eta Europako migrazio politikak aldatzea eskatzeko.