Inkesta bat abiatu du Bagira-k, Ipar Euskal Herriko proiektu abertzalea kolektiboki definitzeko asmoz

  • 40 galderaz osatua da galdeketa, eta azken urteetako bilakaeraz, abertzaletasunaren oinarriez, epe ertaineko helburuez eta antolaketa-helburuei buruz herritarrek dituzten ekarpenak biltzea da Bagira-ren xedea. Ipar Euskal Herriko abertzaletasuna "birfundatzea, indartzea, eta egungo erronkei helduz beste 60 urteko ibilbidea egiteko oinarriak jartzea" ditu Bagira kolektiboak helburu.


2023ko maiatzaren 4an - 11:52
Azken eguneraketa: 14:26
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak 60 urte betetzen dituen urtea izanik, iraganari begiratu eta gaur egungo behar eta desioetatik biharko proiektu abertzalea marraztea du xede Bagirak. Lehen fase batean herritarren eta belaunaldien arteko transmisio historikoa landurik, bigarrenari lotu dira: inkesta bat zabalduko dute ondoko egunetan. Abertzale identifikatzen den ororen iritzia jasotzea dute helburu: "Betiko abertzaleak, berriki hurbilduak, militanteak, aldekoak... Helburua da egin ahala jende galdekatzea", Anita Lopeperen hitzetan.

Ipar Euskal Herriko abertzaletasuna "birfundatzea, indartzea, eta egungo erronkei helduz beste 60 urteko ibilbidea egiteko oinarriak jartzea" ditu Bagira kolektiboak helburu. Maiatzaren 3an egindako prentsaurrekoan errandakoari segi, ondoko galdera sakonak dituzte landu nahi: "Zer da abertzaletasuna XXI.mendean? Zeintzuk dira Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak erdietsi beharreko helburu nagusiak epe ertainean? Nola antolatu helburu horiek elgarrekin lortzeko? Zeintzuk dira gaur egungo Mugimendu Abertzalearen indargune eta ahulguneak?"

Aztiker Ikergunea kooperatibaren laguntzaz bideratu dute galdeketa. Inkestan parte hartzeko, izena eman behar da ondoko loturan: https://labur.eus/bagiraemaila  –hala ere, jakin anonimoki erantzuten dela galdeketari–.

Aberri Egunaren balorapen "biziki baikorra"

Bi egunez, 3.000 lagun elkartu ziren Itsasun aurtengo Aberri Egunaren kari. Balorapen "biziki baikorra" egiten du Bagirak: "Elkarrekin Euskal Herria burujabe, solidario, justu, feminista eta euskalduna eraikitzeko borondatea dutenak bildu ziren bertan". Oroitarazi dute, Aberri Eguneko manifestaldiaren bukaeran irakurritako eta 60 abertzalek izenpeturiko izan ginen, bagira, izanen gira adierazpenak "mugimendu abertzaleak gerora begiratu eta biharko Euskal Herria eraikitzeko duen engaiamendua berretsi" zuela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
2025eko irailaren 17
Larrazkena

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!