Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko mobilizazioa lagun. Baina “euskarari dagokion tokia aldarrikatzeko eta eragileon lana balioan jartzeko” eguna ere izatea nahi dute. GEU elkarteko koordinatzaile Uxue Alonsok eta AEK-ko Josu Ramosek erantzun dituzte ARGIAren galderak Gasteizko euskalgintzaren izenean.
Gasteiz Euskararen Hiriaren bigarren edizioa izango da larunbatekoa. Zer asmorekin eta noren eskutik sortu zen ekimena?
Uxue Alonso: Iaz egin genuen lehen edizioa, eta aurtengoa bigarrena da. Gasteizko udal gobernuak [PSE-EAJ] eta EH Bilduk euskalgintzari egin zioten proposamena izan zen egun honen abiapuntua. Euskalgintzak erabaki zuen proiektua hartzea, forma ematea eta gauzatzea, hau da, dena egitea. Aurreko urtean lan taldetxoa osatu genuen, aurten mantendu egin da eta lagun berriak batu zaizkigu gainera. Behar batetik sortu zen, pentsatu genuen badugula zer esanik, aukera oso ona zela gu geu eta gure aldarrikapenak plazara ateratzeko. Euskalgintzak urte asko daramatza lan handia egiten, baita beste hainbat eragilek eta norbanakok ere, eta Gasteizek duen egoera horren ondorio da.
Josu Ramos: Gasteizko euskalgintza beti egon da antolatua, baina azken urte eta erdian bereziki. Gehiagotan elkartzen hasi gara eta esango nuke iaz sortutako mahaia sendotu dugula. Udaletik proposamena egin zigutenean, hausnartu genuen agian ez daukagula espazio bat kalean gure lana balioan jartzeko, eta horretarako parada polita zela. Gasteiz Euskararen Hiria ekimena euskalgintza elkartu, egitarau oparoa osatu eta euskara lehen lerroan edo erdigunean jartzeko eguna da. Gasteizko euskalgintza bizirik eta antolatuta dago.
"Gasteizko euskalgintza inoiz baino indartsuago dago, baina udalarekin elkarlana ezinbestekoa da"
Zer aurkituko dute herritarrak larunbatean Gasteizko erdigunera hurbiltzen badira? [egitarau osoa elkarrizketaren amaieran]
J. Ramos: Egitaraua belaunaldiartekoa izatea bilatu dugu. Goizean batez ere haurrentzako ekimenak izango ditugu, baita kirol erakustaldiak eta bertso musikatuak ere. Arratsaldea gazteei bideratuagoa dago: kontzertu akustikoak, bakarrizketak, zumba herrikoia... Gauean bi kontzertu izango dira, eta disko jartzaile batek emango dio amaiera gauari.
U. Alonso: Aurreko urtean aniztasunari garrantzia eman genion, eta aurten ere egin dugu. Dragshowarekin aldarrikatu nahi dugu badela euskalgintza bat beti presente egon dena, baina inoiz ez dioguna lekurik egin, eta lekua baduela.
Euskalgintzako eragileek kalejira antolatu duzue arratsaldean. Zein helbururekin?
U. Alonso: Mobilizazioarekin adierazi nahi dugu gure hirian euskarak presentzia duela, baina denon indarra behar duela. Euskal Herria euskaratik antolatzen da, euskara zaindu behar dugu, eta euskaltzaleak asko gara Gasteizen. Kalejira formatu batean egin nahi izan dugu, egunaren jai giroa eta kutsu aldarrikatzailea uztartzeko.
Asteartean prentsaurrekoa eman zenuten egitaraua antolatu duzuen euskalgintzako eragileek: Geu elkartea, Gasteizko AEK, Gasteizko IKA, Hegoalde euskaltegia, Arabako Alea, Bai Euskarari eta Lazarraga elkartea. Besteak beste, euskarak “baliabideak, babesa eta herritarren konpromisoa” behar dituela aldarrikatu zenuten. Zein da egoera arlo horietan?
J. Ramos: Gasteizko euskalgintzak kristoren lana egiten du euskara biziberritzeko, nork bere esparrutik: guk euskaltegietatik euskalduntzen, beste batzuk arlo komunikatibo edo kulturalean, aisialdiari bideratutako elkarteetan... Ekarpena zabala eta oparoa da. Hala ere, euskalgintzak bakarrik ezin die erantzun behar guztiei, ezinbestekoa da administrazioek ere ardura hartzea, eta elkarlana.
U. Alonso: Gasteiz Euskararen Hiria moduko ekimenak positibotzat jotzen ditugu, lehen aipatutako arrazoiez gain, aitortza egiteko euskaraz ikasi duten edo ari diren horiei, adierazteko denok daukagula lekua Gasteizen eta euskalgintzan. Elkartasuna eta babesa ezinbestekoak dira, bereziki instituzioen babesa. Guk kristoren lana egin dezakegu, baina babesik gabe ezin dugu ezer egin.
Zentzu horretan, Gasteiz Euskararen Hiriak Gasteizko Udalaren babesa du, egitaraua PSEko Maria Nanclares Euskara zinegotziak, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek eta zuk zeuk [Uxue Alonsok] aurkeztu zenuten irailaren 8an. Euskalgintzatik, zer balorazio egiten duzue oro har udal gobernuak euskara arloan egiten dituen politikez eta euskalgintzarekin garatu duen harremanaz?
J. Ramos: Galdera horri zehaztasunez erantzuteko aurretik eragile guztiak elkartu eta balorazio partekatua egin behar dugu. Hori esanda, Gasteizko euskalgintza inoiz baino indartsuago dago, baina udalarekin elkarlana ezinbestekoa da. Urtean hainbat aldiz elkartzen gara, horrela egiten jarraituko dugu, gauza batzuekin ados egongo gara eta beste batzuekin ez, baina ezinbestekoa da norabide bat finkatzea. Beti dago zer hobetu, baina baloratzen dugu nolabaiteko konpromisoa badagoela.
U. Alonso: Gure artean aspalditik komentatzen dugu euskalgintzaren egoera askotan oso prekarioa dela, eta baliabideak, babesa eta laguntza behar ditugula. Hori herritarren, elkarteen eta administrazioen arteko elkarlanarekin eta elkar zaintzarekin lortu behar dugu. Bestela ezin dugu bidea egin.
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]
Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.
Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.
Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.
Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]
Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.
Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.
Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]
Gizonezkoak ziren gehienak Sanferminetako entzierroetan; gizonezkoak ia denak Frantziako Tourrean; gizonek hartu dute udako musika jaialdietako oholtza eta backstage-a; gizonezkoak dira nagusi bertso-plazetan; gizonezkoak dira Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu... [+]
Nafarroako Gobernuak eskaera egin duten familiei iradoki die "datorren ikasturteari begira" abiatu dezaketela tramitazioa.
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]