Independentzia bozkatu egiten da

  • Orreagak noizbehinka Baltikoko estatuak erabili izan ditu bere muturreko ideologia eta ideak zabaltzeko (nahiz eta kontatzen dutena zerikusi gutxi izan errealitatearekin).


2014ko ekainaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Baltikoko herrialdeek Sobietar Batasunaren kolapsoari esker lortu zuten independentzia, Lituaniako lehen ministro ohi Andrius Kubiliusen arabera.

Azkeneko egunetan Lituaniako Parlamentuan aritu naiz elkarrizketa desberdinak egiten. Plazerra izaten ari da politikari desberdinekin herrialdearen sezesio prozesuari buruz eta egungo politikari buruz hitz egitea. Gertutasuna da herrialde txikiek duten abantaila, erraza izan da Lituaniako politikari garrantzitsuenekin elkarrizketatzea, areago, baten baten parlamentari bulegoa eta ordenagailua nire egin ditut ordu batzuetarako.

Politikoki hemen nire burua kokatzea zaila da, gure eskemek ez dute asko balio. Baina tira, elkar uler gaitezen, ezker-eskuin ardatzean sozialdemokratak eta liberalak izan beharko nituzke gertuen; arazo nazionalean aldiz, nire lehentasun politikoetako bat gutxiengo nazionalekiko ardura da, beraz, poloniar gutxiengoaren alderdiarekin nolabaiteko enpatia garatu nezakeen (kostata, oso kontserbadoreak dira!). Baina errealitatearekin tupust egiten da askotan, hemengo liberalek John Stuart Mill eta John Rawls apenas irakurriko zituzten, zentro-eskumako liberal-kontserbadoreak dira (betikoa, Europa kontinentalean kontserbadoreek liberal hitzaren apropiazioa egin dute).

Dudarik gabe politikoki sozialdemokratekin gustuen sentitu naiz orain arte, behintzat barne politikan (kanpo politika beste istorio bat da, badakizue poloniarrek AEBei musutruk egiten dieten hori, hemen antzera dabiltza). Baina gauzak nola diren, orohar arlo pertsonalean gustuen Andrius Kubilius-ekin egon naiz, alderdi (nazionalista) kontserbadoreko liderra, oposizio burua eta Lehen Ministro ohia. Giza faktorea da. Politikari ona iruditu zait, gertukoa, atsegina, politikoki ez oso egokia eta txalo erraza bilatzen ez duen horietakoa (ez da batere populista eta agian horregatik, hautesleen artean lortzen duen balorazioa baxua da beti). Pribilegio bat izan da berarekin egotea adiskide giroan eta baita ere galdera garratzen artean.

Kubiliusek egungo politikari buruz perla batzuk utzi zizkidan. Halere, berarekin lehen aldiaz hitz egiten gozatu nuen gehien, bereziki Lituaniako independentzia prozesuari buruz. Andrius Lituaniako Fronte Popularraren antzeko zeozer litzatekeen Sąjūdis mugimenduko idazkari izan zen independentzia prozesuan. Pozik aitortu behar dut espero ez nuen zintzotasuna azaldu zuela garai horri buruz hitz egiterakoan, hasieran uste nuen mugimendua eta sezesioa prozesua mitifikatuko zituela, baina ez zuen hori egin.

Kontua da gurean Lituania eta Baltikoko herrialdeak bi diskurtsotan agertu direla azkenaldian. Pako Aristik maiz aipatu du Lituaniako adibidea EHn egin ditugun akatsak azaltzeko, baina hor ez du asmatzen, ez behintzat Kubiliusek esandakoari jarraitzen badiogu. Horrek ez du esanahi Pakok egiten duen diagnostikoa okerra denik, areago nik orohar konpartitu egiten dut ñabardura garrantzitsu batzuekin. Beste kontu bat da Pakok proposatzen dituen errezetak, ez ditut konpartitzen eta horietako asko kontraesankorrak iruditzen zaizkit, halere, independentziaren inguruko eta hau eskuratzeko estrategiari buruz eztabaida astindu duela ezin da ukatu eta hori beti da ona, horregatik EHUn hitzaldia emateko proposatu nuen.

Bestalde, Orreaga taldea dugu. Hauek azkenaldian independentzia erabakitzeko eskubidearen kontrako kanpainan daude, beraien leloa da “askatasuna ez da bozkatzen”. Noski, askatasuna ez da bozkatzen, baina XXI. Mendean independentzia bozkatu egiten da, hori da aske izatea, erabaki ahal izatea estatu bat nahi dugun edo ez. Orreagak noizbehinka Baltikoko estatuak erabili izan ditu bere muturreko ideologia eta ideak zabaltzeko (nahiz eta kontatzen dutena zerikusi gutxi izan errealitatearekin). Mitifikazioetatik haratago eta muturreko irakurketa nazionalista-etnikoetatik haratago, errealitatea da Baltikoko herrialdeek Sobietar Batasunaren kolapsoari esker lortu zutela independentzia (faktore exogeno bategatik). Horrela bota zidan ziplo Kubiliusek.

Jason Sorens-ek bere Secessionism: Identity, Interest, and Strategy liburuan ondo azaltzen du askapen nazionaleko mugimenduek egonkortasun edo erreforma prozesu egoeretan autonomismoa bultzatzeko joera dutela (burujabetza esparruak irabaziz), sezesiorako aukera politikorako egitura apropos bat lortu arte behintzat, hau da, krisi politiko, instituzional, sozioekonomiko edota gerra bat iritsi arte. Modu berean, hasieran Sąjūdisek Perestroika lagundu eta babestu zuen (imajinatu, Ezker Abertzaleak edota EAJk gauza bera egingo balute Podemoseko balizko espainiar gobernu batekin). 1989ko martxoan hauteskundeak ospatu ziren Sobietar Batasunean gehiengozko sistema bidez, hau da, barruti bakoitzeko ordezkari bakarra hautatzen zen itzuli biko sistemarekin. Diputatuen heren bat Alderdi Komunistako eta bere erakundeetako hautagaien artean aukeratzen ziren, baina lehenengo aldiz diputatuen bi heren hautatu ahal izango ziren mota guztietako hautagaien artean. Kubiliusek memoriaz emaniko datuak onak badira, Lituaniak 38 barruti zituen, horietatik 36 Sąjūdisen hautagai independenteek irabazi zituzten, bai, ondo irakurri duzue, Orreagak eta Pako Aristik zer esango lukete honetaz? Lituaniar independentistek SESBko diputatuen kongresurako hauteskundeetan parte hartu zuten, baina ez hori bakarrik, bigarren itzulian Lituaniako Alderdi Komunistari bi barrutitan lagundu zioten irabazten.

Perestroikari emandako babesak ez zuen asko iraun, izan ere, Kubiliusen hitzetan azkar konturatu ziren erreforma prozesu baten aurrean baino, sistema osoaren kolapso batean aurrean zeudela. Hor ireki zen aukera politikorako egitura, sistema erortzera zihoan eta horri esker Sąjūdisek independentziaren aldeko kanpaina hasi zuen. Adibidez, bost hilabete beranduago etorri zen Baltikoko herrialdeetan askatasunaren alde eginiko giza katea. Testuinguru horretan Lituaniako Alderdi Komunistak Sobietar Batasunakotik independentzia aldarrikatu zuen, ondo ulertu zuen SESBren amaiera zela.

1990an Lituaniako Sobiet Gorenerako hauteskunde demokratikoak ospatu ziren. Sąjūdis ez zen aurkezten, baina alderdi desberdinetako hautagai ugari bere kide ziren eta, batez ere, hautagai independenteak ziren bere kideak. Eztabaida independentzia azkarra edo pausuz pausu artekoa izan zen. Lehenengo posizioa Sąjūdisek defendatzen zuen, bigarrena aldiz Lituaniako Alderdi Komunista independenteak. Emaitzak ez ziren txarrak izan komunistentzat, baina orohar 135 diputatuetatik 91 Sąjūdisen aldekoak ziren (horien artean 17 komunista zeuden), beraz, nagusitutako estrategia hausturarena izan zen. Parlamentuak 1990eko martxoaren 11ean aldarrikatu zuen independentzia 124 aldeko botoekin (hau da, %91,85eko babesarekin). Hauteskunde kanpaina independentziaren inguruan izan zen eta horri lotutako erabakia hartu zuen Parlamentuak. Halere, Sobietar Batasunari eskatu zioten autodeterminaziorako eskubidea egikaritzeko prozedura zehaztea, erantzunak ez zuen eskubide horrekin zerikusia: Lituanian sezesioa bozkatu bai, baina erabaki hori SESB osoan erreferendum bidez berretsi behar zela adostu zuten sobietar agintariek. Beraz, bide bakarra alde bakarreko independentzia izan zen.

Sąjūdisek estatu berriaren eraikuntzan jardungo zen gobernua osatu zuen. 1991ko urtarrilean sobietar indar armatuek zenbait instalakuntza estrategiko hartzeko operazio bat burutu zuten eta borroken ondorioz, ehunka zauritu eta hamahiru hildako egon ziren. Martxoan SESBk bere batasuna sostengatzeko erreferendum bat ospatu behar zuela iragarri eta Lituaniako agintariek aukera hori aprobetxatu zuten otsailaren 9an, urtarrileko gertakari odoltsuak gertu zeudela, independentziaren aldeko kontsulta ospatzeko. Partaidetza %84,7koa izan zen eta baiezkoak irabazi zuen %93,2arekin. Bigarrenez botoak erabili zituzten independentzia eskuratu eta legitimatzeko.

1991ko abuztuaren amaieran SESBko estatu kolpe saiakera izan zen erabateko kolapsoa iritsi zenaren seinalea eta honen porrotaren ostean, segidan independentziaren nazioarteko aitortza iritsi zen. Independentzia patrikan zuten lituaniarrek, baina atsekabe soziala handia zen Sąjūdisek gidatutako gobernuarekin, krisi sozioekonomiko handia bizi zuen herrialdeak neoliberalismoaren shock terapiek min handia sortu zutelako. Lituania independenteko lehenengo hauteskundeak 1992an ospatu ziren. Kubiliusek uste zuen garaipen erraza izango zutela, baina, komunista ohiek irabazi zituzten beraien programa sozialagatik eta baita ere inteligentziaz jakin izan zutelako jolasten independentzia prozesuan, ondo ulertu zuten SESB amaitua zegoela bere erorketa aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Independentismoa
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude