"Ikuspegi gezurti baten arabera, emakumeek ez dute tradizioz dantzatu izan"

  • Euskal dantza tradizionalaren iragana eta oraina ulertzeko ezinbesteko ahotsa da Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarrarena. Martxoan Erandiora egindako bisita baliatu genuen beragaz elkartzeko


2019ko apirilaren 10an - 12:04
Argazkia: Hiruka.

Doktorego-tesirako aukeratu duen gaitik abiatuta, euskal dantzan emakumeek historikoki izandako lekua azaltzen duen berbaldia ematen dabil Araolaza Euskal Herrian zehar, izenburu ezin esanguratsuagoagaz:  Emakumeak euskal dantzan: gezur baten historia. Martxoaren 14an egon zen Erandioko Gautxoriak elkartearen egoitzan, eta elkarrizketa honetan jaso dugu han esandakoaren muina.

"Gezur baten historia". Zein da, funtsean, gezurra?

XX. mende osoan indarrean izan den ikuspegi… bai, gezurti bat, zergatik bilatu beste hitz bat, zeinaren arabera emakumeek ez duten tradizioz dantzatu izan. Hori asko ñabartu beharra dago, formulatzen denean, zehazki aurreskuari begira formulatzen da eta. Aita Donostiak eta beste batzuek hori esaten zutenean esan nahi zuten aurreskuan emakumeek ez dutela normalean dantzatu izan, baizik eta dantzatuak izan direla. XX. mende hasieran formulatutako kontzeptua da, eta bere bidea egin du gaurdaino, indarrean dago hainbat ikuspegitan.

Norenean? Euskal herritar gehienek horregaz bat egiten dute?

Euskaldunenean ez dakit, baina esango nuke euskal dantzaren eragile askoren irudimenean baietz. Horrek ez du esan nahi gero praktikan horrela egiten denik, baina gaur egun emakumeek aurreskuan dantza egiten dutenean ere, maiz badago horrelako kontzientzia bat, «baimendutako» zerbait balitz bezala. «Hau tradizioz, gizonena zen, baina orain, berdintasunaren izenean, edo ez dagoelako mutilik, edo... emakumeek ere egiten dute». Baina ez legez hala dagokiolako.

Ideia horren aurka, azken urteotan sona handia hartu du 1920. urte inguruko ikus-entzunezko dokumentu batek, zeinean Santurtzin emakumeak aurreskua dantzatzen ageri baitiren.

Hori da bitxiena, hain zuzen ukatzen ari zen momentu berean badaudela hainbat testigantza, emakumeek aurreskua dantzatzen zutela erakutsiz. Gainera, pelikula hori da aurresku baten (sokakoa, sokarik gabekoak askoz beranduago etorri ziren) ikus-entzunezko dokumenturik zaharrena, izan gizonezko edo emakumezkoena. 1921-22koa da.

Erandioko adibide bat ere aipatu duzu, 1910ekoa: emakumeentzako aurresku-txapelketa bat.

Bai, XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran txapelketak ugaritzen hasi ziren. Oso ohikoak ziren, adibidez, adinekoen aurresku-txapelketak. «65 urtetik gorakoentzat», «69 urtetik gorako zaharrentzat»... Eta bazeuden emakumeenak, eta adineko emakumeenak… Oso interesgarria da, gaur egun ez dagoen iruditeria bat da. Emakume aurreskularien iruditeriarik ez badago, zer esan haien txapelketez. Eta amonen txapelketak!

Zelan liteke gezurrak bidea egitea, jendeak bere begiz ikus bazezakeen kontrakoa gertatzen zela?

Hori da nire tesiaren muina. Oso lotuta dago garai hartan genero-ikuspegian gertatu ziren eraldaketekin. XIX. mende-bukaera eta XX. mende-hasiera oso aldaketa-garai garrantzitsuak izan ziren genero-ikuspegien historiari dagokionez. Oso prozesu konplexua izan zen, eta emaitza izan zen sistema bitarra inoiz baino garbiago adierazi zela. Jaiotzeko momentutik desberdinak gara, eta hori baieztatu egiten du gure ibilbideak; desberdin jokatzen dugu gizartean, elkar osatzen duten jokabideekin, eta hori hala da bizitzaren alor guztietan.

Dantzan ere bai, noski.

Bai. Dantzak balio sinboliko izugarria dauka. Mundu-ikuspegi bitar hori dantzaren bidez berretsi daiteke, eta aldi berean dantzak adierazi egiten du, eta beraz elikatu egiten du, muturreko bitartasun hori, oso rol estereotipatuen bidez. Testuinguru horretan txertatu beharra dago garaikoen ukazioa, ez da nahita egindakoa, baizik eta oharkabean. Euren genero-ikuspegia proiektatu zuten, moralarekin oso lotua.

Moral kristaua, zer esanik ez…

Hala da. Adibide bat kantu-biltzaileena da, batez ere XX. mendearen hasieran zebiltzanak, Aita Donostia eta... Haiek zioten: «Euskaldunek ez dute biraorik esaten, fededun zintzoak dira eta». Kantu-bilketan agertu egiten ziren biraoak, baina automatismo baten bidez esaten zuten: «Kantu honetan biraoa badago, hau ez da euskalduna, kanpotik etorritako desitxuratzea da, kutsatze bat, edo kantua sortu duena ez da euskaldun zintzoa». Bestela, haien eraikina hankaz gora jartzen zen. Ezikusiarena egiten zuten, eta oso begien bistakoak zirenak, ezkutatu ezin zirenak, kanpoan utzi.

"Bere burua betetzen duen profezia", esan duzu berbaldian. Ukazioak eragin zuen ukazio hori betearaztea…

Bai. XIX. mendetik XX.enera gertatuko den aldaketa nabarmenena izango da XIX. mendera arte debekuak izango direla nagusi emakumeen eta dantzaren arteko harremanean, sistematikoki. Elizak eta, askotan, botere zibilak hartzen zuten lan hori, moralaren zaindari legez. Elizak botere zibilaren gain jarri baitzuen zama hori, eta eskuz esku jardun ziren horretan. Eta gero askoz eraginkorrago gertatu zen estrategia hartu zen: ukatzea. Azkenean, ukatzearen ukatzez, emakumeek dantzatzeari utzi zioten. Oso bitxia da: XX. mendeko lehenengo hiru hamarkadetan hainbat testigantza daude emakumeak aurreskua dantzatzen erakusten dituztenak, baina batez ere lehenengo bi hamarkadetan. Santurtzikoa azkenetakoa izango da, hain zuzen.

Zergatik?

20ko hamarkadatik aurrera, eta 30ekoan izugarrizko indarrez, ukazio horren ondorioz emakumeek dantza-mota hori egiteari utzi zioten. Trukean, erabat digeritu zen ikuspegi bitarra, eta horri erantzunez, ukatzen zuten horiek beraiek eskaini zituzten bideak emakumeek ere dantza egin dezaten, baina emakume bezala.

Eta zer esan gura du horrek?

Gizonezkoak gudariak, ezpata-dantzariak, izango direla, eta emakumeak gorulariak, edo poxpolinak, arku-dantzari, zinta-dantzari eta sagar-dantzariak. Hor badago izugarrizko eraikuntza kontzeptuala, emakumeak bideratu zituena dantza-mota batzuetara, momentu horretan femeninotzat joko direnak nahiz eta ordura arte mutilek ere normaltasun osoz dantzatzen zituzten. Baina momentu horretan sailkapen bat egin zen: gizonezkoen dantzak eta emakumezkoen dantzak, eta genero bakoitza berari esleitutako errepertorio, janzkera, estetika… horietara mugatu zen. Profeziak bere burua bete zuen orduan..  

Horrek denak gaur arte iraun du?

Indar izugarriz. Oso adierazgarria izan zen, Santurtziko bideoa argitaratu genuenean, sarean iruzkin batzuk egon zirela, eta euskal dantzaren sorkuntzan oso sartuta dagoen talde bateko emakume dantzari batek esan zuela «oso ondo, emakumeak emakume bezala jantzita eta dantzan». Berarentzat inportanteena ez zen emakumeak aurreskua dantzatzen agertzea (ukatzen zen zerbait), baizik eta soineko egokiz egiten zutela. Eta dantza egiteko era horri egozten zion genero-marka. Momentu hartan euskal dantza modura estereotipatuta zegoen dantzatzeko era izan daiteke Durangaldeko Dantzari Dantzakoa: mugimendu biziak, ostikoak, hanka goraino altxatzea, saltoak, oso mugimendu bertikalak. Enborraren goiko aldearen adierazgarritasuna, berriz, hutsaren hurrengoa da. Eredu horrek ekarri du beste errepertorio batzuk XX. mendean zehar eraldatzea, euskal dantzaren ustezko estereotipo hori bete ahal izateko. Gipuzkoako dantzena oso paradigmatikoa da. XX mendearen hasieran Gipuzkoako dantzetan ez zen hanka altxatzen ia, eta altxatzen zenean ere, belaunaren eta gerriaren arteko altuerara baino ez. Dantzatzeko modua gaur egungoa baino askoz ere lasaiagoa zen.

Euskal dantzen eremuan gatazka dago, eraikin horren aurkako zerbait...?

Uste dut jarreretan denetik dagoela, baina badago ere kontzientzia gauzak aldatu beharra dagoela, olatu handia dagoelako gizartean gai honen inguruan, eta beste alor batzuetan baliatzen ditugun irizpideak dantzaren eremuan nola aplikatu asmatzen gabiltza. Rolak erreproduzitzen dira, eta ikusten bada emakume bat indarrez dantzatzen, esan beharrean «zer ondo», esaten da «mutila ematen du». Beraz, uste dut tentsio horiek egon badaudela, eta batzuek oraindik ez dakite non kokatu.

Hala ere, euskal dantzan oso mutil gutxi ibiltzea da arazo handietako bat, ezta?

Bai. Emakumeen kontrako bazterketan oraindik geratzen dira ale batzuk, baina esan dezagun horretan kristoren abiadura hartu dela eta eskubide-mailan bermatzen ari dela; momentu honetan bermatzen ez dena mutilen dantza egiteko aukera da. Ez da bermatzen estereotipoak jasotzen dituztelako ume direla, eta rol horiek beraien aukera librea baldintzatzen dutelako. Baten batek esaten didanean «ezin dugu inor behartu ezer egitera, mutilek ez badute dantza egin nahi beren aukera da», nik esaten dut ez dela aukera librea. 6-7 urteko mutil batek kontzientzia erabat garbia dauka, adierazpide moduan dantza aukeratzea bere komunitatean sozialki ordaina duen aukera dela. Ez da kasualitatea 4 urtera arte mutil guztiei dantza egitea gustatzea, eta 6 urteko bati ere ez. Hori ez da ez natura, ez biologia, ez aukera librea.

Elkarrizketa hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


2023-12-22 | dantzan.eus
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da

Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]


Eguneraketa berriak daude