Ibilbideari bukaera eman dio Aitzina Gazte Antolakundeak

  • Gazte ezkertiar eta abertzale ororen espazioa izateko eta euskal gazteria eta herri gisa «ditugun erronkei» behar besteko eraginkortasunez erantzuteko «ezintasuna» aipatu dute bukaera iragartzeko agirian. Hilabete batzuetako epean «beharrezkoak diren gogoeta, harreman eta eztabaidei» bide emanen diete, «indarrak bildu eta euskal gazteriak tresna berriak sor ditzan».

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko urriaren 05an - 10:47
Aitzinako kideak euskararen aldeko ekintza batean. Argazkia: Aitzina.

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen bilgune izateko sortu zen Aitzina gazte antolakundeak bere ibilbidea bukatzea erabaki duela jakinarazi du ohar batean. «Argi dugu, azken boladan Aitzinak jadanik ez ziela behar bezalako eraginkortasunez erantzuten euskal gazteri eta herri gisa ditugun erronkei», adierazi dute. Gazte ezkertiar eta abertzale ororen espazioa izateko «ezintasuna» aipatu dute, eta «hutsuneak» izan dituztela Hendaiatik (Lapurdi) Eskiulara (Zuberoa ), eta Bardozetik (Lapurdi) Urepelera (Nafarroa Behera) existitzen diren «errealitate, problematika eta erronka anitzei» erantzuterako orduan. «Abagunea aztertu, egoera barneratu, urte gorabeheratsu hauek baloratu eta heldutasunez, uneak eskatzen digun erabakia hartu dugu kolektiboki; Aitzina gazte antolakundearen ibilbideari bukaera ematea».

Gazteriaren baitan «engaiatzeko forma eta gai berriak» agertu ahala, 2010eko hamarkadako «militantzia asmatzeko zeregin zailak» markatu du Aitzinaren ibilbidea, azken oharrean idatzi dutenez.«Autokritika zintzoa egiten ari gara eta egiten segituko dugu. Irakaspenak atera behar ditugulako batetik ; eta bestetik, euskal gazteriari zor diogulako». Hala, gazte esparrutik Euskal Herriaren askapen prozesuari ekarpena egiteko «ardura historikoa» beren gain hartzen dutela erran dute: «haria ez da etengo». Zehaztapenik eman gabe, hilabete batzuetako epean «beharrezkoak diren gogoeta, harreman eta eztabaidei» bide emanen dietela jakinarazi dute, «indarrak bildu eta euskal gazteriak tresna berriak sor ditzan». Aitzinaren ustez, «ideia ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologistak jendartearen gero eta sektore gehiagorengana hedatzen ari diren honetan, Ipar Euskal Herrian nehoizko baldintzarik onenak ditugu aipatutako askapen prozesuan aitzina pausoak egiteko».

Azken oharraren bidez, «esker berezia» helarazi diete azken urteetan Aitzinaren «parte, bidelagun eta burkide» izan diren guziei, eta «akatsak akats», Aitzinako militanteek izandako «ausardia» goraipatu dute. «Injustizien aurka altxatzeko ausardia, ekintzetan gure gorputzarekin gure ideiak defendatzekoa, konfluentzia guneak sortzen entseatzekoa edo feminismotik gure antolakundea ere zeharkatzen duen zapalkuntza patriarkala errotik mozteko ekitekoa…».

Zazpi urteko ibilbidea

2013ko azaroaren 2an sortu zen Aitzina gazte antolakundea, Baionan egin zuten ekitaldi jendetsuan, hilabete batzuk lehenago Orain dun/k tenorea prozesua aitzina eraman ondotik. Lehenago, Gazteriak-ek, Haikak eta Segik izandako lekua hartu zuen. Euskal Herri mailan, Ernai gazte antolakundearekin lotura estua izan du azken urteetan, eta hainbat ekitaldi elkarrekin antolatu izan dituzte.

2013. urtea bukatu aitzin, euskara, gazteen zatiketari gaina hartzea eta nazio identitatea oinarri abiatu zituen lehen kanpainak Aitzinak. Baionako suprefetura aitzinean egin zuten lehen ekintza. Ikatza bota zuten «Frantziako Estatuak ikastolen aurka eramaten duen gurutzada» salatzeko. 2014. urtean, frantses hutsean idatziak ziren bide seinale zenbait kentzeari ekin zion, «Frantziako Estatuak euskal gizartearekiko duen jarrera zapaltzailea» salatzeko. Bide seinale horiek «urteetan eraman asimilazio prozesuaren sinbolotzat» jo zituen, eta Parisera zihoan tren batean sartu zituen, Frantziari itzultzeko. Ekintza horren ondorioz, Aitzinako kide bat atxilotu, eta gazte antolakundeak Baionan duen egoitza miatu zuen Frantziako Poliziak 2014ko urriaren 7an. Baina «ildo beretik» segitzeko borondatea agertu zuten gazteek. «Desobedientzia zibila erabiliz, gure herriaren nortasuna ukatzen duten sinboloak kenduz segituko dugu». Gerora, gazte gehiago ere atxilotu zituzten ekintza horiengatik. 2014ko abenduan, euskarazko bide seinaleak jarri zituen Aitzinak Ipar Euskal Herriko hamabost tokitan, Ipar Euskal Herriko onarpen instituzionala eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Zazpi urteko ibilbidean, ekintza andana egin ditu gazte antolakundeak, eta hainbat aldarri plazaratu ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, Aitzinak bultzatutako talde feminista, Guk EH kanpaina, eta G7koen goi bileraren kontra bultzatutako Oldartu gazte dinamika. Baina, arazoak ere aurkitu ditu ibilbidean zehar. 2016ko udan hasi eztabaida saioa abiatu zuten Aitzinako kideek, antolakundearen «efizientzia politiko eskasaren arrazoiak» identifikatzeko; gogoeta horren ondorio gisa, antolatzeko eredu berria proposatu zuten 2017ko urrian. Baina badirudi azken urteetan ez dutela lortu nahi zuten dinamika martxan ematen, gazte antolakundearen ibilbidearen bukaera iragarri baitute gaur. Aitzina segitzeko aldarriarekin eman dute azken hitza: «Bada bidea: Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean, beti Aitzina!».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aitzina
2020-10-07 | Euskal Irratiak
"Militante kopurua apaltzen zen heinean, ez ginuen erantzuten gazteek bizi dituzten problematikei"

Aitzina Iparraldeko gazte antolakundeak bere ibilbidea hortan uztea deliberatu du. Gazte ezkertiar eta abertzale ororen espazioa izateko eta euskal gazteria eta herri gisa «ditugun erronkei» behar besteko eraginkortasunez erantzuteko «ezintasuna» aipatu... [+]


2020-07-07 | ARGIA
Euskal Errepublika aldarrikatuko dute Larrun mendian

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek uztailaren 14an Larrunera igotzeko deialdia egin dute, Euskal Herri independentea eta bizitza eredu berri bat aldarrikatzeko.


2020-02-21 | Topatu.eus
BidEHbat ekimenaren egitaraua aurkeztu dute Aitzinak eta Ernaik

Apirilaren 10, 11 eta 12an Uxue, Erriberri eta Tafalla gurutzatuko du BidEHbat ekimenak. Tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak, kale animazioa... Eskaintza zabala antolatu dute.


2019-04-23 | Topatu.eus
Gazte Topagunea bukatuta, lehen balorazioa egin dute

Bulkada Berrien Garaia Da dinamika abiatu eta urte batera, borrokara belaunaldi berriak batu izana txalotu dute Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek. Lemoan ikasi eta bizitako guztia herrietara eramateko deia egin du Izar Hernando bozeramaileak.


2019-03-26 | Topatu.eus
Lemoako Gazte Topagunearen nondik norakoak azaldu dituzte

Gazte Topagunerako 25 egun bakarrik geratzen direnean, Ernai eta Aitzina Gazte Antolakundeetako kideek agerraldia egin dute astelehenean: “Hiru hilabete hauek ez dira alferrik igaro, auzolanean herria atontzen ibili gara, baita egitarau politiko-kulturala eta eskaintza... [+]


Eguneraketa berriak daude