Emakumeak borrokan

"Hondamendiaren aurrean, egungo trena hobetu"

  • Mobilizazioa antolatu dute martxoaren 30ean “Tren soziala bai, AHT gelditu. Respetad la voluntad popular” lelopean, Altsasuko suhiltzaileen parketik abiatuko da 18:00etan.

Guaixe .eus @guaixe
2019ko martxoaren 29a
Argazkia: Guaixe

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Sustapen Ministerioak Sakana zeharkatuko zuen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbide berriaren proposamenak jendaurrean jarri zituen joan den urteko ilbeltzaren 10ean. AHTko Nafarroako korridorea eta Euskal Y-koa lotzeko bi proposamen jarri zituen mahai gainean. Haietako batek Iruñea eta Gasteiz Sakanan barna lotzen ditu (V alternatiba, 850 milioi euroko aurrekontua, Gasteizko sarrera kontuan hartu gabe). Besteak Iruñea eta Ezkio Altsasu arteko trazadura baten bidez lotuko luke (H alternatiba, 2.400 milioiko aurrekontua). Horiei Nafarroako Gobernuak alegazioen garaian egindako proposamena gehitu behar zaio: Iruñea eta Ezkio Bakaikura arteko ibilbide batekin lotzea.

Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez! plataformak bihar hiru aldarrikapen eginen ditu: “AHTren lanak eta tramitazioak gelditzea, egungo trenbidea hobetzea eta bestelako aukerak aztertzea, beharrezkoa den analisia eginez”. Azterketa horren emaitzak biztanleendako eskuragarri jarri ondoren “galdeketa  egitea eta ateratzen den erabakia errespetatzea” eskatu dute.

Plataformako Martin Zelaiak gogorarazi digunez, sakandarrek 2.733 alegazio aurkeztu zizkieten ministerioaren proiektuei. Ministerioa alegazioak aztertzen ari da. “Erabaki bat hartu beharko du: alternatiba bat edo bestea egin, edo ezer ez egin. Bere alternatiba hemendik gutxira aurkez dezake ministerioak”. Horregatik deitu dute mobilizazioa: “une garrantzitsua iruditzen zaigu manifestazioa deitzeko eta Sakana osoak esateko ez duela AHTrik nahi, baizik eta daukagun trena hobetu, modernizatu eta martxan jartzea”.

 

Eraginak

Plataformako kideek astelehenean egindako agerraldian esan zutenez, “AHT proiektu horiek ez dute inolako onurarik gure ibarrarendako, ez ekonomiko, ez sozial, ezta ingurumen arlokoak ere”. Sustapen Ministerioaren ingurumen ikerketa aipatuta adierazi zutenez, “ibarra lurralde desegituratu  bihurtuko da, ezponda handien, tunelen eta biaduktu izugarrien ondorioz (500 metrokoak Izurdiagan eta Olatzagutian). Lanetan mugituko liratekeen lurren ondorioz, 150 futbol zelai baino gehiagoko tamaina duten zabortegiak sortuko dira”.

Beriainen magalean “hormigoizkoak izanen diren zoru zabal eta luzeak eginen lirateke, trenak elkar aurreratzeko edota gelditzeko”. Plataformatik gogorarazi zutenez, proposamenen arabera 40 eta 150 metro arteko zabalera hartuko duen trenbide bikoitza eraikiko litzateke. Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen bi argindar azpiestazio eginen liratekeela, linea berriak eta bestelako azpiegitura lagungarriak gaineratu beharko lirateke.

AHT egitasmoa gauzatuz gero bestelako eraginak lituzkeela ere gaineratu dute plataformatik: Aralarren eta Urbasa-Andiaren artean “hesi efektu larria faunarendako, baita nekazarien eta abeltzainen ustiapen larretan, turismoan edo industrian”. Plataformako kideek ziurtatu zutenez, “AHT proiektuak gizartearen mugikortasun beharren zati txiki bat besterik ez du betetzen: hiri handien arteko bidaia luzeak. Ez dio mesederik egiten herri, hiri eta industrialdeen loturei, garraio sistema horrekin loturarik ez dutelako eta, kasu batzuetan, dituztenak galdu egiten dituzte, Altsasun gertatuko litzatekeen moduan”. AHTk merkantziak garraiatzeko ez duela balio gaztigatu dute. “Merkantziak eta aldiriko trenek betiko trenbidetik jarraituko dute. Hala esan dute gobernuetatik. Orduan zertarako behar dugu, adibidez, Iruñea eta Zaragoza lotuko dituen AHT bat?” galdetu du Zelaiak, “egungo trenak dagoeneko lotzen ditu”.

Alternatiba

Manifestazioaren leloan ageri den tren sozialaren alternatiba defendatu dute plataformako kideek: “gaur egun dugun tren azpiegiturak berritzea eta modernizatzea. Herriak, hiriak eta industriak batuko dituena. Bai pertsonak, bai merkantziak garraiatuko dituena. Edozein pertsonarendako eskuragarria dena eta baztertuta gelditzen diren eskualderik gabe”. Euren proposamena da gaur egungo trenbide plataforman trenbide bikoitza jartzea. Horretarako espazioa dagoela eta lur horiek Renferen eskuetan daudela gaztigatu zuten. Gainera, trenbideetan hirugarren erraila jarrita nazioarteko zabalerako trenak ibiltzeko aukera luketela gaineratu zuten. Eurek proposatutako alternatiba “kostu txikiagoa” lukeela jakinarazi dute eta gaineratu dutenez, “baliabideak proiektu jasangarrietara, inor baztertzen ez dutenak eta ingurumena errespetatzen duten proiektuetara bideratu behar ditugu”.

Zelaiak azaldu digunez, aukera horrekin “nahikoa genuke Sakanarendako eta Nafarroarendako”. Eta euren proposamena zehaztu du: “bi trenbide horietan orain baino tren gehiago jarri behar dira eta dauden geltoki eta geraleku guztiak zabaldu behar dira. Herri eta eskualde guztietan tren bidezko mugikortasuna behar dugu. Merkantziak garraiatzeko egun daukagun trena potentziatu behar da”. Zelaiak salatu du eurek proposatzen duten aukera ez dutela “batere ikertu. Dauzkagun alternatiba guztiak aztertu behar dira. Alternatiba guztiak jendearen aurrean jarri eta jendeak erabaki dezala”. Azken hori galdeketa bidez egitea eta erabakia errespetatzea eskatzen du plataformak. “Hori guretako kristoren erronka da. Erabaki horretan edozer gauza atera daiteke: AHT edo guk pentsatzen dugun tren soziala. Herrian erabaki ahalmena dagoela uste dugu, eta berak izan behar duela azken erabakia”. Egitasmoak hartuko lituzkeen probintzietan egin beharko litzateke galdeketa hori.

Europa

Sustapen Ministerioaren kontra dagoen arabarren eta sakandarren ordezkaritza Bruselan Europako Batasunean izan zen otsailaren 6an eta 7an. Europako Garraio Batzordearen bilera batean parte hartu zuten eta bilera hartako hiru ideia azpimarratu dituzte. Aurrena, “gure lurraldean proiektatutako abiadura handiko trenek bidaiariak baino ez dituzte eramanen, merkantziak betiko trenean eramango baitira, inolako hobekuntzarik egin gabe”. Hurrengo ideia: “Europako Batasunak orain arte AHT eraikitzeko ematen zituen diru-laguntzak moztuko ditu, gastu publikoan ekartzen ari den gehiegikeriagatik”. Eta atzeneko ideia: “onartu ziguten AHT eraikitzearen erabakian kontuan hartutako errentagarritasun txostenak ezin direla publiko egin. Beraz, horrek konfirmatzen digu txosten horietako datuak goraka manipulatuak daudela, gure lurraldeetan AHTk ez baititu bidaiari nahikorik eramango bere errentagarritasuna bermatzeko”.

Plataformako kideek gogorarazi dutenez,”Europar Komisioa bera ere kritikak egiten hasi zaizkio abiadura handiko lineei, dituzten kostu altuengatik, aurreikusitakoak baino abiadura baxuagoengatik, konexio gabeko tramuengatik, eta abar”. Europako Kontuen Auzitegiak egindako txostenak hori guztia berresten duela gaineratu dute: “salatzen du abiadura handiko linea hauek inolako bideragarritasun ekonomiko eta sozialaren azterketak egin gabe eraikitzea, baita haien gehiegizko gastu ekonomikoa ere”. Manifestazioaren deitzaileek gogorarazi dute aipatu auzitegiak “irmoki gomendatzen” duela “tren sarea jada existitzen diren azpiegiturak aprobetxatuz eta linea tradizionalak berrituz egituratu dadin, eta ez linea berriak eraikitzen”.

Manifestazioaren deitzaileek azaldu dutenez, “hori guztia kontuan izanik, ulertzekoa da Europan herrialde batzuk AHT kilometro bat bera ez duten herrialdeak (Suedia, Erresuma Batua, Finlandia, Norvegia, Portugal edo Irlanda), eta dituzte herrialdeetan (Frantzia edo Alemania) aspaldi erabaki zuten gehiagorik ez eraikitzea”. Gaztigatu zutenez, Espainia da “herritar bakoitzeko abiadura handiko kilometro gehien dituen estatua eta proportzioan gutxien erabiltzen dena. Abiadura handian desplazamenduen %8 baino egiten ez diren arren, askoz inbertsio gehiago egiten dira betiko trenarekin konparatuz, azken hau egoera penagarrian dagoelako kasu askotan”.

Mobilizazioaren ibilbideaz

Manifestazioek Altsasun egiten duten ohiko ibilbidea eginen du biharkoan. Nahiz eta hasiera desberdina izan, Gartzia Ximenez kaletik gora egin eta Garbitoki eraikinaren parean ezkerrera eginen du Bakea eta Frontoi kaleetatik aurrera jo eta Zumalakarregi plazatik pasatzeko. Handik Nafarroa kaletik pasaz San Juan kalerantz joko dute, mobilizazioa Foru plazan despeditzeko.

Deitzaileek jakinarazi dutenez, ibilbidean zehar fanfarrea, mitologia-pertsonaiak, zanpantzarrak, erraldoi eta buruhandiak, batukada eta beste izanen dira. “Gure poza adieraziko dugu. Poza gero eta ahots gehiago entzuten baititugu AHT gelditzeko eskatzen dutenak: gizarte, politika eta sindikatu kolektiboak, lurraldearen gizarte eta ekonomia errealitatea aztertzen duten erakunde ofizial askoren babesa dutenak, esaterako, Nafarroako Kontuen Ganbera, Europako Kontu Auzitegia, FEDEA fundazioa, ikertzaile eta unibertsitateetako adituak...”

Atxikimenduak

ELA, LAB, CGT, CGTko Adifeko saila, STEILAS, ESK, EHNE, Sakanako Mugimendu Feminista, Belardi, Sakanako 14 udal (denak Altsasu ez beste), I-E, Sustrai Erakuntza fundazioa, AHT Gelditu!.

Kanal hauetan artxibatua: Abiadura Handiko Trena  |  Altsasu

Abiadura Handiko Trena kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude