Hezkuntza Legeak egungo hizkuntz ereduak mantenduko ditu, Anduezaren esanetan

  • EH Bilduko parlamentari Pello Otxandianok ikuspegiak argitzea eskatu zien asteazkenean EAJ eta PSE-EEri, eta ostegun goizean argi erantzun du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak: “Egungo eredu linguistikoak mantenduko dira”.

Eneko Andueza Eusko Legebiltzarrean adierazpenak egin dituenean.

2023ko urriaren 05ean - 11:53
Azken eguneraketa: 13:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joan den asteartean zen Hezkuntza Legeari zuzenketak aurkezteko azken epea eta EAJk eta PSE-EEk azken horrek aurkeztutakoa adostu zuten. Zuzenketak uzkur jarri du EH Bildu, bere aburuz oraingo testuak hizkuntza eredua jartzen duelako legearen erdigunean eta hori ez delako horrela izan orain arte.

Jokin Bildarratz sailburuaren esanetan, egungo hizkuntza ereduak “garatu eta eguneratu” egin behar dira, egungo ereduak ez datozelako bat ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoekin. Horren aurrean, zuzenketaren zentzua elkarrekin azaldu zezatela eskatu zien EAJ eta PSE-EEri.

Ez dute elkarrekin egin, baina Anduezak ostegun goizean Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egindako adierazpenetan argi utzi du sozialisten ikuspegia zein den, eta berretsi du zein den bi alderdien artean adostutako ikuspegia: “Guretzat garrantzitsua zen gaurko ereduak mantentzea eta ez joatea eredu elebakarrera, murgiltze eredu batera ez joatea. Guretzat oso garrantzitsua da familia guztiek nahi duten eredua hautatzea, eta akordioaren bitartez hori bermatzen da”.

Anduezaren esanetan, denek argi dute zer esan nahi duen adostutako zuzenketak, baita Urkullu lehendakariak ere, eta gobernuko bi alderdiek hala adierazi dute bakoitzak bere aldetik egindako agerraldietan, Jokin Bildarratz da esanahi hori argi ulertzen ez duen bakarra: “Agian bera da interpretazio okerra egin duena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eguneraketa berriak daude