“Herritarren segurtasunerako legea” moldatuko dutela dio Fernandez Diazek


2014ko martxoaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
M22-ko istiluetan polizia manifestari bat atxilotzen. (Arg: Marchasdeladignidad)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Manifestazio eskubidea asko murrizten du “Fernandez legea” gisa ere ezagutzen den erreformak. Espainiako Konstituzioarekin bateraezina dela esan du Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak eta Kontseilu Fiskalak.

Barne ministerioak txosten judizialaren gomendioak kontuan izanik legeari “ukituak” egingo dizkiola adierazi du. “Duda eragiten duten artikulu guztiak aldatuko ditugu, beren konstituzionaltasuna zalantzan jar ez dadin” adierazi du Jorge Fernandez Barne ministroak. “Beren ekimenez” proposatutako aldaketa berriak egingo dizkiotela ere esan du.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak bihar bozkatuko du bere bi ordezkarik osatutako txostena. Dokumentu horrek lege proposamenaren hainbat alderdi txarresten ditu.

Kontseilu Fiskalak berriz, duela hilabete esan zuen "Fernandez legea"-ren hiru puntu gutxienez Konstituzioaren aurkakoak zirela. Horiek ere “errebisatu” egingo dituztela adierazi du Fernandezek.

Lege proiektua aurkeztu eta segituan hasi ziren oposizioko alderdien eta herri mugimenduen protestak. Kritikek diotenez, “herritarren askatasuna urratu eta eskubideak murrizten” ditu Espainiako Gobernuak proposatutako erreformak.

Sortutako polemikaren ostean Espainiako Estatuko Idazkarien eta Idazkariordeen batzordeak “herritarren segurtasunerako legea”-ri aldaketa txiki batzuk egin zizkioten. Esentzia, ordea, osorik mantendu da, eta, besteak beste, kontrol judizialik gabe Gobernuak ezarritako isun gogorrak proposatzen dira zigor gisa, errekurritzen are garestiago direnak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Eguneraketa berriak daude