ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Herritarren ituna, dohainak eta arazoak

  • Gure Esku Dagok herritarren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da nazio politikoa egituratzeari begira. Bide horren onurak eta izan daitezkeen arazoak aztertzen dira ondorengo lerroetan.

Xabier Letona Biteri @xletona
2017ko ekainaren 12a
Bilbon aurkeztu zuen Gure Esku Dagok herritarren ituna ekainaren 10ean. (Arg: Gure Esku Dago)

Nazioa da herriari zentzu politikoa ematen diona gaur egungo nazioarteko diskurtso politikoan, eta edozein herriren nazioaren ideia indartzen den neurrian bere etorkizun politikoa bermatzeko urrats bat gehiago ematen da. Iragan larunbatean Gure Esku Dagoren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da, beraz, norabide horretan. Gizarte zibila da, gainera, dinamika horren protagonista nagusia, eta hori beti da plus bat botere ekonomikoek eta alderdi politikoek horren indar handia duten gizartean.

Nazio politikoaren ideiak urrats bat gehiago ematen du, beraz, Gure Esku Dagok proposatutako herritarren itunarekin. Nazioa, horra koxka. Horregatik ez du Espainiako Konstituzioak Espainiako nazioa besterik onartzen, gainerakoak “nazionalitateak” dira edo gehienez nazio kulturalak.

Erabaki eskubidea, autodeterminazioa

Katalunian gaur egun indarrean den autonomia estatutuak ere nazio gisa definitu zuen beren herria, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak ondo baino hobeto orraztu zuen eta kontzeptu hori debekatu. Haren emaitza da urriaren 1ean Katalunian egingo den autodeterminazio erreferenduma. Bai, erabaki eskubidea da autodeterminazio eskubidearen esapide modernoa, baina hau ez dago oraindik inon jasoa eta autodeterminazio eskubidea Nazio Batuen Erakundeak berak onartzen du, nahiz eta XX. mendeko bigarren erdialdeko deskolonizazio prozesuetarako egin zen. Hala ere, XXI. mendean gaude eta NBEko legedi ahulak hori mantentzen jarraitzen du bere artikulatuan, jadanik deskolonizazio prozesu haiek aspaldi desagertu zirenean.

Euskal gatazkak azken mende erdia pasatu du nazio politikoan enrokatua, bere adar bortitz eta mingarriaz jantzita gainera. Gatazka horri ikuspegi demokratikotik heldu nahian ari da Gure Esku Dago, lorpen garrantzitsuekin gainera, herrietako kontsulten partehartzeek erakutsi duten gisan. Baina ETArik gabe dena posible eta egingarri zela zioen herri abertzaleak orain ez du mobilizatu nahi: izan liteke ahitua dagoela; edo hala eroso dagoela eta kito; edo inork ez duela behar bezala motibatu; edo, besterik gabe, nazioaren aldeko beste borroka esparru batzuk beharrezkoagoak jotzen direla.

Kohesioa eta konfrontazioa

Nazio gatazkaren alde alaia bideratzen ari da Gure Esku Dago azken lau urteetan, edozein nazio eraiki eta egituratzeko behar den kohesio eta kontsentsu esparruak jorratuz. Norbaitek egin behar duen lana da, jakina, baina gatazkaren muina latza da, bi legitimitateren konfrontazioa dagoelako tartean, eta borroka hori Estatuaren indarrean –legea deitzen duten hori– oinarritzen delako eta ez lehia  demokratikoan.

Gure Esku Dagok jorratu nahi duen herri kontsentsu horrek badu beste arazo handi bat gaur egun, munduko edozein naziotan ematen diren gatazkez josia dagoela gurea ere: hor dira EAJk eta bere aliatu instituzionalek –PPk eta PSOEk–  ordezkatzen duten bultzada neoliberala eta hauen aurka ari diren herri sektoreen arteko konfrontazio sozial eta ekonomikoa: langile eta enpresarien artean ematen dena, Bizkaiko zahar egoitzetako borroka luzea, fiskalitatea, desarrollismoaren politiken ondorioz datozen arazoak, AHT, Zubietako erraustegia, Aroztegia, Errekaleor, Tosu… Nola sinetsi aliantzetan, eguneroko praxiak sektore hauek aurrez aurre jartzen dituenean? Erantzuna ez da samurra, baina itunaren garapenak emango ditu pista gehiago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gure Esku Dago  |  Herri mugimenduak  |  Bilbo

Gure Esku Dago kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude