Joseba Sarrionandiaren hitzak ekarri nahiko genituzke gogora lehen lerroetan. «Ikasten duguneko lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke, hala nola etxea, kalea, mendia, itsasoa, parkea, zinema aretoa, eta, beharbada, ESKOLA», esan zuen behin idazleak elkarrizketa batean. Eta ondo zioen. Antzuolako Herri Eskolak ere badu zer hark aipatutako kontuetatik. Horren aurrean, bertako ikasle ohiok ere badugu zer esana.
Betiko eskemetatik atera eta bestelako eskola bat sortzea helburu, irakasle talde batek egun ezagutzen dugun eskolako hezkuntza eredu pedagogikoa martxan jartzeari ekin zion. Herriko haurren arteko harremanak ere bazituzten oinarri. Orduz geroztik, igaro dira jada 38 urte. Egin zituzten bidaiak Herrialde Katalanetara, eta ezagutu zituzten hango eta hemengo pedagogia eredu ezberdinak. Eta ikasi zuten. Ibili ziren gau eta egun belaunaldi gazteagoei irakasteko asmoz hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokan. Bidean batu ziren guraso eta herritar zenbait ere. Eta lortu zuten. Lortu zuten hauts magikoak erabili, eta ikaslea hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzen duen errezeta magikoa eraikitzea.
Lan horren emaitzak ongi baino hobeto ezagutzen ditugu bertatik igaro garen ikasleok. Zenbaitetan gogoratzen ditugu eskolako kontuak, irakasleen eta ikasleen istorioak. Harro diogu nongoak garen eta non ikasi dugun: Antzuolako Herri Eskolako ikasleak izan gara. Ezbairik gabe, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen den hezkuntza eredua dugu hau. Ikasleen ekimenez hautatzen diren proiektuen eredua oinarri hartu, eta ikasle bakoitzaren hausnarketa bideratzen duen metodologia da gurea. Zenbaki huts bat izatetik harago, haurra bere osotasunean kontuan hartzen duen ikastetxea da, kalifikaziorik gabea. Gaur arte lanean jardun duten irakasleek jakin dute curriculum propio bat eratzen. Tamalez, egoera larrian dagoen eskola dugu. Zurea eta nirea. Herriarena.
Hezkuntza ereduaren lehen harriak jarri zituzten irakasleei iritsi zaie erretiratzeko unea. Irakasleria finko baten beharra nabaria da transmisioa bermatu eta proiektuari eutsi ahal izateko. Hala ezean, akabo jokoa. Herritarrok argi dugu zein den aurrera egiteko bidea. Argi dugu gurea den hezkuntza eredua defenditzen jarraituko dugula. Eta bagabiltza txikitik eragiten, bagabiltza belaunaldi berrientzako haziak ereiten. Administrazio publikoa da, ordea, pausoa eman beharko lukeen hurrena.
Hura da eskolaren egoera oinarri hartu, eta aurrerapausoak eman beharko lituzkeena proiektua sostengatzeko. Eman beharko lituzke urratsak bestelako hezkuntza eredu pedagogiko baten alde. Eman beharko lituzke oinazeak sortuak dituzten planak albo batera utzi eta eskola bakoitzaren autonomia errespetatzeko. Eta eskatzen diegu. Eskatzen diegu babestu dezatela herritarrok maite dugun proiektua. Eskatzen diegu defendatu dezatela datozenentzako egokiena den eredua. Eduki dezatela gogoan herritarron aldarria. Entzun dezatela gure hitza, eta hartu dezatela kontuan esateko daukaguna.
Finean, eskolak erakutsi digu hausnartzen. Erakutsi digu ingurua beste ikuspuntu batetik begiratzen. Erakutsi digu egia bailitzan kontatzen digutenaz harago kritikoak izaten. Erakutsi digu egoeretara egokitzen, eta behar denean, ingurukoa errespetatzen eta onartzen. Erakutsi digu norbere burua ezagutzen eta onartzen. Erakutsi digu gaur naizena izaten. Eta askeago bizitzen. Horregatik, argi dugu: Antzuolako Herri Eskolako hezkuntza eredua babesten dugu; eta zuk?
Jon Mata Etxaniz eta Itsaso Garmendia Egaña, Antzuolako Herri Eskolako 294 ikasle ohiren izenean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Gauza garrantzitsu asko gertatzen ari dira Palestinan, Euskal Herrian eta munduan. Espantu israeldarraren aurrean Euskal Herrian inteligentzia kolektiboa martxan dago, inoiz baino indartsuago. Jende ezberdin asko, toki ezberdin askotan, gauza ezberdin asko egiten ari da... [+]
Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak... [+]
Aurtengo uda garaian 46 gradutara iritsi da tenperatura Espainia eta Portugaleko leku batzuetan. Europako beste leku batzuetan ere 40tik gorako tenperaturak izan dituzte, baita Euskal Herrian ere. Iaz baino tenperatura altuagoak izan ditugu eta aspalditxo izan ditugun handienak... [+]
Nazio Batuen Batzorde batek bi urte behar izan ditu palestinar herriak hamarkadetan salatu duena berresteko: Israelgo estatu sionista genozidioa gauzatzen ari dela. Herri presioa gero eta handiagoa da gure agintarien gainean, eta nazioarteko boikotak lehen arrakalak ireki ditu... [+]
TikTok-en parafernaliatik urrun bizi naizenez, aurreko egunera arte ez nuen jakin Maria Pombo horren berri. Sare sozialek orduero aurkitzen dute kalapitarako gairen bat eta, honakoan, kristorena sortu zuten influencerrak irakurtzearen gainean egindako adierazpenek. "Esango... [+]
Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren... [+]
2018ko uztailean, CAF Beasaingo enpresa batzordeak lehen aldiz eskatu zion ofizialki CAFeko zuzendaritzari Jerusalemgo tranbiaren esleipen konkurtsoan ez parte hartzeko. Momentu horretan egoerak gaurkoarekin zerikusirik ez bazuen ere, ohiko trenbide batetik harago, proiektu hori... [+]
Mundua Israel Gazan egiten ari den genozidioaren hondamendira begira dagoen bitartean, kolonoen mugimenduak eta Israelgo armadak triskantzak egin dituzte Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen. Ondorioz, palestinar gisa han bizitzea eguneroko borroka bihurtu da, biziraupenekoa:... [+]
Dena aldatu da urriaren 7an Al-Aqsa Uholde Operazioa hasi zenetik. Palestinarrok utzi diogu biktima perfektuen eta terroristen arteko nahasketa izateari, batzuek konturatu nahi ez dutela dirudien arren. Irudi lazgarrien gaindosiak, azkenik, masa handien enpatia erreala eragin du... [+]
Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]
Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman... [+]
Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]
Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]
Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.
Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]