ARGIA.eus

2021eko urriaren 15a

Herri oso bat sar daiteke Arbonan


Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2021eko irailaren 23a

Erosleak azkenean ez ditu Arbonako etxe eta lursaila erosiko. ELB eta Lurzaindiako kideen eta hauei juntaturiko herritarren aitzinean amore eman behar izan du. Okupazioak oraindik segitzen du, saltzaileak 3 milioi euroren gose segitzen duelako eta negoziaketa fasean okupaziotik bideratu presio, indar, elkartasun eta kolektibotasunak baduelako eragina. Adostasun batera heldu ala ez, urriaren 24an emanen diote bukaera okupazioari, garaipena ospatuz –eta argi utziz lur hauek laborantzara bideratzearen alde segituko dutela erne–. Orotara 124 eguneko okupazioa beraz okupazioaren ohitura arras guti duen eta jabetzari errespetu handia bideratzen dion Ipar Euskal Herrian. Zenbat jende pasa da okupaziotik? Anitz. Ehunka, eta beharbada milaka. Hala ere, irudikatzen nuena baino gutiago. Nago, Euskal Herria ez da salgai lema lau haizetara zabaltzen dabiltzan anitz ez direla bertaratu. Konfinamenduak etxebizitzaren arazoa sekulan baino gehiago begibistan ezarri zigula, laster loratu ziren afixa, pintaketa eta ekintza sinbolikoak. Proportzionalki, amorratu eta motibatu anitzez gehiago irudikatzen nituen bertaratzen. Hego Euskal Herritik ere elkartasun gehiago espero zitekeen, lurren desagerpenaren eta espekulazioaren arazo orokortuei herri gisa erantzuteko aukera polita izan zitekeelako Arbonakoa. Nago Lekarozko Aroztegiaren kontrako mugimenduak lortu duen herri-elkartasuna ez duela lortu Arbonakoak. Herri gisa arazo bat dugu hor. Has gaitezen mugarik ez! lema gure barrenetaruntz oihukatzen... badelako garaia eta presa herri gisa erantzuteko diruaren izenean lurra –eta hortik herria– suntsitzen dabiltzanei.

Arbonakoarekin ELB eta Lurzaindiak lortu dute konbentzitzen lurraren problema ez dela bakarrik laborarien problema. Bertan batu aniztasuna dugu froga. Lurrama hor ospatuko da aurten, oinarrian eta bere baitan duen kutsu politikoa sekulan baino gehiago bistaratuz. Laborarien eta laborari ez direnen arteko topagune izan nahi du Lurramak; laborantza eta elikadura erabat politikoak direla ohartarazteko gune izan nahi du; eta apairu oro jendarte justuago baten alde egiteko boterea dugula azaltzen dabil. Funtsean, helburu horiek bete ditu okupazioak. Okupazio honi bukaera emanen dio Lurramak urriaren 24an. Hamabost hektarea eremu zabala da, herri oso bat kabitu daiteke bertan!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Lurraren espekulazioa  |  ELB  |  Lurrama  |  Arbona

Lurraren espekulazioa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude