Hebe de Bonafini, 30.000 argentinar seme-alaba desagerraraziren ama

  • 93 urterekin hil da igandean Maiatzeko Plazako Amen elkartearen presidentea, Argentina jaioterrian. Elkarteak osteguneroko plazako martxara deitu du bere omenez, eta iragarri du bertan geratuko direla haren errautsak. Argentinako Gobernuak hiru eguneko dolu nazionalera deitu du. Euskal preso politikoen senideekin elkartasuna adierazi zuen beti Bonafinik.


2022ko azaroaren 21an - 12:24
Azken eguneraketa: 13:44

Elkarteak eman du heriotzaren berri sare sozialetan: “Beti arte, Hebe. Maiatzeko Plazako Amen elkarteak jakinarazten du gure lehendakaria, Hebe de Bonafini, etxez aldatu dela, berak beti esan zuen bezala aurretik joan ziren kideez. Maiatzeko Plazan jarraituko du betiko. Atzerapausorik ez!”. Haren omenezko mezuak eta adierazpenak biderkatu dira ordutik, Argentinan eta mundu osoan.

Maiatzeko Plazako Amen elkarteko kideak 1977ko apirilaren 30ean egin zuten estraineko martxa Buenso Airesko Maiatzeko Plazan, indarrean zegoen diktadura militarrak desagerrarazi zituen seme-alabengatik galdezka. Poliziak kanporatu nahi izan zituen, baina mobilizazioari eutsi zioten, gaur arte. Ordurako Bonafinik seme bat zuen desagerrarazia, Jorge Omar. 1977ko abenduan eraman zuten militarrek bigarrena, Raúl Alfredo, eta ondoren haren emazte eta Heberen errain María Elena ere.

Senideak ez ezik militantzia kideak ere galdu zituen Bonafinik errepresioaren ondorioz, 1977ko abenduan elkarteko hiru ama desagerrarazi baitzituen diktadurak. Beldurra zabalduz elkarteko amak borroka abandonatzea bilatzen zuten, baina ez zuten lortu: Hebe de Bonafini eta Maiatzeko Plazako amen elkartea ahanzturaren aurkako borrokaren erreferente dira Argentinan eta mundu osoan. Baina beren seme-alaben alde ez ezik, bestelako borroka eta aldarrikapenekin ere egin zuten bat.

Euskal presoen senideekin elkartasuna

"Euskal amei emandako sostenguaz arnegatzea, gure seme-alabak edukitzeaz arnegatzea da"

Maiatzeko Plazako Amen elkarteak hainbat aldiz adierazi zien elkartasuna euskal preso politikoen senideei, eta zenbait unetan jazarpena jasan zuen horregatik. 2000. urtean Argentinan zein Espainian elkartearen aurkako kanpaina politiko-mediatikoa abiatu zen. Horrela azaldu zion Bonafinik elkartearen jarrera Alvaro Hilario Pérez De San Román kazetariari, ARGIAk argitaratutako erreportajean: “Alde batetik, Espainiako Estatuko hainbat lekutan genuen laguntza oro galdu genuen, interesgarria zen laguntza ekonomikoa. Baina euskal amei emandako sostenguaz arnegatzea, gure seme-alabak edukitzeaz arnegatzea da. Hura guztia galdu genuen, baina amak ez ginen iritziz aldatu. TVEk deitu zidan: esandakoaz publikoki damutuz gero, proiektuekin segituko zuten. Preziorik ez nuela esan nien nik, proiektuak diruz egiten zirela, baina amek egiten duguna ezin dela erosi”.

“Hiltzen naizen egunean plazan festa egin behar dute”

Ostegunean eta Maiatzeko Plazan bertan emango dio agurra elkarteak Bonafiniri, eta iragarri du presidentearen errautsak plazan geratuko direla. Elkarteak bideo bat zabaldu du, non Bonafinik berak adierazten duen nola izan nahi lukeen gogoratua, eta nola agurtua:

“30.000 desagertuengatik, 30.000 seme-alabengatik edo askoz gehiagorengatik –kopuru erreala inoiz ez dugu jakingo agian– borroka egin zuen ama gisa gogora nazaten nahi dut. Emakume arrunta, garbitzen, lisatzen eta sukaldean aritzen zena. Ez naiz beste munduko ezer. Batez ere hori, ez nazatela egin naizen honetaz bestelakoa. Ez nuke nahi. Horregatik diot ni hiltzen naizen egunean ez didatela negarrik egin behar, dantza egin behar dutela, abestu behar dutela, Plazan festa bat egin behar dutela. Nahi nuena egin nuelako, nahi nuena esan nuelako, eta nahi nuenaren alde dena eman nuelako borrokan”.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


"Shock" bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


Eguneraketa berriak daude