EHZ

Hasi dituzte EHZ Festibalaren muntaketa lanak

  • Astebeteren faltan hasi dira Irisarriko guneak prestatzeko lanetan Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideak eta laguntzaileak. Laguntzera joateko deia egin dute.

Argazkia: @ehzfestibala

2021eko ekainaren 24an - 13:04
Azken eguneraketa: 15:23

Datorren asteburuan izango da EHZ festibala, uztailaren 2tik 4ra, Irisarrin. Joan den urtean bertan behera geratu zen arren indarrez eta indarrez dator aurtengoan jaialdia. Izan ere, 25 urte betetzen dira aurten festibala lehen aldiz egin zutenetik.

Osasun neurrietara egokitu behar izan dute jaialdia, eta horretarako formatu berezia prestatu dute. Prefeturarekin adostuta akanpalekua egongo da, 3.000 pertsona sartu ahalko dira festibalaren gunean egun bakoitzean, kontzertu, antzerki, dantza eta bestelako emanaldiak zutik ikusi ahalko dira, baina musukoa jarrita eduki beharko da. Horrez gain, janaria eta edaria kontsumitzeko ostatuak egongo dira. Egoera dela-eta sarreran PCR edo antigeno testaren emaitza negatiboa edo txertoa hartu izanaren ziurtagiria erakutsi beharko da.

Dagoeneko festibalaren muntaketa lanekin hasi dira bolondresak, eta laguntzera joateko deia egin dute. Goizez 09:00 - 12:30 artean eta arratsaldez 14:00 - 20:30 artean ari dira jaialdirako guneak prestatzeko lanak aurreratzen.

Egitarauko hainbat izenen berri eman dute jadanik: Chill Mafia (lehen aldiz Iparraldean), Tiktara, Rukula, Ruper Ordorika, Potato, Anestesia, Diabolo Kiwi, Physis vs Nomos, Olatz Salvador, Herdoil eta Rüdiger arituko dira, besteak beste, taula gainean. Antzerki, zirku, dantza eta bestelako ikusgarriei dagokienez, Hatz(a)marka kantu eta antzerki ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Tio Teronen semeak dantza taldea ikusi ahal izango dira besteak beste.

Emanaldiez gain, beti bezala, hausnartzeko eta eztabaidatzeko tailer, hitzaldi eta mahai-inguruak ere egongo dira. Bost gai nagusi landuko dira: artearen funtzioak, etxebizitza problematika, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena. Brigada ubelak eraso sexisten kontrako tailerrak ere antolatuko ditu.

Sarrerak salgai daude oraindik ehz.eus webgunean.

Arrosa sarearen 20. urteurrena ere ospakizun

Jaialdiaren urteurren borobilaz gain, festibalaren bueltan eratutako beste proiektu batek ere bailatuko du ospakizunerako aukera. 2001eko ekainean egin zuten euskal irrati libre eta komunitarioen sarearen sorrera bilera, Arrosan, EHZ jaialdi betean. Kimu horretatik sortu zen Arrosa sarea, gaur egun Euskal Herriko 25 irratik osatzen dutena. Uztailaren 2an emanaldi bateratua egingo du Arrosa sareak Irisarritik.

Gehiago jakiteko, ez galdu Santiago Canalesek Arrosa sareari buruz egindako erreportajea aste honetako ARGIAn: "Arrosa Sarea: 20 urte sintonian eta libre"


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude