Arrosa Sarea: 20 urte sintonian eta libre

  • Euskal Herriko irrati libreak elkartzen dituen sareak bi hamarkada bete ditu ekainean, irrati-ekosistema gertukoa, askotarikoa eta euskalduna indartzen. Elkar-laguntza dute oinarri.

Argazkia: KKinZona

2021eko ekainaren 27an

Hordago El Salto hedabidean argitaratu dute jatorrizko erreportajea.

Euskal Herriko euskarazko irratien Arrosa Sareak 20 urte bete ditu ekainean. 2001ean Herri Mugi! ekimenak herri mugimenduen topaketa antolatu zuen Barrian (Araba), eta hainbat irrati libre elkartu zen jardunaldi haietako komunikazio batzordean. “Sintonizatu” egin zuten. Ulertu zuten lankidetzari eutsi behar ziotela, baita aurrera begira ere. Handik gutxira, sorrerako bilera iritsi zen Euskal Herria Zuzenean jaialdian, Arrosan (Nafarroa Beherea). Herriaren izena hartu zuten sarerako. Hogei udaberri geroago, Euskal Herri osoko 25 irratik osatzen dute sarea eta astero 60 programa inguru partekatzen dizkiote elkarri. Tokian tokiko irrati libreen ahalegin bateratua da, alternatiba bat indartzeko, enpresa publiko eta pribatuek nagusiki osatutako dialean. Euskaraz.

Ia 20 bat urte lehenago, lagun batzuk, kazetaritza ikasleak, beren irratsaioak grabatzen hasi ziren Bergaran (Gipuzkoa), Bilboko Tas Tas – egun 97 irratia–  eta Gasteizko Hala Bedi irratien esperientzien beroan. Horrela jaio zen Txapa Irratia, Bergarako irrati librea. Iñigo Herreros soinu teknikaria da eta ia hasieratik ari da proiektuan. Lehenik, talde batek lokal bat utzi zien eta, ondoren, udalak lagatako beste bat lortu zuten. "Ordenagailu bat lortu behar dugu, hau kristona izango da", esan zion Herrerosi lagun batek San Martzial jaietan, Barriako topaketak izan eta gutxira. Ordenagailua eskuratu eta, berak joaterik izan ez bazuen ere, kideak Behe Nafarrora joan ziren eta Arrosa Sarearen jaiotzan hartu zuten parte.

"Guretzat, Arrosa ezinbestekoa izan da hasieratik, programazio-parrila osatzeko programak partekatu ahal izatea ezinbesteko laguntza izan da", dio Herrerosek. Txapa oso irrati aldakorra da, pertsonak sartu eta irten egiten dira, baina beti dago ordezkorik. Herreros lagun batzuekin musika saio bat egiten hasi zen, baina orain irratiaren funtzionamendu teknikoan ari da laguntzen. Bost musika disko grabatuta zituen CDarekin oroitzen da oraindik, behin eta berriz jartzen zuten programazioaren hutsuneak betetzeko. 37 urterekin, Txapa Irratiak hogei irratsaio baino gehiago partekatzen ditu Arrosa Sareko gainerako irratiekin, eta elkartrukeari esker edukiz bete ditzake programazioaren 24 orduak, egunero.

2019-03-23 Arrosa Sareko kideen asanblada Urretxuko gaztetxean. Argazkia: Jon Urbe / Foku

Iraitz Gesalaga Arrosa Sareko koordinatzailea da eta hamabost bat urte daramatza Zarauzko Arraio Irratian parte hartzen. Proiektu txikienei saioen zerrenda betetzen laguntzeaz gain, irratien arteko saio-trukeak bozgorailu gisa funtzionatzen du; irratsaioen hedapena handitzen du. "Duela hogei urte hausnarketa egin zen: irrati lokal eta libre asko dago, baina atomizatuta daude", azaldu du. "Euskal Herrian distantzia psikologikoak ditugu, eta batzuetan fisikoak ere bai, mendiak adibidez, herri baten eta bestearen artean. Horren ondorioz, askotan ez dugu jakin ere egiten ondoko herrian zer gertatzen den", gaineratu du. Arrosa Sarea distantzia horiek murrizten saiatzen da, elkartzeko gune bat izaten.

Bergaratik lerro zuzenean bederatzi kilometrora, Irimo mendia gaindituta, KKinZona Irratia dago, Urretxu-Zumarragako irrati librea. Haritz Berasategik, beste kide batzuekin batera, Gaur Egur magazina ekoizten du. Irratia gaztetxean dago, eta duela hamar urte baino gehiago bere inguruan ibiltzen zen jende bat fanzine makarrak eta alaiak egiten hasi zen, Berasategiren hitzetan, "pentsatzen dugunari zabalpena emateko". Berehala irratira ere jo zuten iritziak, ideiak, kritikak eta ilusioak zabaltzeko.

KKinZonako kolektiboarentzat –izena garaiko txantxa bat da, "kakaztu zuena"-ren laburdura–, irratia hedabide bat gehiago da, besterik ez; baina, irrati bat baino gehiago ere bai: "Proiektu komunikatibo komunitarioa". Irratia martxan jartzeaz gain, fanzineak argitaratzen dituzte maiztasun zehatzik gabe, komiki batzuk eta bi film amateur ere egin dituzte. Komunikatzea izan da beti funtsezkoena. "Irratiaren indarra hurbiltasuna da, tokian tokikoa. Herriko kolektiboek gu kontuan har gaitzaten saiatzen gara, eta guk haiek, informatzeko", laburbildu du Berasategik. "Urretxu eta Zumarraga ez dira Goierri, eta eskualdeko hedabideren batek bertoko albisteak argitaratzen baditu ere, hutsunea zegoela sentitu genuen eta interesatzen zaigunarekin betetzea proposatu genuen".

Arrosa Sareko kideak 2019an KKinZona irratiko egoitza parean. Argazkia: Arrosa Sarea

Komunikatzeko grina hori eta beste kolektibo eta herri mugimenduekiko harremana oso garrantzitsuak dira Gesalagarentzat. Arrosa Sarearen bizitzako bi hamarkaden balantze positiboa egin du. "Sareak hazten jarraitzea eta irratiak existitzen jarraitzea, zailtasun guztiak gorabehera, garaipena da", adierazi du. Arrazoiak bilatzeko, jatorrira jo du. "Gurea bezalako herri txiki batean hainbeste irrati egoteak zerbait bizia dela esan nahi du. Beti egon gara herri mugimenduekin oso lotuta. Gure errealitateak kontatu behar ditugu, gure ikuspegietatik, eta horretarako bitartekoak behar ditugu, bestela, guk ez badugu egiten, beste inork ez du egingo", dio Hala Bedik Gasteizko Alde Zaharrean duen lokalean.

Askotariko uhinak

Lankidetza bai, baina irrati bakoitzaren ezaugarriak errespetatuz, ohartarazi du Gesalagak. Ez da ideia soil bat, praktika ere bada. Irrati bakoitzak bere ahalmenaren arabera ordaintzen dituen kuotekin finantzatzen da Arrosa Sarea. Diru horrekin webgunea mantentzen dute, edukiak koordinatu, astean magazin bat ekoitzi eta bi pertsonaren soldatak ordaintzen dituzte, bata lanaldi erdian eta bestea lanaldiaren herenean. "Kontratuak beste gauza batzuetatik libratzen zaitu, baina ez du horretaz bakarrik bizitzeko aukerarik ematen. Lanaren zatirik handiena militantea da", aitortu du koordinatzaileak, Arrosan soldatapean dauden bi pertsonetakoa denak.

Ez dira gauza bera Laixiar Irratia (Iurreta, Bizkaia), irratietan gazteena eta sarera bat egin duen azkena, edo Gasteizko Hala bedi eta Naiz Irratia –lehen Info7 zena,  komunikazio pribatuko enpresa batekoa eta Hegoalde osoan emititzen duena–. Askotariko sarea da: gaitasunak, irratia ulertzeko moduak, inguratzen gaituenari begiratzeko eta kontatzeko erak. Baita desberdintasun politikoak ere. Zerbait naturala da Gesalagarentzat, Arrosa espazio zabala baita. Irrati guztietan izaten dira eztabaidak, gehienek komunitarioa izatea baitute helburu. "Askoz gehiago da batzen gaituena banatzen gaituena baino", azpimarratu du Arrosa Sareko koordinatzaileak.

Arrosa Sareko kide batzuk 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan, Durangon. Argazkia: Arrosa Sarea

Arrosaren bereizgarritasuna da irratien artean partekatzen dituzten saio guzti-guztiak euskaraz direla, nahiz eta zenbait irratitan gaztelaniazko saioak ere emititu. Euskara eta uhinek okupatzen duten lurraldea –Euskal Herria– dira elkartearen oinarriak.

Leo Bueriberik gidatzen eta ekoizten du Zebrabidea, Arrosako irrati guztietan emititzen den magazina. Haraxeago doa bera: "Elkarbanatzeak, irratien artean ematen dugun laguntza horrek bereizten gaitu irratia egiteko beste modu batzuetatik. Familia sentimendua dago, badakizu besteak hor izango dituzula laguntzeko". Elkarlanean aritzea, edukiak, esperientziak eta baliabideak partekatzeaz ari da. Elkarri laguntzea, azken finean. Bueriberi Hala Bedira hurbildu zen lehen aldiz, O no será feminismoei buruzko saioaren eta Hizpide programaren kolaboratzaile gisa.

Zebrabidea, neurri batean, lankidetza horren emaitza da. Saioaren edukiak hainbat irratiren parte-hartzeaz elikatzen dira. Gainera, gai askori buruzko kolaboratzaile sarea osatua du: ekonomia, literatura, musika... Hedabide lagunei ahotsa ematen diete, adibidez, ARGIA aldizkariaren asteroko aurrerapenarekin. Eta gizarte-mugimenduek ere badute beren espazioa, hala nola BALA kolektiboak sexu-disidentziez hitz egiteko duen tartea. "Albisteak edo elkarrizketak gaurkotasun politikoak markatzen ditu", azaldu du Bueriberi saioko esatariak. Herri mugimenduena, noski.

Oihaneko legea

"Frekuentzia modulatua (FM) oihaneko legea da. Indartsuenak, emisio potentzia handiena duenak, emititu egiten du, eta pikutara gainerakoak", laburbildu du Gesalagak. Mundutxoan ohikoa den analogiara jotzen du. Irrati bat lizentziarik gabe sortzea, etxe huts bat okupatzea bezala da, baina kasu horretan uhinak dira okupatzen direnak. Lehenik eta behin, dialean espazio huts bat aurkitu behar duzu, eta hobe bizilagunik ez baduzu edo enbarazu egiten ez badiezu. Inork bota nahi ez zaituen bitartean, alegalaren linboan emititzen jarraituko duzu.

Kasu honetan, orografiak irrati libreen alde jokatzen du. "Mendi asko dago eta arrazoi teknikoengatik ohikoa da herri batetik bestera frekuentzia aldatzea. Herrietan nahiko erraza da lekua aurkitu eta hor mantentzea. Hirietan, aldiz, zailagoa da", azaldu du Arrosako koordinatzaileak. Irrati libreak helburutzat izan behar al du lizentzia publikoa izatea, diru-laguntzak jasotzea? Arrosan, irrati bakoitzak erabakitzeko autonomia du. Are gehiago, saiatu izan direnei babesa eman die.

Ez da KKinZonaren kasua, ezta Txaparena ere. Biak eroso sentitzen dira euren herrietan, hamarkadak daramatzate lizentziarik eta diru-laguntzarik gabe emititzen, arazo handirik gabe, eta "inoren menpe ez egotearen" askatasuna daukate. Baina kontrakoa ere gertatzen da. Bilbo Hiria Irratiak hogei urte baino gehiago daramatza lizentziarik gabe, programazio osoarekin euskaraz, Bilbo metropolitarretik Bilbo metropolitarrarentzat. 1997an, Zenbat Gara kooperatibak irratia jarri zuen martxan, Kafe Antzokia ere ireki ondoren, Bizkaiko hiriburuan euskal kultura sustatzea helburu zuen aisialdirako areto, jatetxe eta taberna.

Ane Zabala Bilbo Hiriko kazetaria. Argazkia: Gabriel Aresti Euskaltegia

Ane Zabala kazetaria da eta irratia entzuten eta egiten gozatzen du. 2003an Bilbo Hiria Irratira hurbildu zen, Radio Euskaditik kaleratua izan ondoren, eta besoak zabalik hartu zuten. Horrela hasi zen Piperpolis kultur saioa ekoizten, Galder Perezekin batera. Zabala irratiko koordinatzailea da egun.

2012an, lizentzia lortzeko Eusko Jaurlaritzak –Patxi Lopez buru zuenak– deitutako lehiaketa publikora aurkeztu ziren. 34 lizentzia atera ziren lehiaketara, horietako lau Bilbon: bi euskaraz eta bi gaztelaniaz. Hala ere bazekiten zaila izango zela. Bilbo Hiriak kritikatu zuen lehiaketak ez zituela irrati komunitarioak kontuan hartzen eta irrati komertzialen alde egiten zuela. "Esperientzia ez baloratzeak asko harritu gintuen. Guk urteak generamatzan emititzen. Gainera, irizpideek euskara zigortzen zuten nolabait, apenas gehitzen baitzuen punturik. Eta ez da ahaztu behar Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntza ofiziala dela", kritikatu du Zabalak.

Eusko Jaurlaritzak, jardunean jada, behin esleipenak eman eta argitaratu ondoren, lehiaketa baliogabetzea erabaki zuen. Irrati batzuek auzitegietara jo zuten eta 2014an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, oraingoan Iñigo Urkullu buru zela, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Azkenik, 2019an, lehiaketa hartan emandako lizentziak banatzera eta prozesuaren zenbait kostu ordaintzera behartu zuten Jaurlaritza.

Arrosako bi irratik horrela lortu zituzten beren lizentziak. Hala Bedik bigarren dialerako baimena lortu zuen, Hala Bedi Bi, euskara hutsezkoa. Lehenengoa, euskaraz eta gaztelaniaz emititzen duena, kanpoan geratu zen. Bestalde, Naiz Irratiak zazpi lizentzia lortu zituen. Bilbo Hiriak eta Tas Tas Irratiak ez zuten lizentziarik lortu.

Hori baino lehen, 1992an, Eusko Jaurlaritzak bere azken lizentziak eman zituen, eskumenak zirela-eta Espainiako agintariekin borrokatu ondoren. Zabalaren arabera, diala eguneratzea eta lizentzia gehiago lehiaketara ateratzea "patata beroa" zen, baimen bakoitzaren atzean interes handiak daudelako frekuentzia bat erabili ahal izateko. EAEn lizentziarekin emititzen duten irrati gehienak SER, Onda Cero edo COPE bezalako kate handietakoak dira, tokiko irratiekin kontzentrazio eta akordio prozesu baten ondoren.

Ane Zabalak salatzen duenez, euskal hiztunek dialean espazio bat galdu zuten duela bi urte, 2012ko lehiaketaren emaitzak gauzatu zirenean, zazpi urteko prozesuaren ondoren. Euskarazko irratientzat gordetako lizentzietako bat, 92.7 fm, ia programazio osoa gaztelaniaz emititzen duen SER kateko irrati bati esleitu zitzaion. "Euskarazko komunikazioan erreferenteak behar ditugu. Demografia hutsagatik bada ere, Euskal Herrian euskaldun gehien dituen hiria gara. Bilbo metropolitarrean milioi bat pertsona inguru bizi dira, baina agian hizkuntz-komunitate gisa ez dugu hain argi ikusten. Horregatik, agian hemen ez da beste leku batzuetan bezain erraza euskaraz bizitzea", dio kazetariak. Dialean, irrati gehien-gehienek gaztelaniaz emititzen dute, gutxi batzuk elebidunak dira, eta bost baino ez euskara hutsean emititzen dutenak. "Beste behin ere, euskara galtzaile", nabarmendu du Bilbo Hiriko koordinatzaileak.

Hodeiak eta dialak

Arrosa Sarea sortu zen egunean, 2001ean, Internetek hamar urte bete zituen. Hogei urte eskasetan, informazioarekin, kulturarekin eta, oro har, hedabideekin erlazionatzeko ditugun moduek aldaketa sakonak jasan dituzte, sarearen eta komunikazio-teknologien eskutik. Eta irratia, ezin bestela izan, ez dago errealitate birtual berri horretatik kanpo.

Bilbo Hiria Irratia, adibidez, bere webgunetik streaming bidez zuzenean emititu zuen lehen irratia izan zen, 2006an, Ane Zabalak harro azaldu duenez. "Ordutik egiten dugun guztia hodeian gordetzen da, libre eskura daiteke hor. Artxiboaren gainerakoa –aurreko guztia– ere lekualdatzea pentsatu genuen, baina agian larregi izango zen. Hemen, gure estudioetan, jada ez dugu ezer gordetzen ", aitortu du, urteetan pilatutako artxibo kopuruari erreferentzia eginez. Orain, eduki guztiak zerbitzariren batean gordetzen dira datu moduan.

Garai berrien jakitun, Arrosa Sareak irratia ekoizteko eta entzuteko modu berriei ekitea jarri zuen iaz erronka. Ordutik, mugikorretarako aplikazio bat jarri dute martxan, eta bertatik  streaming bidez konektatu daiteke sareko edozein irratirekin. Gainera, edukietan hiru podcast gehitu dituzte, nahiz eta ez diren irratiek sortuak.

"Podcasten aldeko apustua egin behar da, jendeak entzun egiten ditu, nahiz eta emisiorik gabe, zuzenekorik gabe, irratiak bere xarma galtzen duen", uste du Herrerosek, zeina Txapa Irratian Arrosak sortutako edukiak kudeatzen ere aritu den. "Guk argi daukagu, FMn jarraituko dugu". Bueriberiren ustez formatu berri horiek aukerak eta entzuteko moduak zabaltzen dituzte, agian, hobeto egokitzen direnak daramagun bizi-erritmoetara. "Gauza bat gustatzen zait: gelditu zaitezkela. Lehenago irratiari eskaini ahal zenion denbora hori agian ez daukazu orain. Gaur dena da presa, baina orain entzuten egon zaitezke, utzi, eta gero berriro ekin. Horrek ere badu bere magia", aitortu du, ahaztu gabe betiko irratiaren xarma: "Nahiz eta zuzenekorik egon gabe, agian ez den hain magikoa".

Berasategirentzat, berriz, podcastak, sare sozialak eta irrati digitala ez ziren disrupzioa izan. KKinZona Irratia Internet bidez hasi zen emititzen eta handik denbora batera lortu zuten frekuentzia modulatuan espazio bat hartzea, beren kabuz estudio bat muntatu ondoren, autogestionatuta. "Jendea hor baldin badago, hor egon behar dugu. Garrantzitsuena entzutea da ", dio kolektiboaren esperientzia eta filosofia laburbilduz. Kontatzeko istorioak eta partekatzeko mezuak dauden bitartean, irrati komunitarioek soinu libreak emititzen jarraituko dute, auzotik mundu osora.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrosa Sarea
Arrosa Sarearen X. Topaketak Oreretan egingo dituzte, irrati libre euskaldunen bozgorailu

Martxoaren 4an, Oreretan egingo ditu Arrosa Sareak aurtengo Topaketak, bertako Zintzilik irrati librearen eskutik. Elkarrekin egoteko parada izateaz gain, “gure presentzia aldarrikatzeko” eguna ere izango da, Aitziber Zapirain sareko kideak ARGIAri kontatu dionez.


2021-11-07 | Hala Bedi
Arrosa Irrati Sareko IX. topaketak egin dira Iurretan

Tailerrak eta mahai-inguruak, dokumental estreinaldia zein kontzertuak egin zituzten larunbatean Iurretako Abadetxean, Bizkaian. Topaketa berezia izan da aurtengoa, hogei urte egin baititu Arrosa sareak.


2021-10-26 | Jon Torner Zabala
Arrosa Sarearen topaketetan 20 urteko ibilbidearen dokumentala estreinatuko dute

Azaroaren 6an egingo dira Arrosaren IX. Topaketak, Iurretan, jaio berria den Laixiar irratia anfitrioi dela. Edizio berezia izango da, irrati libreen sareak 20 urte bete baititu aurten.


2021-10-08 | ARGIA
Iurretan elkartuko dira Arrosa osatzen duten 25 irratietako kideak, sarearen 20. urteurrenarekin bat

Pandemia dela eta, bi urte topaketarik egin gabe izan ostean, Iurretan azaroaren 6an berriz elkartuko dira Euskal Herriko 25 irratik osatzen duten Arrosa Sareko kideak. Topaketak elkarrekin ikasi, hausnartu eta elkar ezagutzeko baliatzeaz gain, aurtengo edizioak beste helburu... [+]


Eguneraketa berriak daude