Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak duela gutxi arte herrialde txiroetako jendeak zukutzen zituzten zintzurretik estututa. Orain Europa da politika berdinen laborategia: estatuak argaldu, zor publikoa aitzakiatzat hartuta. Altermundialistek proposatzen dute erakunde publikoen zorrak auditatu eta bidezkoak ez direnak ez pagatzea.
Orain artekoa ahaztea hobe da, dio Murtziako (Espainia) gobernu autonomoan Ekonomia Kontseilari den Juan Bernalek, kazetariak galdetu diolarik ea nola iritsi diren horrelako defizit handira. Erdaraz nabarmenago geratzen da: “A veces casi no merece la pena detenerse en por qué hemos llegado a esto” (El País, 2012ko maiatzak 15, 9. orr). Tsunamiak harrapatu gaituen honetan, hondamendiaren atakan, corralitoaren mehatxua zintzurrean... hobe orain artekoak ahaztu eta nola edo hala berriro bira egitea. Gerrikoak ondo estututa, prefosta.
Alderantzizkoa diote Damien Millet eta Eric Toussaintek AAA. Audit, Annulation, Autre politique (Auditoria, Ezabatzea, Bestelako politika) liburuan: hitz egin dezagun nola heldu garen honaino. Alegia, langileek eta oro har herritarrek ez dutela onartu behar azken hamarkadotan bizi-baldintzetan lortutako hobekuntza guztiak desagertzea estatuen zorrak kitatzearen truke.
XXI.eko krisitzarrak ekarri duen aldaketa ederki azaltzen du xehetasun honek: Millet eta Toussaint ari diren eta liburua argitaratu dien erakundeak izena du CADTM Comité pour l'Annulation de la Dette du Tiers Monde, hots, Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzearen aldeko Batzordea. CADTM orain herrialde aberatsetako zor publikoaren auditoria eskatzen ikusteak erakusten du noraino heldu diren munduko multinazionalak, Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa planeta osora zabaltzen hasita duela hiru hamarkada herrialde txiroetan ezarritako politika neoliberalak. Millet matematiketako irakaslea da Frantzian eta Toussaint zientzia politikoetan doktore, ATTAC mugimenduko liderretakoa.
Tituluko “AAA” horrekin hitz jokoa egiten dute egileek: “Beren herrialdeen AAA kalifikazioa salbatzeko, agintari europarrek, Europako Batzordearekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin elkar hartuta, beren herritarrei ezartzen dizkiete austeritatea, atzerakada soziala eta giza eskubideen urraketa”.
178 orrialdeko liburuan krisia analizatzen dute eta lehertu denetik agintariek hura gainditzeko aplikatu dituzten neurriak, baina salatuz krisiaren errudunak babestearekin batera ondorioak hura nozitu behar duten herritarrei jasanarazten dietenen logika neoliberala
“Zor publikoaren auditoria on bat da bide bakarra erabakitzeko zor horren zein zati ez den legitimoa, eta ondorioz ezabatu beharrekoa. Horrela, zorra den fardel zamatsu horren azpitik askatuta, europarrek ezarri ahal izango dute bestelako politika bat gaur nagusi den austeritatezkoa, arriskutsua eta bidegabea etenda”.
Atenastik Madrilera eta Londrestik New Yorkera mobilizatzen ari diren herritarrei argudio ondo josi bat luzatu nahi diete Millet eta Toussaintek: “Borroka sozial sendoek, ez beste inork, lortu ahal izanen du auditoria hori egunen batean egia bihurtzea, apustuaren handiari egokituko zaion logika aldaketa erradikala”. Gertatuko ote da? Ezin jakin. Baina proposamenak badu berez indarra.
Auditoria eta moratoria
Belgikako Le Soir egunkarian Dominique Bernsek elkarrizketatu du Toussaint, lehen galderan jarrita hedabide nagusiek oinezko soilon buruetan josi dituen mantrak: gure finantza publikoak krisian daude, Estatuen zorrak handiegiak dira, dagokigun mailaren gainetik bizi izan gara, eta orain tokatu zaigu gerrikoa estutzea.
Toussaintek ukatzen du eskema hori: “Krisia sortu da bankuen eta enpresen zor pribatuetatik. Gero bihurtu da finantza publikoen krisi, estatuen esku hartzearen ondorioz. Gure arazoen jatorri nagusia zor publikoan datzala eten gabe zabaltzen dutenen kontra gaude gu. Ez dut ukatzen zor publikoak gaur egun handiegiak direnik. Baina ez dute horiek sortu krisia”.
Estatuek ez dituzte aprobetxatu, dio Toussaintek, 1990ko eta 2000eko hamarkadetan beren finantzak hobetzeko eduki dituzten aukerak. Aitzitik, opariak egin dizkiete kapitalista handiei. Horrela harrapatu ditu finantza pribatuen krisiak, eta hazkunde ekonomikoaren gelditzeak are gehiago hustu ditu estatuen altxorrak. Baina “bankuen kutxak aktibo toxikoz beteta daude, Portugalen edo Greziaren bonoek baino askoz arrisku handiagoa daukaten aktiboez”.
Bankuak ez ote ziren salbatu behar? Toussaint eta Milleten aburuz, “herritarren aurrezkiak ziren zaindu behar. Baina bankuen sistema garbitu behar zuten agintariek, akziodun handien patrimonioei zergak handituz. Aurrezki eta kreditu erakunde publikoak sortu edo mantendu behar ziren. Baina iritzi publikoari ezkutatu zaio finantza pribatuek krisiaren leherketan izan duten erantzukizuna”.
Zor publikoa murriztu behar dela? Ezetz diote Millet eta Toussaintek. Eta zerbitzu publikoak mantendu ahal izateko bi ahoko ezpataz borroka egitea proposatu dute: alde batetik fiskalitatea hobetu gehien dauketenei gehiago pagaraziz, bestetik zor bidegabea ezabatu.
CADTMk eta justizia globalaren militanteek milatan esana errepikatzen dute hemen Millet eta Toussaintek: “Legeak bermatutako zor bat izan daiteke erabat bidegabea herritarrei galdetu gabe eta haien interesen kontra ezarri bada. Belgikak 20.000 milioi usatu behar izan ditu bankuak salbatzeko, horretarako zorretan sartu behar izan du. Zor hori bidegabea da. Guk ez dugu proposatzen zor publikoaren tituluak erosi dituzten herritarrak zigortzea, oso bestela baizik. Belgikaren zor publikoa nagusiki ez dago oinezko herritarren tituluetan: Estatuak salbatu dituen banku horien eskuetan dago. Justizia besterik ez litzateke horiek behartzea bidezkoa ez den zorra kitatzera”.
Hona proposamena: zor publiko guztien auditoria, aldi berean pagakizunen moratoriarekin, erabakitzeko zein zati den bidezkoa eta zein ez. Europan haizeak justu beste aldera jotzen du. Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak erabateko kontrola hartu dute estatuen gain, kapitalen gaineko kontrol oro ezabatu, agintari politikoek sortuak izan arren herritarren edozelako kontroli ihes eginik jokatzen dute.
Hala ere zor publikoen ezabatzea aurretik ere egin da historian zehar, eta berriro egin daiteke, egileon ustean. “Zorrarena da austeritate planei eta urteotako lorpen sozialen galerari aurre egiteko gakoa. Zorraren soka beldurgarria eteteko borroka”.
Ekin diezaiokegu hemen ere auditoriari. Nork non dauzka Bankiak galdu dituen sosak? Eta agintariei sos eske dabiltzan gainerakoenak, zeinek eraman ditu zertarako?
Ostia kolektiboko milintanteek 8.742 euro ordaindu beharko dizkiote Bouygues enpresari, eta beste 2.000 euro abokatuen gastuentzat. 2022ko abenduan buruturiko desobedientzia ekintzan promotore horren maketa bat zikindu izanagatik zigortu dituzte.
Pentsio publikoak duintzeko kanpainak 145.142 sinadura bildu ditu urte hasieran abiatu zenetik, eta pentsio apalenak behintzat lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea da helburua. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean erregistratu du... [+]
Gaur, maiatzak 15, San Ixidro da, Baserritarren Eguna. Egurra Ta Kandela baserritar ekintzak salatu du ekologikoan lan egiten duten laborariak landutako azalera handitzeko diru-laguntzatik kanpo utzi dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horregatik, 12:00etan Aldundiaren aurrean... [+]
Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila, eta hara non, azaldu zaizkit gure gazten zain hilabeteak daramatzaten lagunen irribarreak. Bihotza epelxeago dago... [+]
Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.
Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]
Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]
Zurea ez da ekologia, zurea ideologia da!”. Espainiako oposizio buruaren hitzak dituzue, oraingoan itzalaldia aitzakia hartuta. Zer den ideologia hitza desitxuratzea; trantsizio energetikoa edota energia politika, hitzak dioen moduan, politika hutsa delako. Kapitalismoaren... [+]
Talentu faltaren mamua da azkenaldian ekonomiaren ikuspegi kapitalista hegemonikotik ezarri nahi diguten eta denek ontzat eman behar dugun ideia nagusietako bat. Arazo artifiziala da, eta ikuspegi oso elitistatik, gure egunerokoan ez dagoen denon arazo bihurtu nahi... [+]
Ibilbideari saria jasoko du Zenbat Gara-k, eta Proiektuari saria Kanaldude telebistak. Sari banaketa ekainaren 3an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.
Zuzendari nagusiak eta zuzendari editorialak egindako "jazarpen eta errrepresalia kasu larria" salatu dute enpresa batzordeak eta ELA sindikatuak.
Basauriko Bridgestoneren zuzendaritzak astelehen arratsaldean eman du pneumatiko lantegian enplegua erregulatzeko txostenak eragingo liekeen langileen kopuruaren berri: 232 behargin geratuko lirateke kalean, 335 beharrean. Horrez gain, ekoizpena handitzeko eta kalte ordainak... [+]
Ikerketa urtarrilean abiatu zuen Ertzaintzak, biktimetako batek Gizarte Segurantzan laguntza eskatu ostean. Nahiz eta egunero hamar ordu baino gehiagoz lan egin "ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere". Ondorioz, zuntz optikoa instalatzen zuen enpresa bateko burua... [+]
Aurreko artikulua amaitzeko, Euskal Herriko xahuketa eta gerrarako ekoizpenaren inguruan (EHXGE, edo industria militarra) hitz egiten denean Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzak jorratu nahi ez duten helburu bat jarri genuen mahai gainean: Euskal Herrian egindako... [+]