Greba hobeak Zerbitzu Publikoentzat


2024ko martxoaren 14an - 08:52
Azken eguneraketa: 10:34

Astearterako greba deialdia zegoen zerbitzu publikoetan, baina ez nuen normal parte hartu. Ikastolara joan nintzen eta gimnasioko peto bat jantzi nuen. Asmoa honakoa zen: eskolaren beharren arabera lan egitea, baina egun horretan greba egiteagatik deskontatuko lidaketena guraso elkarteari ematea. “Soldata-greba” egin dudala esan liteke, nahi bada. Azaldu dezadan gehiago.

Greba kontzeptua ulertzen dut: enpresa kapitalista arrunt batean langileek soldata jasotzen dute eta nagusiek irabaziak, ahalik eta gehien; horregatik, grebak eginez nagusiek dirua galdu edo irabazteari uzten diote eta tratu berria egiteko presioa jasotzen dute.

Baina zerbitzu publikoetan? Alderantzizkoa gertatzen da!! Ordaintzen digunak dirutza aurrezten du eta kaltea herritarrek (langileria osoak) jasaten du. Izatekotan, argudiatu liteke zerbitzu publikoen arduradunak (gobernuak-edo) kalte elektoral bat jasotzen duela, baina ez zait iruditzen presio handia denik. (Ez, ez naiz greba egitearen aurka ari, greba onak aldarrikatu nahi ditut).

Gainera, sindikatuek ez dituzte deialdiak modu parte hartzailean prestatzen. Jakina, norbaitek esan ahal dit sindikatu batean afiliatu beharko nukeela. Afiliatuta nago, ez da nahikoa. Norbaitek esan ahal dit gehiago hurbildu behar dudala eta gertutik parte hartu, baina ez nago ados. Esaten ari naiz sindikatuek irakasle (edo osasun langile, etab.) guztiei hobeto galdetu beharko liguketela zer den benetan eskatzen duguna. Jakina, ez gure mesedetan zer lortu nahi dugun: Zerbitzu Publikoa hobetzeko zer aldarrikatu behar den baizik. (Ez, ez naiz sindikatuen kontra ari, eskerrak badaudela).

Deserosoa da gustura irakurtzen ez ditudan aldarrikapenekin greba egitea. Eta inertziaz betikoa egitea: greba egunean beranduxeago jaiki, manifa aurretik lankideekin kafetxoa hartu eta bueltaska eman ondoren, etxera

Hezkuntzari dagokionez, argi eta garbi, ratioak jaistea da lehentasuna. Baina astearteko deialdian ez da lehentasuna. “Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz” esaldiaren barruan dagoela suposatu behar, baina langilearengan fokua jartzen du eta deserosoa da. Ezetz, demontre, zerbitzu publikoa defendatu dezagun. (Ez esan langileak ondo egon behar duela zerbitzua ona izan dadin, hori badakit eta hala ere esaten ari naiz fokua zerbitzuan bertan jarri beha dela, logikoki maiz delako behartsuagoa zerbitzu publikoa jasotzen duena, ematen duena baino).

Deserosoa da gustura irakurtzen ez ditudan aldarrikapenekin greba egitea. Eta inertziaz betikoa egitea: greba egunean beranduxeago jaiki, manifa aurretik lankideekin kafetxoa hartu eta bueltaska eman ondoren, etxera. Dirua deskontatzen digutela? Ez da sakrifizio bat, gehienontzat. (Ez, ez naiz esaten ari grebalariak hipokritak direnik, gehienok greba deseroso egiten dugula baizik, hala uste dut nik behintzat, ikasturte honetako seigarren greba egun soltean).

Eta zer gertatzen da eskolan? Asteartean ikusi nuen lehen aldiz... Sei ume bakarrik etorri ziren. Sei! Zuzendaritzatik “lana ondo” egiten dute aspalditik: ondo komunikatu greba dagoela eta etortzeko eskubidea dagoela, baina ez dela egun normala izango. (Ondo eginda dagoela pentsa dezakezu, baliteke, pentsatu zuk).

Eta irakasleak? Bada... Hogei! Bakoitzak 100 euro astearteko egunagatik = 2.000 euro publiko. Datozen egunetako klaseak prestatzeko edo administrazioak inposatutako burokrazia absurdoekin aurreratzeko aprobetxatu zuten eguna (eta neuk ere bai, ejem). Lankide horietatik zenbatek behar zuten benetan diru hori? Gutxienez batek bai, badakit. Zenbatek erabaki zuen etortzea, lan pilatuak aurreratzeko? Gutxienez batek bai, badakit. Deialdiarekin kritiko dira gainontzekoak? Oso adi egon nintzen halako argudiaketak entzuteko (eta argudiatzeko eskubide hori babesteko prest), baina ez zen halakorik egon. Beraz, langile desmobilizatuak edo eskirolak ditut gainontzeko lankideak, eta desberdina den ez dakit. (Ez, lankide, gaurko soldata behar baduzu edo deialdiarekin kritiko bazara ez zaitut eskirol deitu. Badaezpada ere errepikatzen dut).

Berez, eskirol total gisa ez dut inor hautematen. Asteartean ez nintzen sentitu eskirolen artean, laser begiradarekin jendea akabatzen. Hasieran estu samar nengoen, baina gero eta normalago hitz egin nuen lankideekin eta lan egin genuen: ume bati buruz hitz egin genuen, besteari buruz, ikastolari buruz, idatziz egin behar diren lanei buruz, kudeatu behar den talde-gatazka bati buruz... Bitxia da, ez genuen irakatsi beharreko edukiei buruz hitz egin egun osoan, izango da zerbaiten seinale. Etorri zen ikasle batekin lasaitasunez hitz egin eta elkarrizketa oso aprobetxagarria ere izan nuen. Petoa jantzita nengoen, greba egiten ari nintzen, eta nik bakarrik nekien. Manifara joanda baino askoz ere hobeto sentitu naiz.

Garai batean greba lotesleak egiten zirela esan zidaten erretiratzear dauden maistrek, aurreko grebako kafetxoan. Klaustro gisa bozkatzen zen ea deialdiarekin bat egingo zen edo ez. Bozketaren emaitza errespetatzen zen gero: guztiek greba bai, edo greba inork ez. Gero legea aldatu zela edo ez dakit zer, zerbitzu minimoak ere badaudela... Baina iruditzen zait berriro itzuli behar litzatekeela horretara. Eta ezetz ateratzen bada, ikasleen artean ez dugu ezinegon hori sortuko. Izan ere, jakingo duzu umeak zein aztoratuta egoten diren (pentsa, ume batek galdetu zidan aurrekoan “datorren astean(!) zein egunetan ez dago eskolarik?”). Aldiz, greba baietz erabakitzen bada, deialdia ondo argudiatuta dagoelako izango da eta ia guztiok egingo dugu. Adostuko da gero ondo nork bete zerbitzu minimoak. Zuzendaritzako lankideei eskatuko diet gaia aztertzeko.

Lankideren batek esan izan dit: greba hobea egiteko familiak ere inplikatu behar ditugu, gurekin etortzea manifara, lehen egiten zen. Tira, izan daiteke. Baina ez dago erraza, batez ere guraso horiek lan egin behar badute. Eta guk baino lan prekarioagoak izan ohi dituztelarik, sentitzen badute greba honetan gure baldintzen alde ari garela. Astearteko deialdian zegoen “%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa” esaldiak aditzera eman dezakeen gisan. Ados, greba egiten dugun irakasleok ahalegin ekonomikoa ere egiten dugu. Baina ez al dugu nahiago ratioak jaistea? Hamar irakasleren %10 batu eta hamaikagarren irakasle bat ez al da ateratzen? Ez genuke ahalegin gutxiago egin beharko, baina ikasle edo paziente gutxiagorekin emaitza hobea izango genuke. Osasun, kalitate eta duintasun gehiago guztiontzat.

Jardunaldi erdian nagoenez, 100 euro beharrean 50 euro emango dizkiot guraso elkarteari. Duela gutxi Gazara dirua bidaltzeko ekimena antolatu zuten. Ez dakit hara bidaliko duten edo baloiak erosteko erabiliko duten, berdin zait. Kontua da ez nintzela eroso egongo kafetxo+manifa planean. Pentsa horrelako egunen dirua sindikatuen kutxatan gordeko bagenu, hemendik hamar urterako elkarrizketak:

- Zuk zenbat egun dauzkazu greba-kutxan? Nik hamabi... eta badirudi aurten izango dela deialdi potoloa.

- Nik zazpi momentuz, komentatuko didazu nola doan gaia.

...

Astearteko esperimentuan lantokira joan nintzenez, zifretan ez naute zenbatuko. Baina garbi daukat bi gauzak egin ditudala, zerbitzu publikoa eman eta greba egin. Zenbatu bat gehiago! Zenbat jende joan ote da lanera, zalantza berdintsuekin? Zenbat gehiago zenbatu litezke? Nola egin ditzakegu, Zerbitzu Publikoetan, greba hobeak? Horretan pentsaraztea zen testu (luzeegi) honen helburua. Eskerrik asko irakurtzeagatik.

Lehen Hezkuntzako maisu bat (Lemmy.eus), Gasteizen, 2024-03-12ko greba ostean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Eguneraketa berriak daude