Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire iruditerian, greba erabaki amankomuna da eta ezin du bestela izan (“greba indibiduala” oximoron bat litzateke). Eta grebaren historian nahiko aditutzat hartzen dudan lankide min batek dioen moduan, greba prozesu luze baten ondorioa da. Prozesu horretan langileek batera definitzen dituzte beraien beharrak eta aldarrikapenak, bai eta erabakiak batera hartu ere. Berez, esango nuke irakasleria elkar batzeko eta erabaki kolektiboak autonomoki hartzeko prozesua, bere horretan, aldarria izan daitekeela, greban gauzatu ala ez.
Are gehiago esango nuke, erabaki-prozesu hori guztia ikasleekin eta gurasoekin batera egin beharko litzateke eta ikasleak gure aldarrikapenetan barneratu: batera goaz eta ikasleak ez dira ondo egongo gu ondo ez bagaude eta, era berean, ikasleak ondo ez badaude, geu ere ez. Baina harridura handiz ikusten dut grebako aldarrikapenetan ikasleak ez direla inondik ageri… torlojuekin ari gara lanean?
Baina dirudienez grebak aldatu dira eta elkarrekin erabakitzeko prozesurik ez du zertan egon, ez ba, prozesu hori guztia aurreztu egingo digute sindikatuek. Horrela, haiek pentsatutako eta erabakitako grebaren aldarrikapenez informatzera etorriko dira ikastetxera; aurrez kozinatutako janariaren antzera, prestaketa lan guztia eginda dakarte eta norberak –indibidualki eta nahi badu– erosi eta kontsumitu besterik ez du egin behar, eguneko 100 euroren truke (Eusko Jaurlaritzak aurreztuko dituenak). Hori bai, erosketarekin bat, beste lankide min batek dioen moduan, manifestazioa baino prozesioa dirudien espektakuluan parte hartzeko aukera izango dugu, ondorengoko poteotxoa barne! Azkar, merke eta eroso. Ready to eat, fast food.
Hori bai, argi eduki sindikatuak ondo subentzionatuta daudela azaleko aldarrikapenak egiteko eta, tentu handiz, ukitu behar ez diren aspektuak ez kuestionatzeko eta muinean dauden benetako arazoei ez heltzeko… finean, protesta egiten ari garela eman dezan, baina protestarik egin gabe eta, noski, inor molestatu gabe (geure buruak barne).
Errealitatea da irakasleon zein ikasleon osasunak okerrera egin duela, beste arrazoien artean hezkuntzak humanitatea galdu duelako. Formakuntzaz eta burokraziaz gainezka gaude irakasleok
Aldarrikapenei begira zur eta lur gelditzen naiz. Benetan al dira irakasleok ditugun arazo larrienak eros-ahalmenaren gutxitzea eta lanaldi murrizketak edo baimenekin erlazionatuta daudenak? Ez dut esaten alde ekonomikoa garrantzitsua ez denik, baina badira hezkuntzak egun pairatzen dituen arazo askoz larriagoak, hezkuntzaren kalitatearekin zerikusia dutenak.
Eusko Jaurlaritzak –beti bezala diruaren zerbitzura– ikastetxeen fusioak jarri ditu martxan, alegia, makrozentroetan pilatu nahi ditu ikasleak merkeago delako, horrek dakarren masifikazio eta hezkuntza kalitatearen kaltetzearekin. Horren aurrean irakasleon lanpostuak bermatzea beste aldarrikapenik eta kezkarik ez daukagu, benetan? Ratioen jaitsiera aldarrikapenen azalpenen artean hor nonbaiten ikusi badut ere, erdigunean beharko lukeen aldarrikapen-puntuetako batek (Eusko Jaurlaritzak sekula onartu nahi izan ez duena eta hezkuntzaren arazo askoren muinean dagoena) oharkabean pasatzea lortzen du.
Bestalde, irakasleen osasuna –batez ere mentala eta emozionala– zaindu beharreko puntua dela, ados, baina hori zaintzeko eskatzen duguna urteroko azterketa medikuak izatea sarkasmoa kasik iruditzen zait. Ondorioetara baino, ez litzateke gaixotzeko eragile diren baldintzak aztertu beharko? Eta non daude ikasleen osasunaren inguruko kezkak? Horiek ere ez al genituzke plazaratu behar, gure osasunarekin hertsiki lotuta?
Izan ere, errealitatea da irakasleon zein ikasleon osasunak okerrera egin duela, beste arrazoien artean hezkuntzak humanitatea galdu duelako. Formakuntzaz eta burokraziaz gainezka gaude irakasleok: galdetegiak, protokoloak, formakuntza-kurtsoak, aktak, programazio egokitzapenak… Azkenean, horien guztien artean lurperatuta gelditu da gure lanaren funtsa zena eta niri behintzat bizipoza ematen didana: irakastea eta klaseko momentua. Baina orain klaseak ezin prestatu gabiltza eta ikasleei begietara begiratzeko astirik gabe, besteak beste, beraien begiak ere pantaila batera zuzenduta daudelako.
Makro-enpresen onura besterik ez dakarren digitalizazio santuak hezkuntza jan egin du (gizartea osorik ere bai, agian) eta haren kaltea egunero ikusten dugu: pantaila bat aurrean edukita ikasleek geroz eta arretarako gaitasun gutxiago dituzte, geroz eta gutxiago irakurtzen dute eta geroz eta okerrago idatzi. Gainera, konpetentzien pedagogiei esker, edukiak ere gero eta gutxiago barneratzen dituzte. Baina, aldi berean, eta paradoxikoki, ikasleak suspenditzeak iraingarria dirudi eta laster bekatua izatera helduko dela ematen du.
Berriro diot: hezkuntzan arazoak baditugu eta grebarako arrazoiak ere bai, batez ere, Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabaki gehienen atzean pedagogikoak baino interes komertzial asko daudelako (digitalizazioa, metodologia berriak eta etengabeko eraldaketa, formakuntza antzuak…) eta poltsiko gutxi batzuk betetzeko ezartzen diren “metodologia-ardatzak” besterik ez direlako, eta ez hezkuntzaren mesederako.
Nik ez dakit sindikatuetako liberatuek, baina irakasleok hori guztia egunero ikusten dugu eta eskatzen dugun bakarra diru eta erosotasun material gehiago baldin badira, niri burura datorkidan galdera saihestezina zera da: zer da, beste alde batera begiratzeko eskatzen ari garen ordainsaria?
Finean, glutamatozko greben plazebo-izaera hau ikusita, ez nuke jakingo esaten disidentzia kontrolatuaz ari garen ala Mendebaldeko gizarte aberats, indibidualista eta koldartutakoen gaitzen sintomatologiaz, baina ni, egia esateko, horrelako zerbaiti “greba” sikiera deitzeaz lotsatu egiten naiz, fartsa hutsa eta kontzientzia baretzailea besterik ez baita. Dei nazazue eskirola, purista ala greben negazionista, honezkero niri bost.
Maite Fdz Landaluce, Filosofia irakaslea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.
Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]
Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan... [+]
Azken asteetan bolo-bolo dabil Poliziaren eta, zehatzago esanda, Ertzaintzaren gaineko eztabaida. Tamalez, eztabaida piztearen arrazoia ez dira horiek Euskal Herri Langilearen kontra erabiltzen dituzten biolentzia eta jazarpen sistematikoa. Horren ordez, Ertzaintzaren eta bere... [+]
Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!
Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]
A zer zortea gurea! Inork nahi ez duen edozein industria-proiekturentzako puntu bero gogokoena gara gu! Ezkerraldea eta Meatzaldea, beti prest beste leku batzuetan gogaitzen duen guztia beso zabalik hartzeko. Petronor? Ederto. Lindane-hobi bat? Aurrera. Dorre elektrikoak gure... [+]
Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]
Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]
Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]
Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]
Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.
Ez zait... [+]
Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]
Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]
Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu