Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) 2011. urtean joan zen Libiara, lehen aldiz, gerra zela-eta. Geroztik urtero itzuli da, lanera. 2016an herrialde horretako etorkinen fluxua aztertzeko beka bat jaso zuen Ricardo Garcia Vilanovarekin batera, eta zazpi urtez bertan bildutakoarekin batera, Tierra adentro. Vida y muerte en la ruta libia hacia Europa (Lur barruan. Bizitza eta heriotza Europarako ibilbide libiarrean) liburua argitaratu du.
Zer jaso nahi izan duzu liburuan?
2011n lehen aldiz iritsi nintzenean konturatu nintzen errefuxiatu asko zeudela Libian. Ordura arte oso herrialde hermetikoa zen, ez genekien deus bere inguruan. Historiak harrapatu ninduen, eta zazpi urtez bildutakoa 140 orrialdetan laburbildu dut. Errefuxiatuen krisia libiarren ikuspegitik jaso dut.
Zergatik libiarren ikuspuntutik?
Etorkinen ikuspegia landu izan da gehiago, saiatu izan gara istorio bat eraikitzen beraiek emandako testigantza bortitz horien bidez. Gaur egun gehiago dakigu etorkin horien inguruan, baina ezer gutxi dakigu libiarrei buruz. Nola ikusten dute gai hau beraiek? Nola pairatzen dute? Izan ere, beraiek dira arazo hori pairatzen duten lehenak. Gerraondo batean bizi dira, herrialdea suntsituta dago, estatuak porrot egin du... eta hala ere, sekulako exodo bibliko bat pairatu behar dute. Hutsune informatibo bat zegoen. Libiako gerra ikusi genuen telebistan, baina egun batetik bestera desagertu zen. Jende gutxik daki 2014an bigarren gerra bat izan zela.
Nolakoa da, gaur egun, Libiako egoera?
Estatuak porrot egin du. Hiru gobernu ezberdin dituzte, 140 tribu, eta kalkulatzen da 2.000 talde armatu inguru daudela. Boterea dago erabat atomizatuta. Legerik gabeko herrialde bat da, ondorioz.
Zein bide jarraitu duzu?
Hegoaldeko basamortutik iparraldeko kostaldera egin dut bidaia. Migratzaileak hegoaldetik sartzen dira, Saharako basamortua zeharkatzen duten kamioi erraldoi horietan. Kostaldera iristea da euren helburua, handik mafien bidez ontzietan itsasoratzeko aukera baitute. Bada kontatzen ez den beste istorio bat. Horietako batzuk Libian bertan geratzen dira, ez dute Europara joan nahi. Nigeriatik, esaterako, etxera dirua bidali ahal izateko joaten dira asko. Garai batean jende askok jotzen zuen Libiara, lana erraz topatzen zutelako, eta aukera izaten zutelako etxera dirua bidaltzeko. Gerrak eztanda egin zuenean bi aukera gelditu zitzaizkien: etxera itzultzea edo mediterraneoa zeharkatzen saiatzea.
Nolako errealitatea bizi dute bidaia hori egiten dutenek?
Bidaia arriskutsua da. Asko bidean hiltzen dira. Saharako basamortuan hasteko, hori kontatzen ez den beste historia bat da. Esaten diete beti kamioi batera igotzeko, eta animaliak bezala pilatuta joaten dira. Lotu egiten dituzte, soka batekin, eta eroriz gero, kamioia ez da gelditzen. Beste asko mafien eskuetan erortzen dira. Eta liburuan jasotzen dudan moduan, beste asko hiltzen dira Sirtekoa bezalako gatazketan, non estatu islamikoaren aurka borrokatu zuten. Funtsean, gertatzen zaiena da harrapatuta gelditzen direla zeharkako su horretan, eta egoera oso gogorra da aurrera egiteko.
Eta libiarrak zer?
Gizarte zibila ere gerra horren biktima da. Liburuan behin eta berriz azpimarratzen dut errefuxiatu horiez gain, libiarrak ere badirela. Beraiek pairatu zituzten 2011ko eta 2014ko gerrak, baita beren estatuaren etengabeko desintegrazio prozesu hori ere. Eta egoera okerrera doa. Urtero joan izan naiz eta urtetik urtera gero eta okerrago dago egoera. Afganistanen antzeko egoerak izan ditut.
Zein ezberdintasun topatu dituzu lehen aldiz joan zinenetik hona?
2011n lan egitea oso erraza zen. Matxinoekin bat egiten genuen, Gadafiren aldetik lan egitea oso zaila zelako. Oso lerratua egon behar zenuen, Hotel garestietan egon behar zen... Kazetari guztiak autobus batean sartzen zituzten eta denak leku berera. Ez zegoen lan independente bat egiteko modurik. Kazetariontzat bertara itzultzea gero eta zailagoa da, baimenak lortzea asko kostatzen da, burokrazia gero eta handiagoa baita. Gaur egun ez dut uste atzerriko kazetaririk dagoenik Libian. Joan den urtean mirariz eta oso modu xelebrean sartu nintzen. Aurten ere berriro saiatuko naiz, baino inoiz baino okerrago ikusten dut sartzea.
Lanean dagoela badu korazarik Karlos Zurutuzak?
Gerra kazetariok nahigabe jartzen dugu koraza hori, geure burua babesteko. Une horretan buruan duzuna da lana ateratzea, erreportaje, elkarrizketa edo argazki hori lortzea. Dena da lana, lana eta lana. Etxera itzultzean koraza hori desagertu egiten da eta orduantxe konturatzen zara ikusitakoak eragin egin zaituela, hein handi batean.
Nola eragiten dizu bizitakoak?
Beste modu batez ikusten dut nire etxea, nire herria, Euskal Herria. Perspektiba zabala lortzen duzu, oso lan aberasgarria da. Etxera itzultzean inoiz baino hobeto baloratzen dut daukadan guztia. Eta jakina, nik hango egoera bizi dut gizaki moduan beste edonork biziko lukeen bezala, hau da, triste. Egoera oso gogorrak daude, injustuak. Zu izan zaitezke pertsona hori, baina ez zara, eta azkenean zure lana da istorio horiek kontatzea.
Historia horiek entzunda, sentsibilizatuta al dago gizartea?
Uste dut nahiko sentsibilizatua dagoela gizartea. Askotan jendeari leporatzen zaio paso egiten duela, baina ez dut uste horrela denik. Hor dago Saharako adibidea. Familia askok haurrak hartzen dituzte udan, eta oporretara joaten dira elkarrekin. Jakina, beti solidarioagoak izan gaitezke, baina Euskal Herrian orokorrean solidarioak gara, baina kontua zera da: nahiz eta elkartasun handia egon, ezin dugu elkartasun hori maila politiko batean artikulatu. Hau da, har ditzaket haurrak, bidali dezaket dirua, nire bizitza eman ahal diot kausa horri... baina Espainiako presidente berriaren lehen bisita, Marokora. Sahararen auzia adibide bat baino ez da. Auziaren ondorioak oso zabalduta daude, baina gizarte mailan dagoen elkartasun eta aldaketa nahi hori ezin da gauzatu maila politiko batera. Eta hor sekulako muga dago.
Irakasle ere bazara Uzturpe ikastolan. Saiatzen zara haurrei horrelakoak kontatzen?
Jakina. Bi lan ezberdin dira, baina elkarrekiko osagarriak direnak. Nire helburua da 15-16 urteko ibartar bat jabetzea nolakoa izango litzatekeen bere bizitza Afganistanen edo Guinean jaio izan balitz. Horrela izan zitekeelako. Artikulu bat argitaratzeak baino gehiago betetzen nau ikasleei istorio horiek azaltzeak. Azken finean hor dauzkagu gerora gizartea eraikiko dutenak, edo agintean izango direnak. Kazetariaren lana garrantzitsua da, baina irakaslearen lana funtsezkoa da. Beraz, niretzat, bi lanbide hauek jorratzeko aukera izatea pribilegio hutsa da.
Elkarrizketa hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]
Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]
Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.
Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]
Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]
Migrazio krisia deitzen diote neoliberalismoaren ondorio ankerrenetako bati. Ultraeskuinaren agendaren lehen puntuetako bat da langile klaseko migratzaileen aurkako neurri sorta. Baina faxismo berrituaren lorpenik handiena da gainerako indar politikoek bere egitea haien agenda... [+]
Migratzaileak deportatzeko neurriez mintzatzeko, EB Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetako Barne eta Migrazio ministroak bildu dira asteartean, Kopenhagen. Ondorioztatu dute EBko herrialde gehienek babesten dutela etorkinak deportatzeko neurriak gogortzea... [+]
Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute.
Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]
Frantziako Estatutik kanporatu zituzten, asilo-eskaerak Espainiako Estatuan egin behar zituztela esanez. Asteak daramatzate zain Donostiako Amara auzoan.