Giza-katea deitu dute iganderako Kontxan, erraustegiaren aurka

  • Kontxako banderaren bigarren estropada baliatuz, azken urteetako zitari eutsi diote Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek. Aurten baina, COVID-19a dela eta, mobilizazioaren eskema aldatuko dute. Asmoa, halere, urterokoa izango da, Zubietan eraiki eta dagoeneko inguruak kutsatzen ari den azpiegiturari aurkakotasuna erakustea. Salatu dute Donostia dela Gipuzkoan pertsonako errefus gehien sortzen duen udalerria eta azken 5 urteetan Udalak ez duela neurririk hartu herritarrek gehiago birzikla dezaten.


2020ko irailaren 09an - 17:14

Ondorengo erabileen babesarekin, giza katea deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak: ELA, LAB, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Eguzki eta Ekologistak Martxan.

Jarraian irakurgai osorik mugimenduaren irakurketa:

2020ko irailera heldu gara, Donostiako erraustegia eraikita dago, azken hilabeteetan frogak egiten (zaborra erretzen) ari dira eta epe laburrean behin betiko martxan jarri asmo dute urte askotan instalazio hau bultzatu duten talde politiko (PNV, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria, etab). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laister frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla.

Bitartean baita ere urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala badagoelako errausketa baino osasuntsuago, ekologikoago eta merkeagoa den alternatiba.

Alternatiba hau Gipuzkoako herri gehienetan martxan jarri da eta honen ondorioz 2009-2019 tartean hiri hondakinetako errefus kopurua 100 000 tona/urteko murriztu da (238 000 tona 2009an, 138 000 tona 2019an), hau da %42 gutxiago. Herri hauetan %60a eta %85a bitartean gaika biltzen ari dira, eta askotan biztanleko urtean 100 kg errefus baino gutxiago sortzen dute. Pauso garrantzitsuak eman dituzte baina hobetzen jarraitu behar dute.

Beste alde batetik badira Gipuzkoan herri gutxi batzuk, baina biztanle asko dutenak, azken urteetan ezer gutxi edo ezer egin ez dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera. Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar… eta guztien buru Donostia. Herri hauetan %40a eta %50a artean biltzen dute gaika eta 200 kg baino errefus gehiago sortzen dute biztanleko urtean. Herri hauek Gipuzkoako biztanleen erdia dira eta errefusaren hiru laurdenak baino gehiago sortzen dute. Premiazkoa da herri hauetako Udalek bilketa sistemaren aldaketa egitea eta eraginkorra den modua ezartzea.

Donostiaren kasua benetan esanguratsua da: 2019an biztanleko 288 kg errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena eta azken bost urteetan ez da inolako hobekuntzarik egon. Donostiak bakarrik 2019an 53 000 tona errefus sortu ditu, erraustegiaren labe batek erre dezakeenaren erdia baino gehiago; Donostia da erraustegiaren erregai-hornitzaile nagusia. Eta Udalak ez du inolako asmorik egoera hau aldatzeko; ez zaio axola Gipuzkoako zabor txapeldun izatea; ez zaio axola 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago egotea; ez zaio axola edukiontzi grisera doanaren hiru lauden birziklagarri izatea; ez zaio axola Donostian biltzen den materia organiko kantitatea Gipuzkoako bataz bestekoaren erdia baino gutxiago izatea.

Egoera honen aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten du irailaren 13an goizeko 11etan Alderdi Eder-en (Udaletxe aurrean) hasiko den Giza Katean parte hartzera. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan Giza Katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.

GOIA, RAMOS, ENTZUN: BIRZIKLAPENA BAI, ERRAUSKETARIK EZ.

ZUEN NEGOZIOAK INGURUMENA ETA OSASUNA KALTETZEN DUTE.

ZUEN ZABORRAK PLANETA HONDATZEN DU.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude