Gezur berdea

  • Kafe kapsula konpostagarriak atera ditu Bizkaiko enpresa batek. George Clooneyk iragartzen duen makina horrekin erabili beharreko kapsulak 3 hilabeteren buruan deskonposatu egiten omen dira organikoen ontzira botaz gero. Hori entzun dut irratian. Natura eta ingurugiroarekiko errespetuak bultzatu ei du enpresa hau horrelako kapsulak diseinatu eta merkaturatzera. Kafe bat hartu nahi duzun bakoitzean metalezko pote bat kontsumitu behar izateari astakeria deritzodalako iruditu zait berri ona hasieran. Ni bai inozoa ni.


2019ko otsailaren 21an - 16:46

Nahiz eta etxean ez dudan horrelako aparaturik, iragarkiak interesa piztu du nigan eta enpresaren webgunera jo dut informazio eske. Orrialdea ireki bezain pronto #ecofriendly  hashtagarekin topo egin eta gakoa non dagoen ikusi dut . Enpresek merkatuan euren tokia bilatzeko orduan edozer erabiltzen dute, eta gaur egun, edozerfriendly izateak bezeroak irabazten laguntzen dizu. Azaleko itxurakeria da nagusi. Sakona, aldiz,  arazoa. 

Honekin ez dut esan nahi kapsulak eurak konpostagarriak ez direnik. Izango dira, seguru baietz. Baina ez litzateke ecofriendlyago  izango kafea beste era baten kontsumitzea? Nespresso makinen aurreko garaian pozarren bizi ginen denok. Baina etorri zen merkatua eta behar berri bat sortu zigun. Esan zigun ez zegoela ezer hoberik etxean tabernan moduko kafea hartzea baino. Liraintasun eta esklusibotasunaren ideia buruan ondo iltzaturik jende askok uste du ezinezkoa zaiola hori gabe bizitzea. Merkatuak sortu du arazoa eta merkatuak berak ekarri digu ustezko konponbidea. Dirua irabaziz, nola ez. Ingurumena hondatzen segitzen duten bitartean. 

Hausnartzen jarraituta, beste galdera bat. Ez litzateke are ecofriendlyago kaferik kontsumituko ez bagenu? Kafea eremu tropikaletako landarea da. Datuak begiratuta Brasil, Vietnam eta Kolonbia dira, hurrenez hurren, ekoizpen altuena duten herrialdeak. Denak gugandik urrun. Kontsumo maila altuenak, aldiz, eremu epel eta hotzetako herrialde garatuetan ematen dira. 2007an, adibidez, Finlandia izan zen biztanleko kontsumo altuena izan zuena. Eta kafe gehien inportatu zuena Estatu Batuak. Datuetara jo baino, nahikoa duzu kafea hartzen duzun hurrengoan zure buruari galdetzea: zer gertatu da eskuartean dudan kafe hau nigana heldu aurretik? Nondik dator edaten ari naizen hau? Zenbat kilometro egin ditu? Nola ekarri dute? Argi dago Hego Ameriketatik edo Asiatik zugana iritsi den kafea hegazkinez ekarri dutela, petroliotik eratorritako plastikoa erabili dutela bilgarri itxi bat sortzeko etab…

Gaurtik aurrera adi egon zaitezte eta ikusiko duzue nola ingurugiroa errespetatzen dutela aldarrikatzen duten ehundaka enpresa zein produktu aurkituko dituzuen. Jasangarritasunaren lasterketa eroan murgildurik, behar diren baliabide guztiak erabiliko dituzte lehiakideak baino are jasangarriago  agertzeko. Agertzea baita, aberastearekin batera, gure gizarte honen helburu nagusia. Bidean ingurugiroa suntsitzen jarraituko badute ere.

Iritzi hau URIOLA hedabidean irakurri dugu eta CC-By-SA lizentziapean ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude