Getxoko jauregiak, tunel bat eta aurrerabidea


2023ko azaroaren 20an - 14:58
Getxoko jauregiak

Egia bat: eraikuntza arranditsuak dira gure herriaren erakusgarri. Kultura ondare dira Lezama-Legizamon palazioa, Arriluzeko itsasargia, Galeako Aixerrota edo Bizkaiko Zubia. Bada, beste Getxo bat existitzen da: herritarrona. Ez al da harrigarria?

Gure udal gobernua hirigintza plana (HAPO) tramitatzen ari da. Laburbilduz: 4.395 etxebizitza eraiki gura dira (11.000 biztanle potentzial); 2001etik hona 7.000 auzokide galdu ditugunean.

Urtarrilean, herritar eta eragileok 2.000 helegite baino gehiago ipini genizkion planari. Maiatzean, Adi HAPO! Plataforma-k deituta, 3.000 getxoztarrek zentzuzko HAPO baten aldeko aldarria erakutsi zuten. Handik gutxira, udal gobernuak sekulako kolpea hartu zuen hauteskundeetan eta, orain, agintea daukaten alderdiek ez dute HAPOa behin betiko onartzeko adina botererik (negoziazio ilunen garaia da, beraz).

Getxoztarrak ez gaude HAPO honen aurka aisialdian manifestatzea maite dugulako; baizik eta badagoelako argazkietan gutxiago agertzen den baina jauregiak adina kontserbatzea merezi duen beste Getxo bat: auzoek, naturguneek, baserriek, lantzarrek eta, azken batean, herritarrok osatzen duguna.

Jakina, ez gara auzi berria aurkezten ari. Hirigintza plan basatiak ohikoak dira hain oparo, berezi, bukoliko eta turistiko den herrialde honetan.

Tunel bat

Trigonometria problema bat: irudikatu ezazu triangelu isoszelea. Getxo da A erpina, Portugalete da B erpina, Bilbo eta Txorierri dira D erpina. Bada, A puntutik D puntura auto ilarak daude goizero, B puntutik D puntura auto ilarak daude goizero.

Bizkaitarrok ez dugu plazerez egiten Ezkerraldea eta Uribe Kosta batu gura dituen tunelaren aurka; baizik eta garraio pribatuaren eredua areagotzen duelako

Bizkaiko Foru Aldundiak, Megaconstrucciones seriearen atal berri batean, Artatzako (Getxo-Leioa) eta Ballontiko (Portugalete) biribilguneak lotuko dituen ibai-azpiko tunela proiektatu du. Laburbilduz: A puntutik B puntura sei erreietako errepidea eraiki; horrela A zein B puntuetatik D puntura doazen ilarekin amaitzeko. Guk ez dugu ezer ulertzen.

Autobidea bultzatzen dutenek aho-betean darabiltzate jasangarritasuna edo erresilientzia. Baita Emisio Gutxiko Guneak, 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ere. Guk zera dakigu: Errepide gehiago, ibilgailu gehiago (sinple bezain gordina). Gaian sakontzeko, hor daude Braess-en paradoxa edo “latent demand in transportation” fenomenoak. Berriki, lotsak hartuta edo, zehaztu dute tunelak Metro lotura izango duela. Metroa… ados; seguru aski, GJH helburuekin bat dator hori. Baina, orduan… autobidea, zertarako?

Bizkaitarrok ez dugu plazerez egiten Ezkerraldea eta Uribe Kosta batu gura dituen tunelaren aurka; baizik eta garraio pribatuaren eredua areagotzen duelako. Klima aldaketa gurekin daukagulako. Desarrollismo zentzugabean sakontzea delako. Gure eskualdeek biztanleria galtzen dutelako etengabe. Gazteek gero eta gutxiago erabiltzen dutelako auto pribatua.

Jakina, oligarkiaren amets hezea da makroekonomia etengabe mugiaraztea. Aldiz, Teknologia Parkea (eta aireportua) martxan ipini eta hiru hamarkadara… oraindino ez dira irisgarriak metroan. Ez da datu baztergarria, izan ere, hura da D puntua.

Aurrerabidea

Maitasun kontu bat: Getxoko HAPOak ibai-azpiko tunela behar du, honek autoa sustatzen duten auzo fantasmak desiratzen dituen bezala. Etxebizitzen premia dago autobideen eraikuntza justifikatzeko. Ibilgailu gehiago behar dira amerikar ereduko urbanizazioak bigarren etxebizitzaz eta Airbnb-z betetzeko.

Lo-auzoen hiri-eredua ezarri gura da, zeinetatik autoz joan zentrora, kiroldegira, merkatalgunera, hondartzara edo lantokira. Eskema horretan, Getxoko HAPOa eta ibai-azpiko tunela behar-beharrezkoak dira. Eta Otxantegiko lantzarrak txaletez betetzea (Berangon). Eta Kurkudin makrogimnasioa eraikitzea (Leioan). Eta beste hainbat astakeria.

Esango digute: aurrerabidea da, inbertsioak dira. Laburbilduz: ez baditugu hiriak handitzen, azpiegiturak biderkatzen eta turista-mordoak ostatatzen Cro-Magnon garaietara itzultzera kondenatuta gaude.

Bada, gu bestelako hiri-garapen eredu baten alde gaude. Denon dirua erabili nahi dugu mugikortasun jasangarria eta zentzuzko HAPOak garatzeko. Zenbat bidegorri kilometro edo garraio publiko frekuentzia bultzatu daitezke, adibidez, ibai-azpiko tunela egiteko aurreikusten den dirutzarekin? Zenbat sustatu liteke gure kultura, hezkuntza, osasungintza, hizkuntza… 415.000.000 euroekin?

Jakina da: faraoiak gelditzen ez baditugu, euren aurrerabideak ez du etenik izango. Uribe Kostaren ekialdean Mungialdea dago. Harago? Museo lirain bat, Urdaibain.

Getxoko Adi HAPO! Plataforma

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude