Laudio Ikastolak, aurtengo Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileak, haur guztien integrazioa bultzatzeko asmoa duen baliabidea jarri du martxan: Gela Egonkorra. Premia berezi eta larriak dituztenei ikasketetan laguntzeko bidea da.
Hezkuntza premia berezi eta larriak dituzten ikasleei zuzendutako gunea da Gela Egonkorra. Ikastetxe publikoetan badute halakorik, baina Laudiokoa da mota honetako ekimena martxan jartzen duen lehen ikastola. Baliabide egokituak erabili arren ohiko gelan erritmoa jarraitu ezin duten haurrak hartzen ditu Gela Egonkorrak. “Orain arte ohiko gelan aritu dira, baina urteak pasa ahala ikusi dugu dituzten premiak ez direla asetzen bertan dituzten aukerekin”, diote Leire Burdain eta Zuriñe Garcia Gela Egonkorraren arduradunek.
Gune honetan ez dago ohiko geletan bezalako irakasgairik. Batetik, autonomia eta komunikaziorako gaitasuna bezalako arloak jorratzen dituzte. “Beraien jarrera eta jokatzeko modua lantzen dugu klasean”. Bestetik, ikasketa trebetasunak lantzen dituzte, beste gelatan landu ohi diren gaiak. Oso eskola dinamikoak dira eta gelaren egitura eta gauzen kokapena beraien beharren araberakoa da. Beharrezko dutena baino ez du gelak, gauza gehiegirekin kontzentrazioa galtzeko arriskua dagoelako.
Zuriñe Garciak kontatu digunez, zenbait ordu materiala prestatzen pasatzen du: “Materiala guk egiten dugu eta hori da zailena. Bakoitzaren premiei erantzun behar zaienez, material pertsonalizatua eta egokitua egin behar dugu. Ulermen arazoak dituzten ikasleei, esaterako, argazki eta piktogramen bitartez azaltzen dizkiegu lantzen ditugun gaiak”. Aldez aurretik lan handia suposatzen duela diote, hasiberriak direnez ez dagoelako aurretik sortutako material zehatzik. Ahal duten moduan, ikasleen gaitasunaren araberako gaiak jorratzen dituzte, moldatutako materialarekin. Gainera, sortze urtea izanik, gorabeherak izan dituztela diote, irakasleek ulertu egin behar dituztelako proiektuaren nondik norakoak, eta erakutsi behar izan dutelako Gela Egonkorra dela haur horiek izan dezaketen baliabide egokiena.
Gela Egonkor bakoitzean gehienez bost haur egon daitezke eta maila desberdineko haurrak egoten dira gela berean, baina egiten dituzten lanak banakakoak dira, batzuk berdinak dira eta beste batzuk ez. Gaur egun, hiru ikasle dituzte: Oier Azcaray (8 urte), Jon Camacho (10 urte) eta 11 urteko neskato bat. Ikasle hauek Gela Egonkorrean ematen dituzte ordu gehienak, baina beste geletan ere izaten dira, gainerako ikasleekin harremana mantentzeko. Haur bakoitzaren egoerak zehazten du batean eta bestean pasa dezakeen denbora. “Badugu garun paralisia duen ikasle bat, ezin ditu eskolak besteen erritmoan jarraitu, baina gainerako ikasleekin harremana izan dezan, beste geletara joaten da. Besteen kasua ezberdina da, matematika, irakurketa-idazketa, musika, plastika eta mota horretako ikasgaiak jarrai ditzakete, ohiko geletako ikasleekin bat egiten dutenean; beraz, helburu akademikoa ere izaten du Gela Egonkorretik ateratzeak”, azaldu digu Burdainek. Beti ere, eguneko zenbait ordu beste kideekin pasatzen dituzte guztiek, hiru ikasleak ohiko gelara mugituta edo, alderantziz, gainontzeko haurrak Gela Egonkorrera eramanez. Hori horrela, ikasleek ez dute denak elkarrekin zeuden aurreko urteekiko aldaketa handiegirik sumatu.
Denak denekin
Ikasleak ohiko gelara joaten direnean, sarri zeregin pertsonalizatuak dituzte, bakoitzak berea eta besteenaren antzekoa, baina irakasleek azpimarratu dute garrantzitsua dela beste geletako haurrekin harremana izatea. Lehen urtea izanda, esperientzia pixka bat gehiago falta da oraindik, baina Burdainek dioenez, “ekimen ezberdinak egin nahi ditugu, denek denekin harremana izan dezaten. Gela Egonkorreko ikasleak ere ikastolakoak dira, beste kideekin egoteko beharra eta eskubidea dute, eta hori islatu nahi dugu”.
Ohiko gelako haurren jarrera ere positiboa izan da, behar bereziak dituzten ikasleak ondo zaindu dituzte beti eta aurtengo aldaketa modu naturalean bizi dute. “Guretzako oso pozgarria da ohiko gelako ikaskideak haurrari gauzak azaltzen ikustea. Horrek gauza asko egiteko aukera ematen digu. Gainerakoekin gela berean egotea oso garrantzitsua da, kideen onarpena hor ikusten da”, diote.
Ikastola guztietan bezala, ohiko geletako erritmora iristen ez direnek laguntza gela dute Laudion ere, eta orain arte, hor egon dira premia larriak dituztenak. Ordea, Gela Egonkorra laguntza gela baino bereziagoa da eta ez da zentroka zabaltzen, eskualdeka baizik. PT-a edo behar bereziak dituztenei laguntzeko espezialista (Olaia Hormaetxe) eta hezitzailea (Cristina Aguado) egoten dira bertan, baina espezialista ikasle kopuruaren arabera gela batetik bestera mugitzen da. Hiru ikasleak Gelan daudenean, esaterako, irakaslea eta espezialista egoten dira.
Duela bi urte hasi ziren Laudion Gela Egonkorra martxan jartzeko prozesuarekin, baina lehenago ere beste saiakera batzuk egin zituzten, ikastolan duela urte batzuetatik dituztelako baliabide bereziak behar dituzten haurrak. Berritzegunearekin eta gurasoekin adostuta, aurrera egitea erabaki zuten. Aholkularitza psiko-pedagogikoa dute Berritzeguneetan, eta horiek arduratzen dira hezkuntza premia bereziko ikasleen diagnostiko-balorazioa egiteaz, ikastola eta orientazio taldea aholkatzeaz, eta baliabideak eskaintzeaz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, bere aldetik, beharrak aztertzen ditu eta berak du ardura Gela Egonkorra martxan jartzeko. “Gure kasuan adibidez, hemen dagoen ikasle batek duela bi urte ikastolatik alde egin behar izan zuen baliabide hau beharrezkoa zuelako eta ez genuelako Gela Egonkorrik”, dio Garciak.
Irakasleen elkarlana
Burdainek nabarmendu du irakasleen arteko elkarlana oso positiboa izan dela, eta lankideek hasieratik garbi ikusi dutela abiatutako ekimenaren beharra. Beste gela bat gehiago dela sentitzen dute, aniztasunaren baitan ikasle gehiago har ditzakeena eta ondorioz alde baikor asko ikusten dizkiote: “Lehen oztopoz beteriko lasterketa zen, ez ginen beren premiak betetzera iristen eta azkenean gauzak ez ziren behar bezala edo guk nahi bezala ateratzen. Zailagoa zen gauzak koordinatzea”, dio Garciak. Orain, horretarako arduradun bat dago, gaiari serio heltzeko denbora duen pertsona bat. Arduradunaren esanetan, “ikasleak pixkanaka aurrera doazela eta behar dutena ematen zaiela ikusteak asko lasaitzen nau”. Beraien premiei erantzuten ari direla eta horiei aurre egiteko baliabide eta eskaintza asko dituztela diote, hau da, orain gauzak sakonago lantzen dituztela. Gainera, laguntza gelako irakasle batek eskolak ematen ditu Gela Egonkorrean ere eta Garciak, bere aldetik, egun batzuetan laguntza gelan ematen ditu eskolak; dinamika hori haurrentzako aberasgarria eta egokia dela iritzi diote.
Datorren ikasturtera begira, ez dute aurreikusi Gela Egonkorraren beharra izango duen beste haurrik. Baina eskualdean urte batzuen buruan premia izango dela badakite. Horregatik, lehen pauso hauek garrantzitsuak izango dira hobetzen joateko eta etorkizunean sortzen den eskaerari gogor egindako lanetik eta esperientziatik erantzuteko.
Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]
Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]
6,0 graduko lurrikara bat eta hainbat erreplika izan dira igandetik astelehenerako gauean. Kalte oso larriak eragin ditu herrialdearen ekialdean. Ehunka etxe suntsitu ditu dardarak.
Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz... [+]
Hamar egun baino gutxiagoan, parlamentuko kideek euren buruari esleitutako pribilegio ganoragabeen aurkako ikasle-protestak, polizia-indarrek manifestari bat hil eta gero, benetako matxinada bilakatu dira.
Kufiya palestinar zapia eramango du Jaizkibel konpainia berdinzaleko kide ugarik, Hondarribiko jaien egun nagusian, Palestinarekiko elkartasuna ikusarazteko. Jaiak eta politika ez nahasteko diotenen aldean, “jaiak ere badira justizia eta eskubideak adierazteko plaza... [+]
Nafarroako Gobernuak eskaera egin duten familiei iradoki die "datorren ikasturteari begira" abiatu dezaketela tramitazioa.
Israelgo Gobernuaren esanetan, bere subiranotasunaren aurka eta Hamasen alde dago Global Sumud Flotilla egitasmoa. Hortaz, esku hartze gogorrak iragarri ditu.
Maximo historiko berri bat ezarri du Donostiako etxebizitzaren prezioak: 5.869 euro metro koadroko, batez beste. Hori da Higiezinen Jabetzako Artekarien Gipuzkoako Elkargo Ofizialak aurkeztu berri duen txosteneko ondorioetako bat; txostenak 2025eko bigarren hiruhilekoko... [+]
Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko.
Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]
AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango... [+]
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.