Hasi da “De Miguel” auziko epaiketa, EAEko epaiketarik handiena ustelkeriaz

  • Arabako EAJko buruzagi ohi ugari daude auzipetuta. Fiskaltzak, guztira 119 urteko kartzela zigor eskaera egin du 26 auzipetuentzat.


2018ko urtarrilaren 8an - 10:44
Arg: Iosu Onandia
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko buruak, “EAJren aurkako asmo txarrak” salatu zituen “De Miguel” auziaz galdetuta egindako adierazpenetan. Ainhoa Alberdi enpresariak, Arabako fiskaltzan jarritako salaketa baten harira abiatu zen auzia duela zortzi urte. Alfredo De Miguel eta Aitor Telleriak, EAJko buruzagi ohiak biak, ustez 100.000 euroko komisioa eskatu zioten Alberdiri, Miñaoko parke teknologikoa zabaltzeko kontratua Urbanorma Consulting enpresari esleitzearen truke.

Gaur hasi eta urriaren 25era bitarte egingo da epaiketa, nahiz eta, abendura arte ere luzatu daitekeen. Orain arte EAEn ustelkeria kasu bati lotuta egin den epaiketarik handiena da “De Miguel” auziarena. 26 pertsona daude auzipetuta eta 150 herritar inguruk testifikatuko dute. Prozesu judiziala hamabi piezatan banatu dute, kausa ordenatzeko. Epaitegia bera ere, berritu egin dute, aretoan denak sartu daitezen, 100.000 euroko kostua izan du obra horrek.

Auzipetuen artean, Alfredo De Miguel, Tokiko Administrazio eta Lurralde Orekarako Arabako diputatua izan zena dago. Fiskaltzak 54 urteko kartzela zigor eskaera egina du De Miguelentzat egozten dizkion 21 delituengatik. Berarekin batera Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Araba Buru Batzarreko kide ohiak ere auzipetuta daude. Juan Jose Ibarretxeren garaian Gazteria saileko zuzendari izan zena ere, Xabier Sanchez Robles, auzipetuen aulkian eseriko da; baita Gurutz Larrañaga, Kultura departamentuan Miren Azkarateren bigarrena izandakoa ere.

2009ko abenduan Ainhoa Alberdik egindako salaketaren harira, 2010eko martxoan egin zuten polizia operazioarekin abiatu zen kausa. Alberdik 24 grabazio eta hainbat korreo elektroniko aurkeztu zituen salaketa egiterakoan. Horren harira azaleratu zen ustezko ustelkeria sarea. 2011ko uztaileko informe batean, Zigoitia eta Lapuebla de Labarkako udalek (EAJ zegoen agintean) esleitutako zenbait obra publikorengatik, De Miguelen sareak komisioak eskuratu zituela jaso zuten. Komisio horiek, ustez aholkularitza lanak egitearen truke jasotzen zituzten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!