“Gasa orain atera ez arren behin eta berriz etorriko da frackingaren tentazioa”

  • Frackanpadako hirugarren egunean hitz egin dugu Fracking Ez plataformako bozeramale Mikel Oterorekin. Tantaka-tantaka, jendea Subilla Gasteiz ondoko zelaietara hurbilduz joan da; hau idazteko unean 300 lagun inguru dabil haustura hidraulikoaren aurkako nazioarteko mobilizazioan, eta kopuruak gora egingo duela aurreikusten da. “Frackanpadaren bezperan zalantza sortu zitzaigun, ea gehiegizko muntaia egin ote genuen”, aitortu du Oterok, “orain berriz, etorritako guztiei behar bezalako arreta eman beharrak ematen digu beldur”.


2015eko uztailaren 15an - 18:10
"EAEko legearen onena da berau egiteko prozesuan asko indartu dela frackingaren aurkako mugimendua". (Arg.: Unai Brea).

EAEn frackinga eragozten duen legea onartzeak eragin desmobilizatzailea izango ote zen beldur izan zineten?

Galdera behin eta berriz entzuten ari da Frackanpadan. Kanpotik etorri diren taldeek diote Euskal Herrian indartsu ibili garela diote, askorentzat eredugarriak izan garela. Orain legea lortu dugu, eta zer gertatuko da? Hausnarketa sakona egin behar dugu, badakigulako beste leku batzuetan legea etorri denean jende askok pentsatu duela: “Dagoeneko lasaitu gaitezke”. Guk ez dugu borroka amaitutzat eman nahi, ez dugu ahaztu behar beste aldean lobby boteretsu bat dagoela, orain atzerapauso bat eman badu ere berriz etorriko dena.

Nor da lobby hori?

Kontuan hartu behar da, azken batean, frackinga beste urrats bat dela erregai fosiletan oinarritutako ereduaren barruan. Gero eta garbiago ikusiko da hori, konbentzionalak agortzen hasi diren honetan. Frackingaren aukera beti egongo da hor, gasa orain atera ez arren tentazio hori behin eta berriro bueltatuko da. Horri buelta ematen ez badiogu hor edukiko dugun Pandoraren kutxa bat izango da.

EAE legea positiboki baloratu duzue.  EAJk, aldiz, esan du babesa handiagoa izango zela eurek proposatutako bost urteko moratoria gehitu balitzaio onartutakoari.

Guk beti esan dugu herritarren ahotsa eraman nahi genuela Legebiltzarrera eta teknikoki ez geundela bereziki trebatuta. Hala ere kontsultak egin ditugu aditu batzuekin, eta esan digutena da kontrakoa dela: moratoriak segurtasun eza ematen diola legeari, arau orokorra izango litzatekeelako eta hain zuzen orokortasunean horretan oinarrituta etorri direlako Madrilgo Gobernuaren helegiteak eta Konstituzio Auzitegiak beste lege batzuk bertan behera utzi izanak.

Onartu dena ontzat ematen dugu, baina onena da, gure ustez, legearen prozesuak, sinadura bilketak, e.a.,  balio izan duela frackingaren aurkako mugimendua indartzeko. Jende asko saretu gaitu, eta herritarren babes izugarri horrek balio izan du  alderdi politikoek atzera egiteko; gaur egun ez dago frackingaren alde azaltzen den alderdirik.

Nafarroak eman zuen lege debekatzailea, estatuak  bertan behera utzi duena. EAEren bidea ispilu izan daiteke Nafarroan?

Frogatzen bada EAEko legeak benetan frackinga gelditzen duela, iruditzen zait eredugarria izan daitekeela Nafarroan berdin egiteko. Ahal dela, herri mugimenduak sustatutako behetik gorako prozesu baten bidez. Alderdikeriek kutsatuko ez duten prozesu bat, alegia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackanpada
2015-07-20 | Unai Brea
Frackanpada
Azoka ekologikoa eta balorazioa, Frackanpadari amaiera emateko

Amaitzear dago astebetez Subillako zelaiak aldarrikapenez, hitzaldiz eta eztabaidaz bete duen Frackanpada. Igande arratsaldean egingo den balorazio batzarraren zain, antolatzaileak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin. 300 bat lagun inguru izan dira bertan kanpatuta, eta... [+]


2015-07-20 | Unai Brea
Maria Olteanu, Errumaniako TESLA elkarteko presidentea
“Pungeștin naturari oso lotuta bizi dira; horrek indarra eman die frackingaren aurkako borrokan”

Tokian tokiko trantsizio energetiko jasangarriaren aldeko taldea, horixe esan nahi dute TESLA siglek. Maria Olteanu, elkarteko presidentea, Bukarestetik iritsi da Frackanpadara, Errumaniako hiriburutik 100 kilometrora dagoen Pungești herriko borrokaren berri ematera... [+]


2015-07-16 | Unai Brea
Rachel Thompson, Reclaim the Power
"Frackingaren aurkariok irrazionalak garela dioen propaganda ia inork ez du sinesten”

Rachel Thompson Manchester inguruan bizi da (Ingalaterra), frackingak mehatxatutako eremu batean. Astelehenean, Frackanpadaren hasiera ekitaldian, ekimenaren aurkezle lanak egin zituen Thompsonek. “Jakin badakigu borrokaren hurrengo zikloa aurrekoak baino zailagoa izango... [+]


2015-07-13 | Unai Brea
Subilla Gasteizeko herritarrei protagonismoa emanez hasi da Frackanpada

Ekitaldi xume batez abiatu da uztailaren 19ra arte Subillako zelaietan egingo den frackingaren aurkako kanpaldia. Hain zuzen ere, bertako herritarrek mobilizazioa antolatzeko eman dituzten erraztasunak eskertu ditu Fracking Ez plataformako bozeramale Mikel Oterok.


Eguneraketa berriak daude