Buren jarraitzen du zabortegi nuklearraren aurkako erresistentziak: berriro basoa okupatzen saiatu dira

  • Larunbatean, martxoak 3, Bure herrian (Meuse departamendua, Frantzian) 300 ekintzaile ahalegindu dira bertan gobernuak hondakin nuklearrentzako eraiki nahi duen biltegi erraldoiaren aurka kanpaleku berri bat eraikitzen. Ingurueak gau eta egun zaintzen dituen polizia talde oso handi batek eragotzi die. Hala ere, mugimendua zabaltzen ari da Frantziako estatuko beste herri eta eskualde askotara.


2018ko martxoaren 05an - 11:32
300 ekintzaile saiatu dira Bureko oihanera iristen, 500 poliziari aurre eginez. (Argazkia: La Croix)

Joan den otsailaren 22an poliziek –ARGIAn Maddi Txintxurretak ezagutarazi bezala– sakabanatu zituzten Lejuc oihana okupatzen zuten militanteak, Bure bera estu kontrolatuz hortik aurrerako egun guztietan. Joan den larunbatean zientoka ekintzailek aurre egin diete inguruetan manifestaziorik eta ezta bilerarik ere egiteko debekuei eta berriro saiatu dira basoan sartzen, bertan kokatzeko behatoki permanente bat. Ez dute lortu, lekuan ziren kazetarien kalkuluetan 500 ziren polizien presentzia itogarriagatik.

Bure herria otsailetik gaur eta egun harturik daukate poliziek. (Argazkia: @ZIRADies, Twitterrez)

Zabor nuklearrez okupatzen den ADRA agentzia publikoak Buren eraiki nahi du Cigeo Bury biltegi erraldoia, gehiena lurpean joango dena baina Lejuc basoan eduki behar lituzkeena kanporako tximiniak. Hortxe zentratu dute beren ekintza ekintzaile antinuklearrek. Energia atomikoan Europako potentzia nagusi den Frantziak arazo larri bat dauka hondakin erradioaktiboekin eta horien orain lurpeko sarkofago erraldoi batean utzi nahi ditu pilaturik, jakinda milaka urtez arriskutsuak izanen direla.

Ingurumen arloan Europak bizi dituen gatazken artean nagusietakoa bilakatu da  Burekoa. Paradoxikoki, Emmanuel Macron presidenteak Ingurumen ministro izendatu duen Nicolas Hulot ekologista famatuaren agintaritzapean. Jendarmeekiko talkari umore pittin bat ezarri nahian, ministroaren abizenarekin jolas eginez –hulotte frantsesez urubia da, mozoloa– manifestari askok aurpegiak estaltzen zituzten hontz itxurako maskarekin. Horien artean poliziek lau zauritu dituzte eta zortzi gehiago atxilotu.

Reporterre hedabidean kronika mamitsuaz gain argazki eta bideo adierazgarriak bildu ditu Herve Kempf zuzendariak berak:

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakin nuklearrak
2023-07-23 | Nicolas Goñi
Artikoan izotzen urtzeak zabor erradioaktiboak ere barreiatuko lituzke

Ekosistema artikoak bereziki hauskorrak dira, bertako tenperatura apalengatik izaki guzien hazkuntza mantsoa baita, eta nahasmendu baten ondotik berrosatzeko denbora luzea behar baita. Halere, ekosistema artikoak bihurtu dira XX. mendeko hainbat jarduera industrialen zabortegi,... [+]


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


2019-10-11 | Arabako Alea
Garoñako hondakin erradioaktiboen biltegiratzea 50 urtez luzatu daiteke

Garoñako zentral nuklearrean dauden 2.500 osagai nuklearrentzako denboraldiko biltegiak 49 edukiontzi izango ditu, aurreikusitakoak baino askoz gehiago. Eraispena 2032ra arte luzatuko da.


2019-08-30 | ARGIA
2021ean hasiko dira Garoñako zentral nuklearra eraisten, Espainiako Gobernuak dioenez

2012. urtetik geldi dago Garoñako zentral nuklearra eta 2021ean hasiko dira hura eraisten, Espainiako Gobernuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez informatu duenez.


Eguneraketa berriak daude