Papergabe guztien erregularizazioa, erretentzio zentroen ixtea eta etxebizitza guztiontzat exijitzen dabiltza martxaren antolatzaileak. Irailaren 19an abiatu ziren hainbat hiritatik eta urriaren 17 honetan helduko dira Parisera. Martxaren azken etapa debekatu berri die Parisko prefetak. Elkartasunez, mobilizazioak egingo dira Ipar Euskal Herrian ere.
"Presidente jauna, ibilki gaude. Frantziako lau haizetatik gatoz, berdintasunaren alde gabiltza bidean". Mezu hau Eliseora, hau da Frantziako presidentearen egoitzara arte eramateko asmoa zuten papergabeek, baina hori debekatu berri die Parisko prefetak. Argumentuen artean agertzen da "botere-gune batera" eramaten duen manifestaziorik ezin dela antolatu. "Probokazioak alde batera uztea", "negoziaziorako postura hartzea" eta "manifestazioa modu seguruan egiteko bermeak segurtatzea" eskatzen diote antolatzaileek Frantziako Gobernuari.
Irailaren 19az geroztik dabiltza bidean ehunka papergabe, hiru aldarri ozen plazaratzeko helburuz: papergabe guztien erregularizazioa, erretentzio zentroen ixtea eta etxebizitza guztiei segurtatzea.
Papergabeen 15 bat kolektibok eta beste 280 bat egiturek deiturik eta lau astez bidea eginik, bihar bukatuko dute protesta, guztiak Parisen batuz. Grenoble, Marseilla, Estrasburgo, Roazhon, Tolosa... Frantziako Estatuaren menpe diren hainbat hiritatik abiatu ziren irailaren 19an.
« Nous sommes tous des enfants d’immigrés », lancent les manifestants de la marche de la solidarité #Marseille @lamarsweb pic.twitter.com/EzgisjJB2e
— Amaury Baqué (@AmauryBaque) September 19, 2020
"Presidente jauna, ez dugu bidea hartu opari bat eskatzeko edota zure eskuzabaltasuna galdetzeko. Aspaldian dakigu baliabideena ez dela arazo bat zuretzat –oso argi gelditzen ari da banatzen zabiltzan miliarrekin–; ez, bidea hartu dugu berdintasuna exijitzeko". Zehaztapen hau irakurri daiteke, martxa abiatzerakoan Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zuzenduriko gutunean. Papergabeen eskubideen urraketek zein babes-eskubidea eskaturik dutenek pairatu prekaritateak "jendartea gangrenatzen" eta "arrazakeria elikatzen" dutela oroitarazten diote.
Maiatzaren 30ean eta ekainaren 20an jada, milaka herritar atera ziren kalera, papergabe guztien erregularizazioa eskatzeko Frantziako administrazioari. Maiatzaren 30eko manifestazioak ere debekatu zituen prefetak. Hala eta guztiz ere, kalera atera ziren eta hamarnaka zituen poliziak atxilotu.
Borrokan tinko, papergabeen martxa hau jarri zuten mobilizaziorako urrats berri gisa. Martxaren antolatzaileek deitoratu dutenez, Macronek ez die oraindik hitzordurik proposatu, ez eta erantzunik bideratu.
Martxaren bukaera kari elkartasuna erakutsiko diete Baiona zein Hendaiatik. Etorkinekin kolektiboak jarri du hitzordua Baionako Roland Barthes zelai-gunean urriaren 17 honetako 16:00tan.
Goizeko 11:00tan berriz, elkarretaratzea eginen dute Hendaiako erretentzio zentroaren aitzinean. Etorkinekin kolektiboaz gain, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Irungo Harrera Sarea eta SOS Arrazakeriak ere luzatu dute bertaratzeko deia.
Immigrazioari buruzko datuak plazaratu zituen iraila bukaeran Cimade elkarteak, begirada Hendaiako erretentzio zentroan jarriz: 2019ko urtarrilaren lehenetik, atxikitze epea luzatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak, 45 egunetik 90 egunera. 90 eguneko epea gaindituta, Frantziako Administrazioa behartua da pertsona askatzera; baina Frantziako Poliziak berriz kontrolatzen badu, berriz sar dezakete atxikitze zentrora. Europa mailan, atxikitze zentroetara gehien bideratzen duen estatua da Frantzia.
2019an 355 migratzaile pasatu ziren Hendaiako atxikitze zentrotik. Pandemiak egoera gogortu die bertan diren migratzaileei eta nahiz zifrarik ez ukan, "2020a urte zaila" dela argi du Cimade elkarteak.
Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]
Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.
Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.
Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.
Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.