Familien %36k euskaradun ereduak nahi dituzte Iruñeko haur eskoletan, udalaren inkestaren arabera

  • Egun haurren %36 ari dira euskarazko ereduan. Navarra Sumak iragarritako aldaketekin, ordea, euskarazko plazen eskaintza %14ra jaitsiko litzateke. Oposizioak hilabeteak zeramatzan inkestaren emaitzak eskatzen, eta Maia alkateak alarma egoeraren erdian plazaratu ditu.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko apirilaren 26an - 13:06
Argazkia: Euskalerria Irratia.

Martxoaren 6an, Iruñeko Udalbatzak Hezkuntza, Kultura eta Herritarren Parte Hartze zinegotzi Fernando Sesma erreprobatu zuen, EH Bildu, Geroa Bai eta PSNren botoekin. Hiru taldeok haserre azaldu ziren Sesmarekin, ez zizkielako argitzen haur eskoletako hizkuntza ereduen inguruko inkestaren emaitzak. Navarra Sumak datuok orain ezagutaraztea erabaki du, alarma egoeraren erdian, eta Enrique Maia alkateak koronabirusa pairatu ondoren lanean hasi eta berehala.

Zenbait hedabidek diote inkestaren arabera familien %22k nahi dutela euskarazko eredua. Haatik, hori ez da egia osoa. Galdekatutako familiek egungo hiru ereduen artean hautatu beharko balute, %66k eginen lukete gaztelania eta ingelesaren alde; %22k euskararen alde; eta %7k gaztelaniaren alde. Baina esan gabe doa hautu horietan distortsio handia eragiten duela egungo ereduetan badagoela ingelesa eta gaztelania uztartzerik; ez, ordea, ingelesa eta euskara.

Eredu aukera zabalduz gero, erantzunak bestelakoak dira: sendien %55ek gaztelania eta ingelesa nahi dute; %13k, euskara soilik; %10ak, euskara eta ingelesa; %8k, gaztelania eta euskara; %5ek ingelesa, euskara eta gaztelania; %6k gaztelania soilik; %2k beste aukera batzuk; eta %1ek ez du adierazi zein hizkuntza eredu nahiko lukeen. Gauzak horrela, inkestaren arabera, euskara duten ereduak nahi dituzten familiak %36 dira. Ñabardura adierazgarri bat: inkestan euskararik gabeko gaztelania eta ingelesdun ereduaren alde gehien egiten dutenak haurrak jada haur eskola pribatu batean dituzten sendiak dira: %77.

Egun, hain zuzen ere haur eskoletako familien %36k daramate haurra euskarazko eredura; %36k gaztelania eta ingelesa uztartzen dituenera; eta %28k gaztelania hutsezko eredura. Halaber, egun, Iruñeko 10 udal haur eskolek 941 haur dauzkate. 301 daude itxaron zerrendan. Horien %28 euskarazko eredurako, eta %72 gainontzekoetarako.

Haatik, Navarra Sumak haur eskoletan iragarri dituen aldaketak gauzatuko balira, euskara duten ereduen eskaintza %14ra jaitsiko litzateke. 2016-2017 ikasturtean, aurreko udal aginte taldeak euskarazko eredua ezarri zuen Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan. Eta, hartara, euskarazko haur eskolak hamarretik bi izatetik hamarretik lau izatera igaro ziren. Epaileek erabaki horren aurka ebatzi dute, Nafarroako Gobernuaren onespena ez zutelakoan. Eta ebazpen horri helduta, Maiak iragarri du aldaketotan atzera eginen duela, bi ikasturte barru euskarazko haur eskolak hamarretik bat eta erdi izan daitezen. Udalbatza, alta, kontra dauka.

Mercatec enpresak urtarrilaren 29tik otsailaren 12ra egin zuen inkesta. 1.000 galdeketa egin zituen, 0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten familien artean. Erroldaren arabera, Iruñean adin horretako 6.464 haur daude 0 eta 3 urte artekoak, 5.531 familiatan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Iruñean
Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


2022-05-09 | Leire Artola Arin
Salatu dute Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaria udalak dioena baino %15 handiagoa dela

Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria... [+]


2022-03-25 | ARGIA
Iruñeko Korrika Txikia espaloietatik egin beharko dute, Udalaren aginduz

Hiriko errepideak “oztopatuko” lituzkeela argudiatuz Korrika iragartzen duen haurren Korrika txikiari trabak jarri dizkio Iruñeko Udalak, haurrei, musikariei eta erraldoiei errepidetik ibiltzea ukatuz.


2022-03-01 | ARGIA
Iruñeko Euskalgintza
"Euskarazko haur-eskolak auzo guztietara ez zabaltzea, aukera berdintasuna ez bermatzea da"

Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori... [+]


“Fardelkada” Iruñean haur eskoletan euskarazko murgiltze ereduaren alde

Haur Eskolak Euskaraz plataformak deituta, herritar talde batek protesta egin zuen otsailaren 2an Nafarroako Legebiltzarraren aurrean, Iruñeko Udalak hiriaren haur eskoletan euskararekin duen jarrera baztertzailea salatzeko.


Eguneraketa berriak daude