"Ez zaituztegu Tijuanan nahi"

  • Xenofobia nagusi da Tijuanan, Mexiko eta AEBen arteko mugan. 5.000 migratzaile inguru daude hirian, ez aurrera eta ez atzera, eta haien kontra manifestatu dira Tijuanako herritarrak.


2018ko azaroaren 21an - 16:22
Argazkia: Reuters

Joan den larunbatean, azaroaren 19an, iritsi ziren azken migratzaileak Tijuanara, Mexiko eta AEB banatzen dituen mugara. Bost mila lagun inguru daudela jakinarazi dute, urrian abiatu ziren hamabi milatatik. Batzarra egitekoak ziren igandean, geroaz erabakitzeko. Momentuz hor daude, ez aurrera eta ez atzera, harresiaren atzetik begira, eta tijuanarrak kexu dira.

Juan Manuel Gastélum, Tijuanako alkatea, ez zen busti lehen migratzaileak etorri zirenean; laguntza eskainiko zitzaiela esan zuen. Aldiz, gehiago etorri zirenean ez zituen ongi hartu, “hiriak ez du gaitasunik 7.000 pertsona hartzeko” adierazi zuen. Behar beste azpiegitura ez zutela esan zuen, baina udalak proposatu zuen migratzaileak hiriaren periferian kokatzea, Unidad Deportiva Benito Juarez kiroldegian eta Murua gunean. Migratzaileek ez zuten onartu, “ikusgarritasuna galduko” zutela esanez. Egun, hiriaren erdiguneko plazetan eta arkupeetan egoten dira. Hauetako asko asiloa eskatzeko prozesuan daude. “Kolapsatu” egin dela jakinarazi zuen Mexikoko gobernuak, bikoiztu egin baitira eskaeren kopurua.

“Migratzaileen karabanaren kaosaren aurkako mugimenduaren” izenean, 500 herritar inguru manifestatu dira asteburuan. Talde xenofobo horrek badu bere ospea Mexikon: astebetean 5.000 atsegite baino gehiago eskuratu ditu Facebooken. Manifestazioa larunbatean egin zuten, hiriaren erdigunean, migratzaile gehienak dauden lekuetatik pasatuz. “Mexiko mexikarrentzat” eta “marak kanpora” bezalakoak ohiukatu zituzten, migratzaileak Ertamerikako gaizkile-taldeekin lotuz. Hala ere, esan zuten ez daudela progresistak diren migratzaileen aurka, “legea betetzea” besterik ez dutela eskatzen. Asko “kriminalak” baitira hauen ustez.

Tentsio uneak ere izan ziren. Poliziak esku hartu zuen manifestariak migratzaileekin topatu ziren bakoitzero. 34 hondurastar eta salvadortar atxilotu zituzten polizia mexikarrek, eta Gastélum alkateak adierazi duenez, Konstituzioaren 33. artikulua beteko dute. Hots, deportatuak izango dira.

Trump eta bere mugak

Tijuanakoaz gain, muga guztiak kontrolatuta izan nahi ditu Donald Trump AEBetako presidenteak. Ekialdean –Tijuana mendebaldean dago– Rio Grande ibaiak ezartzen du muga, eta bertan alanbrezko hesia eraikitzen ari dira estatubatuarrak. Ehun lagun inguru bideratu zituen lan horretara Trumpek astelehenean, eta harro azaldu da emaitzarekin, sare sozialetan publikatu duenez.

AEBetara igarotzen direnek –migratzaileak izan ala ez– ezingo dute asiloa eskatu lehen 90 egunetan, hori agindu zuen Trumpek urrian. Horren harira izan dira eztabaidak. Azkena John Tigar San Franciscoko epailearekin, zeinak presidentearen aginduari kasurik ez egin eta asilo eskaerak onartu dituen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migratzaileen karabana
2021-08-11 | Euskal Irratiak
Malen Garmendia: "Politika migratorioak hiltzaileak eta oso arrazistak dira"

Malen Garmendiak bi urte daramatza Greziako Lesboseko migranteen errefuxiatu gunean lanean , ZAPOREAK gobernuz kanpoko elkartearekin.


2021-01-18 | ARGIA
Honduraseko milaka migratzaile indarrez blokatu dituzte AEBetara bidean beste behin

Iragan astean 9.000 migratzailez osatutako karabana irten zen Hondurasetik AEBetara heldu nahian. Guatemalako poliziak indarrez egin du haien aurka igandean, eta 2.000 pertsona inguru blokatuta daude.


Migratzaileen Karabanako 2.000 pertsonaren aurka oldartu da Mexikoko Polizia

Gas negar-eragilea erabili dute Migratzaileen Karabanaren aurka Guatemalatik Mexikora igaro nahi zutenean. Migratzaileek Tecun Uman hirira (Guatemala) itzuli behar izan dute, atxilotu ez ditzaten.


Eguneraketa berriak daude