AEBetara igarotzear da Migratzaileen Karabana

  • Lehen 800 migratzaileak iritsi dira Tijuanako hondartzetara, eta hesiaren aurrean dira jada. Datozen ordu eta egunetan iritsiko dira gainontzekoak. Trumpek segurtasun indarrak areagotu ditu, eta muga abendura arte itxi du.


2018ko azaroaren 15an - 16:58
Argazkia: Noticierostcs.com

Urtero-urtero, miloi erdi inguru migratzailek erabakitzen dute Mexikotik AEBetarako muga zeharkatzea. Amets baten bila joan baino, amesgaiztotik ihesean. Euren herrialdeetako egunerokotik ihes egiteko irtenbidea dira Ameriketako Estatu Batuak.

Ez da lehen aldia horrelako martxa bat antolatzen dena. Martxoan beste karabana batek –orduan gutxiago ziren, 1.000 inguru baino ez– zeharkatu zuen Mexikoko herrialdea, eta iaz ere izan zen antzekorik. Hilabete batean lortu zuten mugan dagoen Tijuana herrialdera iristea, baina karabana honek zenbaitetan autobusa erabili zuen, oraingoek ez bezala.

Oraingo honetan abiatu diren hiru karabanek Mexikoko lurretan jarraitzen dute, muga pasa nahian. Lehen karabana urriaren 13an abiatu zen, bigarrena 17an eta hirugarrena 23an; hirurak Hondurastik. El Salvadorretik berriz, beste karabana bat jarri zen martxan, gizonezkoek soilik osatutakoa. 

Lehen karabanan 12.000 lagun inguru abiatu ziren San Pedro Sulatik (Honduras). Lau talde handitan banatuta irten ziren:  bi talde gehienbat hondurastarrez osatua, eta beste bi salbadortarrez. Lehen taldea zen jendetsuena 7.000 inguru migratzaileekin, eta Mexikora igaro –urriaren 19an sartu ziren– eta astebetera 2.000 herritar batu zitzaien. Egunean batez beste 40 kilometro egiten dituztela jaso du Chispa.tv –k, atseden egunak tartekatuz. Autobus zerbitzua ezartzeko eskatu zitzaion Mexikoko Gobernuari, baina entzungorrarenak egin zituen. Aldiz, 500 salbadortar ingururi asiloa onartu zitzaien.

Mexiko Hirian, asanblada handia

Mexiko Hirira azaroaren 3an iritsi ziren. Han ordurako sakabanatuta zegoen multzoa berriz elkartu zen, eta astebeteko atsedenaldiaren ondoren, pasa den larunbatean bi taldetan banatuta ekin zioten geratzen zen zatiari. 9.000 lagun inguruk jarraitzen zuten bidean.  

Hirugarren karabana azaroaren 14an sartu zen Mexiko Hirian. Azkenak irten arren erritmo handian doaz, gainontzekoak baino gutxiago baitira –3.000 inguru–.

Bidean hilabete pasa ondoren iritsi ziren lehenak Guadalajarara, hots, ia bidaiaren ekuatorera. 2.230 kilometro eginak zituzten dagoeneko, eta BERRIA egunkariak jaso zuenez, taldea ez zen 5.000 lagunera iristen, bidean zehar emandako sakabanaketaren ondorioz. Nekea zen nagusi Guadalajaran; kilometroen zama handia zeramaten soinean, bide bazterretan lo eginez eta ongi deskantsatu gabe. Ondorioz, asko eta asko gaixorik edo erdi-gaixorik zeuden, eta beste zenbait hil egin ziren. 

Trumpen erantzuna

Uneoro jakitun zen Donald Trump karabanaren kokalekuaz. Migratzaileak bidaiaren erdira iristear zirela 5.000 militar baino gehiago mugara bidaltzeko agindu zuen, eta bertan ziren beste 2.000 pasatxori –apirilean zihoan karabana iristear zela-eta bidali zituenak– gehitu zitzaien.  AEBetan asiloa eskatzeko baldintzak ere gogortu ditu presidenteak, eta hala, migratzaileei “onartuak” izateko aukerak murriztuko zaizkie. Hala salatu du Mexikoko Gobernuak, AEBetako legeak baitio asilo eskaera unibertsala dela. Dena den, migratzaileei ez die sarbidea ukatu; “guztia behar bezala” izatea eskatu du. Militarren aurrean ez oldartzeko ere agindu du, haiei harriak botaz gero tiro egingo dutela mehatxatuz.

Azaroaren 6an hauteskunde legegileak egin ziren Ameriketako Estatu Batuetan, Ordezkarien Ganbera eta Senatua berritzeko. Hauteskunde horien atarian, Migratzaileen Karabanaz mintzatu zen Trump. Milaka “bortxatzaile eta delitugileren inbasio ahalegina” bertan behera geratuko dela adierazi zuen, mugan militarrak “zain” izango baitituzte.

Hala ere, ez da lehen aldia AEBetako presidente batek Mexikoko mugara militarrak bidaltzen dituena. 2006an George Bushek 6.000 inguru bidali zituen, eta Obamak 1.200. Trumpek, baina, Iraken Estatu Islamikoaren aurka borrokatzeko dituen militarrak bezainbeste bidali ditu oraingoan.

 

 

 

Argazkia: Alberto Pradilla

 

 

 

 

 

 

Mexiko Hirian / Argazkia: Alberto Pradilla

 

 

 

 

 

 

Guadalajarara iritsi berritan / Argazkia: Alberto Pradilla

 

 

 

 

 

 

Mugan dira jada. / Argazkia: @CNN

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migratzaileen karabana
2021-08-11 | Euskal Irratiak
Malen Garmendia: "Politika migratorioak hiltzaileak eta oso arrazistak dira"

Malen Garmendiak bi urte daramatza Greziako Lesboseko migranteen errefuxiatu gunean lanean , ZAPOREAK gobernuz kanpoko elkartearekin.


2021-01-18 | ARGIA
Honduraseko milaka migratzaile indarrez blokatu dituzte AEBetara bidean beste behin

Iragan astean 9.000 migratzailez osatutako karabana irten zen Hondurasetik AEBetara heldu nahian. Guatemalako poliziak indarrez egin du haien aurka igandean, eta 2.000 pertsona inguru blokatuta daude.


Migratzaileen Karabanako 2.000 pertsonaren aurka oldartu da Mexikoko Polizia

Gas negar-eragilea erabili dute Migratzaileen Karabanaren aurka Guatemalatik Mexikora igaro nahi zutenean. Migratzaileek Tecun Uman hirira (Guatemala) itzuli behar izan dute, atxilotu ez ditzaten.


Eguneraketa berriak daude