Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak

  • Gorriz markatu eta gogoratzeko data da 2015eko uztailaren 2a Zumarragan. Lehen aldiz emakumeek dantzatu dute Antioko ezpata-dantzan. Festa eta dantza berezia da Zumarragakoa. Antioko baseliza eta ingurune ederra, erritual aberatsa, eta eliza barruan eta kanpoaldean, herritarrak gain-gainean daudela, begi eta kamera guztiak dantza eder, zail eta gogorra dotoreziaz dantzatzen duten ezpata-dantzariei begira daudela, une magikoak gertatzen dira uztailaren 2an.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko uztailaren 03an - 13:09
Zumarragako ezpata-dantza, Antion, 2015-07-02. (Arg.: Josu Garate / dantzan.eus CC BY-SA)

Urtero herritar asko biltzen bada ezpata-dantzaz gozatzera, aurten jendetza erakarri du ezpata-dantzan iragarri zen aldaketak. Irrintzi dantza taldeko dantzariek erabaki zuten neskek ere dantzatuko zutela mutilekin batera ezpata-dantzan eta ohiko emozioak gainezka egin dute Antioko erritualean.

Hamabi dantzari, milaka bihotz

Oihane Vicente, Eneko Galdos, Josune Martin, Mikel Aranburu, Nekane Martin, Ines Aztiria, Amaia Plazaola, Ane Egia, Asier Villalain, Mikel Idiakez, Mikel Urteaga eta Josu Otaegi izan dira dantzariak. Aitor Zabaleta, Maria Jesus Arratibel, Maitane Elgarresta, Maialen Mujika, Maialen Zubizarreta, Mikel Gonzalez, Lierni Goia, Gorka Janeiro eta Oier Zabaleta txistulariak. 
 
Haien atzean, alboan, inguruan.... Irrintzi dantza taldeko gainontzeko dantzariak, aurreko belaunaldietan dantzari aritu izan diren ehunka zumarragatar eta urretxuar, eta beraien herri, festa, tradizio eta identitatearen ordezkari ezpatak eskuak dantzatzen duten ezpata-dantzariak dituzten gainontzeko herritarrak. 
 
Baseliza barruan, ezpata-dantza ikustea ez da erraza izaten, eta elizaren estalpeak kontentziora bultzatzen ditu ikusleak. Lehen emakume ezpata-dantzariaren jardunaren ondoren txalo egiteko keinutxo bat antzeman da, baina eutsi egin zaio eta emozioak askatzea kanpoko emanaldirako utzi dute herritarrek. Hamar apaiz, herriko alkate eta zinegotziak, Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari politiko nagusiak bertan izan arren, protagonistak dantzariak, ez neska, ez mutil, ezpata-dantzariak izan dira Zumarragan.
 
Hautsi da anfora
Meza luzea egin ohi badute Santa Isabel egunean, inoiz baino luzeago gertatu zaie aurtengoan kanpoaldean ezpata-dantza ikusteko zain zeudenei. Ordu-betetik gora egin dute gehienek ikusteko toki ona izateko. 12:30ak hurbildu direnean gainezka zegoen Antioko baseliza aurrean ezartzen den oholtzaren ingurune osoa. Halako batean hasi da ezpata-dantza eta hautsi da anfora. Askatu dira emozioak. Izugarriak ezpata-dantzariei bakarkako lanean eskaini zaizkien txalo zaparradak, biba eta animo oihuak, dantzariak izenez aupatuz.
 
Aurreskuan jarraitu du festak, eta emakumeak berezkoa eta merezia zuen tokia hartzeak eragin duen hunkidura komunitarioak gain hartu du Mikel Aranburu atzeskuari ama plazaratu diotenean agurra dantza ziezaion. Azken urteetan dantzari izandako hainbat atera dituzte sokara, orain gertatutako aldaketaz aurreko belaunaldiak partaide bihurtuz, eta aro berriaren poztasuna belaunaldi guztiekin konpartituz. Jantzien egokitzapena egin duten Ikerfolk elkarteko Ane Albisu diseinatzailea eta jantzi tradizionaletan aditua dena, eta praka berriak josi dituen jostuna ere atera dituzte sokara. 
 
Gu dantzariak gara
Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak. Urtean zehar entsegutan, emanaldietan, taldeko ohiko dinamikan egindako lana eta ekarpenak aintzat hartuta, Irrintziko taldekideek eurek hautatzen dituzte Antioko ezpata-dantzan parte hartzeko ohorea izango duten hamabi dantzariak. Mutilen artean hautatzen ziren orain arte. Dantzarien artean hautatu dituzte aurten eta halaxe izango da aurrerantzean. 
 
Oharra: lizentzia libreei esker dantzan.eus webgunetik ekarritako albistea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


Eguneraketa berriak daude